Katalunia

Anna Gabriel Suitzan geldituko da, eta ez da agertuko Gorenaren aurrera

CUPeko parlamentari ohiak Suitzako Le Temps egunkariari adierazi dio Espainiako Estatuan ez duela epai justurik izango.

Anna Gabriel, CUPeko parlamentari ohia, alderdiaren ekitaldi batean. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 20a
15:42
Entzun

Anna Gabrielek iragarri du ez diola erantzungo Auzitegi Gorenaren deiari, eta bihar ez dela aurkeztuko auzitegiaren aurrean. Suitzan gelditzea erabaki du, Espainiako Estatuan epaiketa "justua" izateko aukerarik ez duela argudiatuta. Hala, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak hartu duen bide bera hartu du Gabrielek. "Nire herrialdean epaiketa justurik izango ez dudanez, nire eskubideak errespetatuko dituen herrialde bat bilatu dut", azaldu du.

Joan den larunbatean jakin zen Gabriel Suitzan zela. Orduan, CUPeko kideak adierazi zuen defentsa estrategia prestatzen ari zela Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu subiranistaren aurka abian duen auzirako. Sedizioa, matxinada eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzen dizkio Espainiako Justiziak.

Suitzako egunkariak egin dion elkarrizketan, Gabrielek salatu du ekintzaile "basati" gisa aurkezten dutela Guardia Zibilaren txostenek. Nabarmendu du herritarrei desobeditzera dei egin izana leporatzen diola Gorenak, eta erreferenduma era baketsuan babestu duela beti. "Kataluniako auzia era baketsuan konpondu behar da, baina agintari espainiarrek errepresioaren bidez isilarazi nahi dute independentismoa".

Atzo, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak eta Marta Pascal PDECateko koordinatzaile nagusiak deklaratu zuten Gorenean. Biek ala biek adierazi zuten "sinbolikoa" izan zela urriaren 27ko independentzia deklarazioa, eta garai politiko baten "amaiera" finkatzen zuela.

Joan den astean, Mireia Boya CUPeko parlamentari ohiak deklaratu zuen Gorenean, eta, Pascalek eta Rovirak ez bezala, ziurtatu zuen "eraginkortasun erreala" lortzea zela independentzia aldarrikapenaren helburua. Boyari eginiko elkarrizketa argitaratu du gaur BERRIAk. Bertan adierazi duenez, auzipetuei estrategia politiko koordinatu baterako gutxienekoak adostea falta izan zaie.

Gaurko, Artur Mas Kataluniako presidente ohia eta Neus Lloveras AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien elkarteko presidente ohia deituta daude Auzitegi Gorenean deklaratzera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.