Etxea alokatzeko modu bat da antikresia, Bolivian bakarrik erabiltzen dena: kontratu baten bitartez, higiezin baten jabeak edukitza ematen dio beste norbaiti, antikresidunari, diru truke; diru hori berme modukoa da, eta itzuli beharrekoa kontratua bukatutakoan. Nolanahi ere, orain arriskuan dago alokairu mota hori, merkatuaren egoeraren, krisi ekonomiko amaigabearen eta inflazio handiaren ondorioz.
Etxea alokatzeko bitarteko moduan, ia ez da inon erabiltzen Boliviatik kanpo. Han, berriz, urteak dira erabiltzen dutela, eta aurrezteko modu bat da askorentzat. Boliviako Kode Zibilaren 1435. artikuluaren arabera, kontratu horrek ezin iraun dezake bost urte baino gehiago, eta antikresiduna etxe horretan bizi daiteke, edo helburu ekonomikoz ustiatu. Dena dela, bertan bizitzeko erabili ohi da normalean. «Sistema ez da oso egokia gazteentzat, haietako ia inork ere hasieran ez baitu izaten horretara jotzeko adina diru», azaldu du La Pazen jaiotako musika ekoizle batek, Enrique Clarosek. «Badago etxea eros dezakeen bat edo beste, baina antikresi alokairua aukera ona da diru pixar bat eduki bai baina erosteko adina ez daukatenentzat; tarteko zerbait da».
Jeneralean, kontratuak notarioaren aurrean egiten dira, eskubide errealen erregistroan jasotzen, eta, hala, zerga bat pagatzen da. Beste batzuetan, kontratu pribatuak izaten dira, eta, hartara, ez dute komisiorik ordaindu behar: «Halakoek badute arrisku bat: dirua ez itzultzea», zehaztu du Clarosek. Antikresiaren eskubide erreala berme bat da, eta modua ematen dio hartzekodunari higiezin baten —edo erregistratzeko moduko ondasun higigarri baten— etekinak jaso eta, hartara, bere kreditua kobratzeko. Zuzenbide erromatarrean ere bazegoen antikresia, eta terminoa antikresis hitz grekotik dator: anti, aldera, eta kresis, erabilera; hots, erabileraren aldera. Erdi Aroan eta Aro Modernoan, galarazita egon zen mailegu interesdunak ematea, eta, ondorioz, antikresia asko zabaldu zen.
Oraingo aldaerak
Gaur egun, hauxe da gehien erabiltzen den aldaera: etxe agentzia bat bitartekari dela, kontratu bat sinatzen da urtebeterako, eta beste urtebete luza daiteke, aldeek hala nahi izanez gero. «Nik, esaterako, kontratu misto bat sinatu dut», argitu du Clarosek. «Mailegu kontratuen antzekoa da, etxe agentzia baten bitartez egina, eskubide errealak pagatu behar ez dituena. Hau da, arazoren bat baldin badago, babesa emango didan legea ez da izango antikresiari buruzkoa, baizik eta diru maileguei buruzkoa».
«Antikresi alokairua aukera ona da diru pixar bat eduki bai baina erosteko adina ez daukatenentzat; tarteko zerbait da»
ENRIQUE CLAROSÂ Musika ekoizlea
Aurreikusitako epea betetakoan, antikresidunak etxea itzuli behar dio jabeari, eta jabeak, berriz, kontratua egitean jasotako diru kopuru bera itzuli behar dio antikresidunari. Normalean, dolarretan zehazten dira kopuruak kontratuetan, eta, hain zuzen, orain horrexegatik da zailagoa kontratuak bukatutzat ematea. Clarosek, esaterako, lau urte daramatza antikresian; haren gurasoek, hiru urte; arrebak, berriz, besteek baino gehixeago: «Arreba beste etxe batera aldatu da orain, eta, sistema berarekin segitu badu ere, kontratua bukatu zaio, eta arazoak ditu dolar falta dela kausa».
Boliviako ekonomia krisialdian dago: nabarmena da AEBetako dibisa falta, eta inflazio handia gero eta handiagoa da. Horren guztiaren ondorioz, gero eta zailagoa da kontratuen edukia hitzartzea eta esandako moduan bukatzea: «Orain, norbaitek bere dirua dolarretan berreskuratu nahi badu, eta jabeak halaxe itzuli nahi badu ere, ia ezinezkoa da. Orduan, ba, negoziatu beharra dago, eta argitu zer truke tasa erabiliko den, merkatu ofizialekoa edo bestea, ofizialekoa merkeagoa izaten baita beti».
Zailtasunak zailtasun, jende askok erabiltzen du orain ere antikresia —batez ere erdiko klasekoek—, etxea izateko bidea ematen baitie, edo etxea erabiltzeko eskubidea, hilero errentarik ordaindu gabe, eta zergak jasotzeko bidea da estatuarentzat. 2019ko datuen arabera, Bolivian herritarren %70 etxe baten jabe dira, %16 alokairuan bizi dira, eta %14, berriz, antikresian.
Nolabait mantendu ala gora egin
Askotan, etxea erosteko lehenbiziko pausoa da antikresia, baina bizileku hobea lortzeko ere balio du, baldin eta kontratua bukatzen denerako dirua aurreztu bada eta, beraz, beste zerbait hitzartzeko aukera badago.
Testigantza askoren arabera, familia batzuek behin baino gehiagotan jotzen dute antikresira beren bizialdian, eta moldatuz joaten dira garaian garaiko egoeraren arabera: esaterako, familian kideak ugaritzen badira, edo seme-alaben ikasketetarako dirua behar bada, edo seme-alabak azkenean beren kasa bizitzen jartzen badira, eta modua baldin badute etxea erosteko "maileguaren" itzulketari esker.
Transitar por la clase media paceña (La Pazko erdiko klasean barrena) liburuan, Sergio Ramirez soziologoak honela azaldu du: «Antikresia pauso seguru samar bat da aurrena aurreztu eta gero etxea erosteko, normalean bankuaren mailegua hartuta». Ramirezen arabera, «zenbat eta bizkorrago jo alokairutik antikresira, eta zenbat eta bizkorrago erosi etxe propioa, orduan eta eraginkorragoa da gizartean gora egiteko bidea».
Clarosentzat, oraingoz, nolabait mantentzeko modu bat da antikresia, bere egoera pertsonalean eta krisiaren erdian mantendu ere, eta ez gizartean gora egiteko tresna: «Niri dagokidanez, kontratua berritu genuenerako krisialdia hasita zegoenez, erabaki genuen parte bat dolarretan izatea, eta bestea bolivianotan. Eta orain jabeak horrela itzuli beharko dit. Antikresian segitzeko asmoa dut, ez baitaukat soldata finkorik, eta, hala, seguru baitakit ez dudala hilero-hilero diru kopuru jakin bat behar alokairua ordaintzeko».