Gazako genozidioa dela eta, antisemita izatearen akusazioak asko ugaritu dira Mendebaldeko herrialdeetan. Valentina Pisanty (Milan, Italia, 1969) Semiotikako irakaslea da Bergamoko Unibertsitatean, eta Antisemita izenburuko liburua argitaratu zuen iaz; Comanegra argitaletxeak katalanera itzuli du aurten. Liburuan, egileak xehe aztertu du nola Israelgo Gobernuak antisemitismoaren kontzeptu klasikoa eraldatzea sustatu duen bere aurkarien kontra politikoki ekiteko.
Zer-nolako bilakaera izan du antisemita hitzaren esanahiak?
Kontzeptu berri samarra da, 1870 inguruan agertu baitzen lehenbizikoz. Hasieran, Alemaniako Liga Antisemitaz hitz egiteko erabiltzen zen: erakunde horrek antisemitatzat zeukan bere burua, eta juduen emantzipazioaren aurka zegoen. Hurrengo hamarkadetan, hitza errotu egin zen, eta juduen inguruko zenbait estereotipo zahar jaso zituen —konspiratzaileak direla, faltsuak direla, azeriak direla diru kontuei dagokienez...—. Duela gutxi arte, terminoaren bilakaera nahiko normala izan da, hitzaren erabilera sozialaren emaitza. Gerora, baina, gauzak aldatu egin dira.
Noiz sortu zen zuk antisemitismoaren definizio berria deiturikoa, eta zer mekanismoren bidez?
2000ko hamarkadan, Israelgo Gobernu eskuindarra eta antisemitismoaren aurkako eta gobernuaren agenda politikoaren aldeko zenbait erakunde —Difamazioaren Aurkako Liga, esaterako— ohartu ziren zer-nolako indar estrategikoa duen hitz horrek. Ikusi zuten ezen, oso konnotazio negatiboa duenez, antisemita izateaz akusatutako edonor debate publikotik kanpo geratzen zela. Antisemitekin, arrazistekin bezalaxe, ez da eztabaidatzen. Hala, hitz hori erabili nahi izan zuten Israelgo politiken aurka ageriki eta gordin hitz egiten zutenei zilegitasuna kentzeko. Horretarako, antisemitismoaren kontzeptuaren definizio ofiziala aldatzea sustatu zuten, baina goitik bultzatutako aldaketa bat izan zen, ez espontaneoa.
Eta zertan datza definizio berria?
Funtsean, antisemitismo eta antisionismo kontzeptuak parekatu dituzte, eta sionismoa Netanyahuren gobernuko jardun politikoarekin lotu dute. Baina bi gauza desberdin dira: antisemitismoa arrazismo mota bat da, eta antisionismoa, berriz, jarrera politiko bat.
Kontzeptu baten esanahia aldatzea ez da erraza izango. Nolakoa izan zen prozesua?
Hasieran ez zen tresna juridiko edo politiko bat, zientifikoa baizik, zenbait erakundek termino hori erabili baitzuten erretorika antisemita XXI. mendean nola eraldatu zen aztertzeko eta hari buruzko datuak jasotzeko. Eta ulergarria da hori, bazitekeelako norbaitek Israeli kritika egitean garai bateko estereotipo antisemitak gogora ekartzea eta hebrearren konspirazioa ahotan hartzea, adibidez. Lehen aipatu ditudan erakundeek kanpaina sutsua egin zuten, eta, hala, 2016an definizio berria modu ofizialean onartu zuten Holokaustoa Gogoratzeko Nazioarteko Aliantzaren kongresu batean.
«Antisemitismoa arrazismo mota bat da, eta antisionismoa, berriz, jarrera politiko bat»
Definizio berriak jokabide jakin batzuk zehaztu ditu?
Definizio berriak definizio orokor bat jaso du, baita 11 jokabide ere, ustez antisemitismoaren adierazpenak direnak. Haietatik zazpik zerikusia dute Israelgo Estatuari buruzko iritziekin, eta gutxienez lau oso problematikoak dira. Izan ere, lau diskurtso horiek ohikoak dira Israel gogor kritikatzen dutenen artean, baina ez dute oinarri antisemitarik.
Gerora, definizio horri balio juridikoa eman zioten...
Hala da, bai. Mendebaldeko gobernu gehienek bat egin dute definizio horrekin, eta beren legedian, alderdi politikoen barne arauetan, unibertsitateetan eta beste esparru batzuetan txertatu dituzte. Labur esanda, antisemitismoaz bidegabeki akusatutakoei zilegitasuna kentzeko eta, are, haiek beren postuetatik botatzeko erabili izan dute kontzeptua.
Adibidez, definizio hori oinarri harturik, Jeremy Corbyn kargutik kendu zuten Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buru zela, eta zenbait kultura egitasmo debekatu izan dituzte Alemanian. Eta hori guztia ez da konspirazio moduko baten emaitza izan: begi bistan aritu dira.
Zure ustez, definizio horrek arriskuan jartzen ditu demokrazia eta oinarrizko askatasunak?
Eztabaida publikoaren perimetroa murrizten du, eta, beraz, oztopo bihurtzen da Israelek Gazan egindakoei buruzko ideia politikoak aske adierazteko, nahiz eta oso gai eztabaidagarria izan. Debatea manipulatu dute, Palestinaren aldeko parteak ezin baitu bere iritzia adierazi besteek kriminalizatua izan gabe.
Definizio berria sustatzen lagundu duten eragileen artean, Mendebaldeko eskuin muturra aipatu beharra dago. Zergatik jokatzen dute horrela?
Fabore truke bat egon delako Mendebaldeko eskuin muturren eta Netanyahuren gobernuaren artean. Palestinan abiarazitako politikak baldintzarik gabe babesteko eskatu die Israelek alderdi horiei. Trukean, alderdi ultrak salbu daude antisemitismoarekin edota arrazismoarekin lotutako edozein akusazioz. Ulertezina da, ordea, beste ideologia batzuetako alderdiek zergatik bat egin duten definizio horrekin eta dakarren guztiarekin, kalte egiten baitio gure demokraziaren kalitateari.
«Debatea manipulatu dute, Palestinaren aldeko parteak ezin baitu bere iritzia adierazi besteek kriminalizatua izan gabe»
Orain, Israelek Mendebaldean dituen lagun batzuek diote antisemitismoa ezkerreko fenomeno bat dela batez ere. Egia al da hori?
Ez, irrigarrikeria hutsa iruditzen zait. Aipatutako erakundeek antisemitismoa eta antisionismoa lotu dituztenez beren txostenetan, ez digute biderik ematen benetako antisemitismoa zertan den jakiteko. Eta pena da, azkenaldian antisemitismoak gora egin baitu, nire ustez. Edonola ere, itxura osoa du antisemitismo klasikoaren adierazpenak eskuineko batzuek egiten dituztela gehienbat. Soros mitoa horren adibide argia da, hau da, George Sorosi egiten zaizkion konspirazio akusazioak.
Zure aburuz, antisemitismoa definitzeko borroka galduta dago?
Ez, borroka oraindik ez da bukatu. Europako gobernuen jarrera gorabehera ―eta zer esanik ez AEBena―, oinarri-oinarrian, jende asko ez dago ados, inondik inora. Komunitate hebrear batzuetan ere, jende ugari dago erakunde judu formalek hartutako jarreraren aurka.