Winnie Madikizela Mandela

Apartheidaren aurkako ikur bat itzali da

Afrikako Kongresu Nazionaleko kide izandakoa 81 urterekin hil da gaixotasun luze baten ondorioz.

Madikizela, 2009ko argazki batean. JOHN HRUSA, EFE
2018ko apirilaren 2a
07:15
Entzun

Mandela abizenak egin zuen ezagun nazioartean. Baina aberrian, Hegoafrikan, ez zuen haren beharrik. Bere bidea egin zuen bai apartheidaren aurkako borrokan eta baita politikagintzan ere. Ordea, berak bere burua bi abizenekin aurkezten zuen, Winnie Madikizela Mandela, beste Mandela harekin izan zuen harremanaren oroigarri.

Madikizela 1936an jaio zen Cape Townen. Urte luzez aritu zen lanean gizarte zerbitzuetan, eta ondo ezagutzen zituen orduan indarrean zen apartheid sistemaren ondorioak. 1850eko hamarkadan ezagutu zuen Nelson Mandela, gerora Hegoafrikako lehen presidente beltza izango zena, eta 1958an ezkondu ziren. Ordurako ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko ikur nagusietako bat zen Mandela, eta haren borrokarekin bat egin zuen Madikizelak ere.

Ordea, Mandela espetxean sartu zutenean 63an, haren lekukoa hartu zuen eta apartheidaren aurkako ekintzaile sutsuenetariko batean bilakatu zen. Ondorioz, bera ere preso sartu zuten hainbatetan. Tarte horietan bakartuta izan zuten hainbat hilabetez, eta torturak ere salatu zituen.

1980ko hamarkadan apartheidaren aurkako borroka gogortu egin zen, eta indarkeria bultzatzea egotzi zioten Madikizelari ere, tartean baita adingabe baten heriotza ere. Hark, ordea, ukatu egin izan du beti halakorik, eta azkenean hilketagatik ezarritako espetxe zigorra isun bat ordaintzera murriztu zioten.

1994an Nelson Mandela kartzelatik irten eta bi urtera banandu egin zen bikotea. Ordurako Madikizela ikur garrantzitsua zen bai giza eskubideen aldeko borrokan eta baita politikagintzan ere. Horren froga urte luzez izan dela ANCko diputatu eta baita gobernuko kide ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.