Alderatzea

Apiriletik azarora: bi deialdi, lau aldaketa

Zer aldatu den, eta zer ez, apirilaren 28ko bozen eta azaroaren 10ekoen artean.

Gabriel Rufian ERCkoa, hauteskunde gaueko ekitaldian. TONI ALBIR, EFE
Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 10a
10:14
Entzun

1. PSOEren hordagoa, ustel

Apustu arriskutsua egin zuen Pedro Sanchezek, bere gobernuaren etorkizun politikoa hauteskundeen errepikapenaren kartara jokatuz. Apustuak, baina, ez dizkio eman espero zituen fruituak. Apirileko bozetan, 123 eserleku erdietsi zituen, eta 7,5 milioi botopaper (%28,67). Ordutik, babesa galdu du. Sei milioi botoren ingurumarian gelditu da, eta hiru diputatu gutxiago: 120. Operazioak, beraz, zaildu eginen dio gobernabidea PSOEri, eta partida irteera laukira bueltatu da, atzera ere. Hordago ustela.

2. Eskuin espainiazalea, indartuta

Apirilean bezala, gaur ere PSOEk bildu du boto gehien, baina badago alderik. Gaurko hauteskunde gauak bi irabazle argi utzi ditu; biak ala biak, eskuin espainiazalearen sektorekoak: PP eta Vox.

Alde batetik, Pablo Casadoren PPk asko hobetu ditu apirileko emaitzak. Orduan, 66 diputatu erdietsi zituen, 4.373.653 botorekin (%16,69). Oraingo honetan, berriz, 22 eserleku gehiago lortu ditu (88), botoen %20 gaindituta. Goraldi horren atzean dagoen faktore nagusietako bat da Ciudadanosen hondoratzea: 57 diputatu eta 4,1 milioi boto lortu zituen apirilean. Sei hilabete eskasetan, jasotako botoen hiru laurden galdu ditu: 1,4 milioi botorekin, 10 diputatu izanen ditu. Eskuin espainolistaren lidergoa PPrekin lehiatu ondotik, irrelebantzia politikoaren amildegira.

Ciudadanosek galdutakoa, baina, Voxek jaso du. Eskuin muturreko alderdiak gora egin du nabarmen. Apirileko hauteskundeetan, 2.688.092 botopaper eta 24 eserleku lortu zituen; gaur, Espainiako hirugarren indar politiko bihurtu da, 52 diputatu eta 3,4 milioi botorekin [botoen %15].

3. Podemos: behera, ‘ma non troppo’

Podemos-en gainbehera latza iragarria zuten inkestek. Erorikoa, baina, ez da politologo batzuek zioten bezain gogorra izan. Apirilean, laugarren indarra izan zen 43 eserlekurekin eta ia lau milioi botorekin —Guanyem, Mareas, Compromis eta beste zenbait zerrenda batuta—. Aurrerantzean, 36 diputatu izanen dituzte. Podemos-ko diputatu izandako Iñigo Errejonen Mas Pais alderdi berria, aldiz, aurreikuspenetatik urrun gelditu da: 15 eserleku espero zituzten, eta 2 lortu ditu.

4. Independentismoa, indartsuago

Espainiako hainbat analistak iragarria zuten Kataluniako "sufle independentista" gainbeheran zetorrela, eta Auzitegi Gorenaren epaiaren osteko erreakzioek kalte egin zietela alderdi independentistei. Kale egin zuten: apirileko emaitzekin alderatuta, ERCk bi diputatu galdu ditu (15etik 13ra, orduan baino 200.000 boto gutxiagorekin), baina galera hori beste bi alderdik profitatu dute: JxCk eserleku bat irabaziko du (7 lortu zituen apirilean, 8 izanen ditu orain) eta horrez gain, CUP sartuko da Espainiako Kongresuan, 2 eledunekin. Hortaz, ordezkari independentista bat gehiago izanen dute Kataluniako alderdiek Madrilen.

Hego Euskal Herrian, bi izan dira berritasun nagusiak, apirileko emaitzekin alderatuta. Nafarroan, apirilean ihes egin zion diputatu akta lortu du Bel Pozuetak, PSNren bigarren diputatuaren kaltetan. Aurreko bozetan, boto kopuru handia jaso zuen koalizio independentistak: 46.765. Oraingoan, marka hobetu dute, 56.000 botopaperetara iritsita. Bizkaian, berriz, EAJk handitu egin du bere nagusitasuna, eta ordezkari bat gehiago izanen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.