Aral itsasoaren lehortzea XX. mendeko ingurumen hondamendirik handienetako bat da. Hala ere, azken ikerketek erakutsi dute krisi hidrologiko horrek, gizakiak eragindakoa denak, herrialde jakin batzuen mugak gainditzen dituela eta eragin globala duela. Blanesko Ikasketa Aurreratuen Zentroko eta Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileek gidatutako proiektu bati esker, lortu dute Aral itsasoko lehorrak isurtzen duen karbono dioxidoaren kantitatea neurtzea, eta emaitza kezkagarria izan da. Proiektuaren kide Rafael Marce biologoak azpimarratu duenez, irtenbidea ez da basamortuan landareak landatzea, «urari bere bidea» itzultzea baizik. Urak lur eremu lehorrak hartzea «krisi ekologikoa gelditzeko gakoa» izan daiteke. Science aldizkarian kaleratu dute ikerketa.
Asia erdialdean dago Aral itsasoa, eta ez da lehortzen hasi eta txikitu klima larrialdiaren edo muturreko lehortze meteorologiko baten ondorioz, gizakiak berak sortutako krisi hidrologiko baten eraginez baizik. XX. mendearen erdialdean, batez ere Iosiv Stalinen garaitik aurrera, Sobietar Batasunak nekazaritzaren industrializazio plan handiak abiatu zituen Erdialdeko Asian. Helburu estrategikoa kotoia ekoiztea zen, baina horrek ur kantitate handia behar du ekoiztua izateko, eta, horretarako, Aral itsasora iristen ziren bi ibai nagusien —Amu Daria eta Sir Daria— urak desbideratu zituzten ureztatze kanal zabaletara. Iturria eten eta ura lurrundu ahala, barne itsaso zabal hura pixkanaka desagertzen hasi zen. «Ura sartzen ez bada eta lurruntzen jarraitzen badu, mailak behera egiten du; ez da zientzia konplikatua», argitu du Marcek, telefonoz. Dena den, lehortze prozesu horrek sedimentuetan zegoen materia organikoa isurtzeari bide eman zion.
Mediterraneoko ibai eta urtegi lehorretan karbono dioxidoaren isurketak aztertzen aitzindariak dira Blanesko ikertzaile taldeko kideak. Halako inguruneetan lan egin ostean, munduko eremu lehor handienera jotzea erabaki zuten. Autobus batean hartu zuten erabakia. Bilbora joateko hegazkin bat hartu behar zuen Marcek, eta aireportura bidean, autobusean, egunkari batean irakurri zuen Boliviako Popoo aintzira lehortu zela. Orduan konturatu zen Marce haiek hitz egindako «gauza bera» zela, baina «neurri handiago» batean; hau da, lehortutako eremuak berriz urez bete behar zirela karbono dioxidoaren isuriak gelditzeko. Beraz, ideia bururatu eta hamar urtera iritsi ziren Kazakhstanera, ikerketa teknikak probatu eta bidaiaren finantzaketa lortu ostean. Han, bertako zientzialari baten laguntza eduki zuten.
Hipotesia frogatzeko ordua
Hipotesia sinplea zela azaldu du Marcek: itsasoa «lehortu ahala», urpean gelditutako «karbono organikoa desintegratzen» hasten da mikroorganismoen eraginez. Duela 60 urte lehortutako kanpoko eremuetan «karbono gutxi» geratzen zen jada; duela bost urte lehortutako eremu zentraletan, berriz, «materia organiko handia» zegoen oraindik. Lurraldean barrena egindako azterketak «denboran atzera» egiteko balio izan zuen, eta datuek hipotesia erabat berretsi zutela adierazi du ikerlariak: «Espainiak, Frantziak eta Belgikak adina karbono dioxidoa isurtzen du Aral itsasoko eremu lehorrak». Ordea, ikerketaren asmo nagusia ez da «lehengo kaltea neurtzea» soilik, «etorkizuneko emisioak prebenitzea» baizik. Oraindik sedimentuetan dauden 600 milioi tona karbono dioxido isurtzea eragotz daiteke, betiere eremu horiek «berriro urez betetzen» badira, gehitu du Marcek.
Horretarako finantzaketa lortzeko, ikertzaileek proposatu dute karbono merkatuko kredituak erabiltzea. Karbono kredituak atmosferako karbono dioxido tona bat murriztu edo eragotzi duela egiaztatzen duen unitatea da. Enpresek, herrialdeek edo norbanakoek unitate horiek erosi ahal dituzte beren isurketak konpentsatzeko. Sobietar Batasunak bere garaian eginiko kanal azpiegitura zaharren ondorioz, Asia erdialdeko nekazaritza sistemek ura berritzeko duten eraginkortasuna oso apala da: %10 ingurukoa kasu askotan. Baina, ureztatze teknologia modernizatuz gero, aurrezten den ura Aral itsasora bueltatuko litzateke, eta, hala, sedimentuko karbonoa atmosferara isurtzea eragotzi. Marceren esanetan, lortutako karbono kredituak merkatu librean saldu ahalko lirateke, nekazaritza azpiegituren inbertsio erraldoiak —18.000 milioi dolar ingurukoak ere izan daitezke— parte batean finantzatzeko. Nahiz eta karbono merkatuek kritika handiak jaso dituzten, Marcek argi utzi du motibazio nagusia etikoa dela: «Aral itsasoa leheneratu behar da agindu humanitario, moral eta ekologiko batengatik». Beraz, egungo tresna ekonomikoen bitartez, nekazaritza eremu horietako zenbait arazo arindu litezke: hala bertako komunitateen osasun krisia, arnas aparatuko gaitzak eta minbizi kasuak gutxituz, nola arazo ekonomikoak, arrantzaren merkatua berreskuratuz.
Zientzialariak kontatu du proiektuaren erronkarik handiena ez dela zientifikoa, geopolitikoa baizik. Aral itsasoko arroa sei herrialderen artean banatuta dago: Kazakhstan, Uzbekistan, Kirgizistan, Turkmenistan, Tajikistan eta Afganistan. Uraren kudeaketa muga artean «konplexua da oso». Kazakhstanek Iparraldeko Aral lehengoratzeko presak eraiki ditu, eta, azken urteetan, Aral itsasoa zenaren parte txiki bat berreskuratu du; Uzbekistango nekazaritza ekonomiak kotoiaren menpekotasun handia du oraindik, eta ez du ekarpenik egin itsasoa lehengoratzeko proiektuan. Herrialde guztiak ados jartzea gakoa izango litzateke proiektuak aurrerapausoak egiten hasteko, eta herrialdeen arteko uraren lehia amaitzeko.
«Desertua berdatzeko» saioak egin dira; esaterako, landareak gatzezko lurretan landatu dituzte. Baina, Marceren esanetan, saio horiek ez dira eraginkorrak karbonoaren isurketa eragozte aldera. Soluzio bakarra ura bere tokira bueltatzea da. Azken helburua nazioarteko erakundeekin —Munduko Bankuarekin edo Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearekin (IPCC)— «elkarrizketa politiko eta tekniko sendoa sortzea da», zientziak eskainitako datuak ekintza bihur daitezen.