Buruzagi palestinarrari azken agurra eman nahi dioten milaka lagun Ramalan bildu dira.Hainbestekoa izan da jendearen emana, eze segurtasun neurri eta hesi guztiak gainditu eta Mukatara, ehortziko duten lekura, sartzea lortu baitute milaka lagunek. Ondorioz, Arafaten gorpua Egiptotik eraman duen helikopteroak arazoak izan ditu lur hartzeko, eta lortu duen arren, hilotza helikopterotik ateratzeko arazoak izan dituzte gero.
Arazoak arazo, Arafaten hil kutxa hilobiraino eramatea lortu dute, jendearen bultzakaden artean. Lur eman diote, gero.
Estatu hiletak Kairon
Ramalara abiatu aurretik, Kairon egin dituzte Arafaten hiletak. Aurrena ekitaldi erlijiosoa izan da Al Maza base militarreko Al Galaa meskitan. Laburra izan da ospakizun hori, bost bat minutu ingurukoa, eta ateak itxita egin dute.
Ondoren, estatuburuei egin ohi zaizkien pareko agur militarra egin diote. Nazioarteko 50 bat estatutako ordezkariek parte hartu dute, Hosni Mubarak Egiptoko presidentea buru zela. Herrialde arabiarrek eta Afrikako hainbatek estatuburuak igorri dituzte; esaterako, Hego Afrikatik Thabo Mbekin presidentea joan da. Europako herrialde gehienek, berriz, maila apalagoko ordezkaritza bidali dute. Adibidez, Erresuma Batuak Jack Straw Atzerri ministroa izan du ordezkari. AEBek, ostera, William Burns Estatu idazkaritzako laguntzailea igorri dute.
Espero zen bezala, Israelek ez du ordezkaritzarik bidali. Yosef Lapid Israelgo Justizia ministroak atzo esan zuen eurek ezin zutela bidali ordezkaritzarik beren "milaka herritar hil dituen" inoren hiletara.
Jasser Arafat hil da