Katalunia

Aragones: amnistia, «abiapuntu»; erreferenduma, «helmuga»

Kataluniako presidenteak Espainiako Senatuan babestu du Generalitateak gatazka politikoa gainditzeko egin duen proposamena. Eskoziako galdeketa eredugarritzat jo du

Pere Aragones Kataluniako presidentea, gaur, Espainiako Senatuan egin duen hitzaldian. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urriaren 19a
18:31
Entzun

Pere Aragones Kataluniako presidenteak amnistia eta erreferenduma aldarrikatu ditu, gaur, Espainiako Senatuan, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoa gainditzeko konponbide gisa. Generalitateko buruak ohartarazi du amnistiak «abiapuntu bat» izan behar duela Kataluniaren estatus politikoari buruzko erreferendum bat adosteko. «Kataluniak erreferendum batean bozkatuko du, konbentzituta nago». Hamar minutuko hitzaldiaren ondotik, Senatua utzi du, ondorengoen diskurtsoak entzun gabe.

Aragones behe ganberaren Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorrera gonbidatu dute, gainerako presidente autonomikoekin batera, PPk Senatuan duen gehiengoak bilkurara deituta. Hala, 2017ko urrian, Espainiako Gobernuaren eskariz Kataluniako autonomia eten zuen erakundean mintzatu da. Baina, Aragonesez gain, PPkoak izan dira batzordera joan diren presidente autonomiko bakarrak. Sozialistek uko egin diote, eta PSOEk PPri egotzi dio Senatua alderdi interesetarako erabiltzea. Beraz, ez da han izan Nafarroako lehendakari Maria Txibite. Ez da agertu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako burua ere.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea karguan berritzeko negoziazioen testuinguruan, Kataluniako prozesu independentistari begirako amnistia lege bat exijitu dute Esquerra Republicana (ERC) eta Junts per Catalunya (JxC) alderdi independentistek, eta Aragonesek gaur berretsi du «ezinbestekoa» dela gatazka auzitegietatik ateratzeko eta politikara bideratzeko, «independentismoaren aurkako auzi orokorra amaitzeko». Gaineratu du lehen urrats bat izan behar duela «helmuga» batera iristeko: «Herritarrek independentziari buruz bozkatzea».

Generalitateko buruak Eskoziako eredua proposatu du eredu gisa —Edinburgok Londresekin hitzartu zuen 2014an independentzia erreferendum bat egitea—. «Adostasunez egin nahi dugu, denen parte hartzearekin. Aukera guztiak gauzagarriak izan behar dira herritarren gehiengoaren babesa baldin badute».

Katalunia «nazio ireki bat» dela nabarmendu du Aragonesek; «ez besteak baino hobea ala okerragoa», baina bere etorkizuna «aukera guztien artean» erabaki nahi duena, «bakean eta askatasunean».

«Lau boto harrapatzeko»

PSOEk kritikatu bezala, Aragonesek ere PPri egotzi dio Senatua interes propioetarako erabiltzea. Generalitateko presidenteak azaldu duenez, «kontziente» da behe ganberaren atzoko «saioaren helburua Katalunia erabiltzea dela, bataila alderdikoietarako eta antikatalanismoa hauspotzeko». Horren bidez, PPkoek «lau boto harrapatzeko» erabili nahi dute gatazka, Aragonesen ustez. «PPri ez zaio Katalunia axola. Inportako balitzaio, entzun egingo lioke, eta zer pentsatzen duen jakin nahiko luke». Generalitateko presidenteak PPkoei egotzi die Kataluniarentzako proiekturik ez izatea.

Amnistia batek «espainiarren arteko berdintasuna» apurtuko lukeela ziurtatu duten diskurtsoen aurrean, Aragonesek erantzun du PPkoak ez zirela «eskandalizatu» Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak «6.000 indultu eman zituenean», nahiz eta horiek «ustelkeriagatik eta estatu terrorismoagatik kondenatutakoentzat» ziren. Gogorarazi du 1977ko amnistia legeak diktaduraren krimenak ikertzea galarazten duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.