Kataluniako alderdi independentistek oraindik ez dute adostu autodeterminazioa gauzatzeko bide orririk, eta indar horien arteko desadostasunak agerian geldituko dira, beste behin, gaur eta bihar Kataluniako Parlamentuan egingo den politika orokorreko eztabaidan. Prozesu independentistari segida emateko, zein norabidetan egin aurrera? Galdera horrentzako erantzun desberdinak dituzte ERCk, Juntsek eta CUPek. Azken biek gobernua gidatzen duen ERCrekiko kritikak indartu zituzten joan den ostiralean, Italiako Poliziak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratua atxilotu zuenean Sardiniako Alghero hiriko aireportuan, Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontra igorritako euroagindu bati jarraituz.
Pere Aragonesek, baina, ERCren apustua berretsi du osoko bilkuraren lehen hitzaldian. «Egun daukagun indar harremanarekin, estrategia irabazle bakarra dago independentzia lortzeko: Espainiako Estatua negoziatzera behartzea, eta gehiago eta indartsuago izateko lan egitea». Aragonesek nabarmendu du Kataluniak ezinbestean behar duela nazioarteko komunitatearen aitortza estatu independente bilakatzeko, eta ulertzera eman du nazioartetik badela nolabaiteko eragin bat Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko negoziazioen alde. «Hain justu, nazioarteko komunitateak ere bultzatu gaitu negoziazio prozesu honetara».
Juntsek eta CUPek mahai horrekiko mesfidantza agertu dute publikoki hasieratik, eta konfiantza eskasia hori are handiagoa da Italiako Poliziak Espainiako justiziaren eskariz Puigdemont atxilotu ostean. Bi alderdi horien iritziz, Espainiako Gobernuak «ez du gatazka politikoa gainditzeko borondaterik», eta hala frogatzen du Puigdemonten kontrako «jazarpen judizialak».
Hori dela eta, CUPi beharrezkoa iruditzen zaio Generalitateak autodeterminazio eskubidea gauzatzeko B plan bat zehaztea. CUPek bere proposamena aurkeztuko du politika orokorreko eztabaidan: Legealdi honetan autodeterminazio erreferendum bat antolatzea. Parlamentuak antikapitalisten ebazpen proposamena bozkatuko du eztabaidaren amaieran.
Aragonesen esanetan, baina, independentismoak ezin ditu elkarrizketarako espazioak baztertu. Espainiarekin martxan den negoziazio mahaia «aukera historikoa» da, eta hura «aprobetxatu» behar dute. Generalitateko buruari «normala» iruditzen zaio politikari independentistak Madrilekiko «eszeptiko» agertzea. Are gehiago, independentismoa «eszeptiko izatera behartuta» dago, baina, aldi berean, negoziaziorako saiakeran «ahalegin guztia» egitera «derrigortuta».
Negoziazio mahaian bi gobernuen arteko akordio bat lortuko ez balitz ere, independentismoa indartuta atera daitekeela uste du Aragonesek. «Estatuak negoziaziorako aukera baliatuko ez balu, agerian utz dezake, prozesuari kanpotik eta barrutik begira ari direnen begietara, ez duela irtenbide politiko baterako proposamen bat egiteko egiazko borondaterik».
Oraindik orain, Espainiako Gobernuak Kataluniako gatazka gainditzeko proposamenik ez duela aurkeztu nabarmendu du presidenteak.
Negoziazioa «izugarri konplexua» izango dela ohartarazi du, bestalde. «Badakigu zein izango den estatuko gobernuaren tentazioa. Prozesu independentista lozorrora eramatea, zatiketa bilatzea eta ahalik eta kontzesiorik txikienak egitea». Horri aurre egiteko, mugimendu independentistaren «erabakimena» eta «batasuna» galdegin ditu, «helburu ahalik eta handienak lortzeko».
Ez zen batasunik izan negoziazio mahaiaren azken bileran. Mahaia irailaren 15ean berreskuratu zuten Kataluniako eta Espainiako gobernuek, baina Generalitatearen aldetik ERCko ordezkariek soilik hartu zuten parte, gobernuan haren koaliziokide den Juntseko kiderik gabe. Aragonesek ez zuen Juntsen ordezkaritza proposamena onartu, Jordi Puignero presidente ordea salbu, izendatutako kideak ez zirelako gobernuaren parte. Erabakiak berriro ere gaiztotu zituen ERCren eta Juntsen arteko harremanak.
Puigdemonten atxiloketak are gehiago urrundu zituen bi indarren diskurtsoak. Elsa Artadi Juntseko bozeramaileak azalpenak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari, eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea jo zuen Puigdemonten atxiloketaren «arduradun». ERCk ez dio Espainiako Gobernuari leporatu Kataluniako presidente ohiaren atxiloketa, baina neurriak hartzera deitu du «errepresioaren konplize» ez izateko. Hala, justizian eta Polizian erreformak egiteko eta amnistia lege bat onartzeko eskatu dio Marta Vilalta ERCko eledunak.
Aragonesek ere hizpide izan du Puigdemonten atxiloketa. Presidentearen hitzetan, halako gertaerek «ez diote batere laguntzen konponbide prozesuari». Ez dio atxiloketaren ardura gobernuari egotzi, baina dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu dio. «Espainiako Gobernuak errepresioa amaitzen laguntzen ez badu, askoz ere zailagoa izango da hitz egitea».