Aragonesek ukatu egin du CDRen buruzagia zela, eta gezurra esatea egotzi die Espainiako zerbitzu sekretuei

Espainiako Gobernuak Kataluniako Generalitateko presidentearen espioitzari buruzko dokumentuak bidali dizkio afera ikertzen ari den epaileari. CNIk uste zuen hura zela errepublikaren defentsarako batzordeen «koordinatzailea».

PERE ARAGONES
Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea, atzo, Kataluniako Parlamentuan. TONI ALBIR / EFE
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 26a
12:50
Entzun

Espainiako Gobernuak Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea zelatatzeari buruzko dokumentazio guztia afera ikertzen ari den epaileari bidali eta biharamunean, Aragonesek gezurra esatea leporatu die CNI Espainiako zerbitzu sekretuei, eta haren kasua Katalunia operazioaren «bigarren zatitzat» jo du —Mariano Rajoyren gobernuak alderdi independentisten aurkako legez kanpoko ikerketak agindu zituen harena— . «Segurtasun nazionalaren parte bat, hain zuzen, halako hutsegiteak egiten dituen eta gezurren bidez oinarrizko eskubideen urraketak justifikatzen dituen inteligentzia zerbitzu baten esku badago, ni kezkatu egingo nintzateke», adierazi du Aragonesek, modu ironikoan, gaur emandako prentsaurrekoan. CDR errepublikaren defentsarako batzordeen buruzagia zela ere gezurtatu du.

Epailearen esku dauden dokumentu desklasifikatu horien arabera, CDRen «koordinatzailea» zelakoan eskatu zion CNIk Espainiako Auzitegi Gorenari Kataluniako politikari independentista hori ikertzeko baimena. «Aragonesek zuzendu ditu CDRen ekintzak», argudiatu zuen eskarian. Zehazki, Espainiako zerbitzu sekretuek susmoa zuten Kataluniako Generalitateko presidentea CDRen ekintzak zuzentzen ari zela hura presidenteorde zen garaian (2018-2021), bere rol instituzionaletik kanpo eta «klandestinitatetik»; bigarren arrazoi horrengatik eskatu zioten Gorenari Aragones zelatatzeko baimena, eta ez Kataluniako gobernuburuordea zelako.

Gorenak 2019ko uztailean eman zion CNIri garai hartan Kataluniako Generalitateko presidenteorde zena zelatatzeko baimena, Pegasus aplikazioa erabiliz; gerora, hiru hilabeteko bina luzapen eman zituen, 2019ko urrian eta 2020ko urtarrilean. Dokumentazio horietako edukiaren arabera, Espainiako zerbitzu sekretuek uste zuten Aragonesek bere sakelakoa erabiltzen zuela agintzeko nolakoak izan behar ziren CDRen protesta ekintzak; hori argudiatzeko, CNIk, besteak beste, esan zuen Aragonesek «ez lasaitzera» deitu zuela elkarrizketa batean.

«Segurtasun nazionalaren parte bat, hain zuzen, halako hutsegiteak egiten dituen eta gezurren bidez oinarrizko eskubideen urraketak justifikatzen dituen inteligentzia zerbitzu baten esku badago, ni kezkatu egingo nintzateke».

PERE ARAGONESKataluniako Generalitateko presidentea

Hori ikusirik, Kataluniako Generalitateko presidenteak esan du «barregarria» iruditzen zaiola Espainiako zerbitzu sekretuen tesia, eta adierazi du Kataluniako errealitate politikoari buruz «gutxiengo ezagutza duen orok» ikus dezakeela ideia horrek ez duela «inolako oinarririk».

Are, Espainiako Gobernuak epaileari eman dion dokumentazio sorta «osatu gabe» eta «zentsuratuta» egotea deitoratu du Aragonesek, «orri osoak beltzez zikinduak» dituelako, edukia «ez ikusteko». Kataluniako Generalitateko presidenteak parte bat irakurri ahal izan du, eta, informazio horretaz, esan du «errealitatetik kanpo» dagoela. Hori aintzat hartuta, Aragonesek uste du CNIk gezurra esan ziola Gorenari.

Gobernuaren informazioa

Berez, espioitza kasu hori ikertzen ari den epaileak Pegasus programaren erosketari eta erabilerari buruzko CNIren informazio guztia eskatu zion Espainiako Gobernuari, baina Madrilek Auzitegi Gorenak emandako baimenei buruzko hiru dokumentu baino ez dizkio eman. Argudiatu duenez, «segurtasun nazionala arriskuan» ez jartzeko. Edonola ere, Efe albiste agentziaren arabera, epaile hori aztertzen ari da gainontzeko informazioa erreklamatzea.

Paz Esteban Espainiako zerbitzu sekretuen buruzagi izandakoak (2020-2022) Kongresuan aitortu zuen hogei bat politikari independentista zelatatu zituztela Gorenaren baimena lortu ostean, baina, alderdi subiranistek salaturiko 65 kasuez, esan zuen ez zuela zerikusirik izan. Estebanek gaur deklaratuko du Aragonesen espioitza ikertzen ari den epailearen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.