Ikerketa kazetaritza egiten du Antton Rougetek, Mediapart hedabidean (Uztaritze, Lapurdi, 1990). Eskuin muturraren inguruan lan egiten du, besteak beste, eta, hilabeteotan, RN Batasun Nazionalak egindako iruzur finantzarioei buruzko hainbat dosier ikertu ditu. RNk irudi publikoa leundu nahi duen arren, alderdiak argi utzi du lotura faktualak dituela eskuin muturreko talderik bortitzenekin. GUD Connection izena eman diote, erraterako, GUD talde faxista bortitzaren inguruan muntatu diren eta diruz eta aholkuz RN laguntzen duten enpresen multzoari. Rougetek argi du: kontrakoa erakutsi nahi duen arren, Marine Le Pen eta haren alderdiaren ideologia ez dira «zentimetro bakar bat ere» mugitu. Aramburu aferari begira, segurtatu du GUDeko militante gisa Le Priol eta Bouvierrek lotura zuzenak zituztela RN alderdiko kideekin. Astelehenean hasi zen haien epaiketa, Parisko auzitegian, Federico Martin Aramburu errugbilari ohia hiltzea leporatuta.
RNren inguruan dabiltzan eta GUDekin lotura duten enpresen multzoa da GUD Connection. Zer da zehazki?
GUD taldearen inguruko sare bat da. GUD Frantziako eskuin muturreko talde bortitz handienetako bat da. Bereziki aktibo izan ziren 1990eko hamarkadan; garai hartan Frederic Chatillon zuten buru, Frantziako mugimendu neonaziko liderra. Marine Le Penen gaztaroko laguna da, eta haren ibilbide politikoa lagundu du hamarkadetan. Bada, konturatu gara Fronte Nazional osoaren azpiegiturak GUDen galaxian ibiltzen diren enpresen bidez funtzionatu duela etengabe, besteak beste Chatillonen enpresekin. GUD Connectioneko kideek enpresa anitz kontrolatzen dituzte, izen desberdinekin, baina gibelean beti ber pertsonak dira, nahiz eta Le Penek horiekiko harremanak eten dituela erran.
Zer harreman du gaur egun RNk GUD Connectionekin?
Marine Le Penek, 2010eko hamarkadaren hasieran alderdiaren buruzagitza hartu zuenetik, jendaurrean erran izan du GUDen gisako talde ultra bortitzekiko loturak hautsi dituela; hala dio jende aitzinean behintzat. Baina guk behin eta berriz frogatu dugu harreman politikoak eta ekonomikoak dituela oraindik ere GUD Connection sarearekin, Chatillonen bidez, eta beste pertsona batzuen bidez ere bai. Funtsean, bi planotan jokatzen du. Irudi publikoan eta hedabideetan, distantzia hartu duela erraten du; gaur egun, GUD Connectioneko kideak, adibidez, ez dira agertzen RNren ekitaldi publikoetan. Aldiz, alderdiaren zerbitzu hornitzaileak ikertzen ditugunean —Frantziako hauteskundeetan eta Europako Parlamentuan—, beti izen berberak agertzen zaizkigu. Are gehiago, erranen nuke haiek direla egitura martxan atxikitzen dutenak. Baina Le Penek, hedabide gehienen eta aurkari politikoen alferkeriaz baliaturik, erraten du ez duela zerikusirik haiekin.
Baina zuek frogatu duzue badirela lotura argiak...
Bai, eta, are gehiago, azken hauteskunde kanpainetan ere ikusi dugu hor zirela. Egiaztatu ahal izan genuen 2024ko Frantziako Asanblearako bozen kanpainan ere GUD Connectioneko enpresak Le Penentzat lanean ari zirela. Uztailaren 5ean, Europako Parlamentuko txosten bat azaleratu genuen, Jordan Bardellak zuzentzen duen taldearen 2024-2025eko aldiko hornitzaileei buruzkoa; berriz ere ageri dira GUD Connectioneko enpresak: diru publiko anitz jasotzen dute zenbait zerbitzu egiteagatik. Horrek erakusten du ezen, jendaurrean erraten dutenaren, ikerketa judizialen eta famari begira hartzen dituzten arriskuen gainetik, Le Pen eta Jordan Bardella ez direla gai pertsona horiekin lan egiteari uzteko. Beharrezkoak dituzte, eta, azken finean, familia politiko bereko parte dira. Enetzat, horrek argiki frogatzen du Le Pen ez dela zentimetro bakar bat ere aldendu duela 15 edo 20 urte defendatzen zuen ideologiatik eta proiektu politikotik. Bere irudia leundu du, baina harreman hurbila atxiki du militante neonaziekin.
Preseski, Le Priol eta Bouvier ezagunak zenituzten Mediapart-en, GUDekin eta RNrekin duten harremanarengatik.
Erabat identifikatuak dira GUDen inguruko militante gisa. Arambururen afera baino anitzez lehenagotik genituen identifikatuak; jada argitaratuak genituen GUDeko militanteen arriskugarritasunari buruzko informazioak, hala nola Klein aferari lotuak [GUDeko beste militante eta lagun ohi bat torturatzen grabatu zuten beren burua Le Priol eta Bouvierrek, eta kartzela zigorra betetzen ari dira horregatik]. Lanjerostasun hori ordurako dokumentatua eta ezagutua zen, bai prentsan, baita informazio zerbitzuetan ere. Horrek guztiak izaera berezia ematen dio afera honi. Izan ere, 2022az geroztik Arambururen hilketa etengabe aurkezten da gertakari bakan baten gisara. Badirudi borondate politiko bat dagoela ikus ez dadin auzi hau politikoa dela, gaizki bukatu den gaualdi bukaerako liskar bat balitz bezala. Horixe da, justuki, Marine Le Penen eta RNren interesa: auziaren alde politikoa kukutzea. Izan ere, Le Penentzat, bere proiektu politikoaren alderdirik defendaezinenak dira GUD eta GUD Connection.
Le Priol eta Bouvier GUDeko militante ohi ezagunak dira, eta gaur egun Le Penen hornitzaile diren pertsona batzuekin harremanetan ziren. Sare horretako enpresa garrantzitsuenetako bat E-politic da; Paul-Alexandre Martin Fronte Nazionaleko arduradun ohiak sortu zuen, eta hura Le Priol eta Bouvierren laguna da. Beraz, Aramburu auziaren hariak tiratzen hastean, biziki fite heltzen gara RN alderdira. Horregatik saiatzen da alderdia lotura horiek kosta ahala kosta mozten, auziaren alde politikoa kukutuz.
RNtik haratago, arras hedabide eta eragile politiko gutik aipatu dute auziaren alde politikoa.
Harritzen nau zer alde dagoen gertakarien larritasunaren eta auziaren politikotasuna agerian uzten duten elementu objektiboen eta hedabideetan eta eremu politikoan izan duen oihartzunaren artean. Le Priol eskuin muturreko militante bortitza da, eta, gainera, gaur egun ardura politiko handiak dituzten pertsona anitzekin harremanetan zen. Afera honetan argi gelditzen da zer den izurrite faxista. RNk gertatutakoaren alde politikoa estali nahi izatea? Badakigu auzi honetan zer aldetan dauden, eta logikoa da. Aldiz, zinez harrigarria da antifaxistatzat jotzen diren zenbait erakunde ere auzi honetan hain isilik egotea. Aski da ikustea zer jende guti zen Parisen egin zitzaion lehen omenaldian... Errugbi mundutik at, ez zen jende anitz.
Eta, geroztik, jendaurrean entzun diren adierazpen politiko bakarrak Arambururen amarenak izan dira. Zinez harrigarria da biktima baten amak egitea gertatutakoaren analisi politiko bakarra. Auzi honen alde politikoa biziki maila apalean gelditu da, jakinik biktima kirolari ezaguna zela, komunikabideetarako sarbidea bazuela. Pentsa zer gertatzen den eskuin muturraren biktima ezezagunekin... Horrek ere erakusten du Frantzian zenbateraino normalizatu diren eskuin muturraren krimenak.