Arazoa ez baita xenofobia

Hegoafrikan zenbait martxa deituta daude gaurko, papergabeei herrialdetik alde egin dezatela eskatzeko. Auzo pobreetakoek elkartasuna adierazi diete etorkinei, eta krisi hori bera «ekoiztea» leporatu agintariei.

Hegoafrikar batzuk papergabeen kontrako protesta batean, Johannesburgon, ekainaren 6an. KIM LUDBROOK / EFE
Hegoafrikar batzuk papergabeen kontrako protesta batean, Johannesburgon, ekainaren 6an. KIM LUDBROOK / EFE
Oskar Epelde Juldain.
2026ko ekainaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hegoafrikako Gobernuak 600 milioi rand —32 milioi euro inguru— jarri berri ditu gaur herrialdean papergabeen kontra deitutako manifestazioetan bortxakeria eragozteko. Baina eginbehar hori ez dute bete, orain arte, etorkinek etxean eta lantokietan jasan dituzten eraso basatien aurrean. Hori batetik. 

Bestetik, zalantzan jartzeko modukoa da prebentzio lanik egin ote duen xenofobiaren eraginkortasunaren hazkunde biralaren aurka. «Gizarteko talde zaurgarriak aitzakia gisa erabili dituzte benetako erronkei aurre egin behar ez izateko», esan du S’bu Zikodek, txabola auzoetako bizilagunen mugimenduko buruak. Haren iritziz, hauteskunde garaia bortxakeria garaia izaten da, eta hor kokatzen du xenofobiaren sustapenak berriz izan duen gorakada, baita horri ezkutuan emandako laguntza ere. «Herritarrak etsita daude gazteen langabezia %70era iritsi delako, petrolioa garestitzearen ondorioz janaria ere garestitzen ari delako, eta horrek pobrezia hedatu duelako. Baina etorkinen krisi hau ez da sortu langile klasea eta pobreak etsita daudelako. Jakina da eskaera zilegiak dituztela; baina krisia maila politiko oso gorenean landu, kudeatu eta ekoiztu dute», nabarmendu du. 

Haren ustez, Poliziak, orain arte, laguntza eta erraztasunak eman dizkio papergabeen aurkako kanpainari, soilik arrazoi bategatik: Hegoafrikan hainbeste papergabe metatu izanaren erantzukizunari ihes egiteko. Kanporatutako hainbat etorkin eta asilo eskatzailek emandako lekukotzen arabera, zaintzaile deitutako erasotzaileek ez dute dokumenturik ere eskatzen. Izan ere, «ez lukete jakingo zeintzuk diren balio duten dokumentuak, zeintzuk faltsuak… Hau da, dokumentu on eta legalak dituztenek ere jasaten dute sakoneko mehatxua», azpimarratu du txaboletako bizilagunen mugimenduak.

Abahlali baseMjondolo du izena mugimendu horrek, eta 20 urte daramatza lanean Durbango eta beste hiri batzuetako auzo pobreenetan etxola-etxeak eta bizilagunen eskubideak babesteko indarra batzeko ahaleginean, baita horren inguruko kontzientzia pizten ere. March and March elkartearen migrazio politikak gogortzeko deiek ez dute arrakastarik izan auzo horietan. Lehenik eta behin, «atzerrian jaiotako auzoko lagunak» babestu egiten dituzte, eta xenobofiaren aurka duten jarrera irmoa publikoki adierazi dute. «Gu ere pobreak gara; ulertzen ditugu samina eta frustrazioa, ulertzen dugu pobrezia, baina ez dugu sinisten pobrezia beste afrikar pobre batek sortzen duenik: ez gara horren ergelak!», argitu du S’bu Zikodek.

«Etorkinei elkartasuna adierazteagatik gure herria saltzen ari garela leporatzen digute»

S'BU ZIKODE Txaboletako bizilagunen mugimendua

Dudula Operazioa alderdi xenofoboak etorkinei osasun zentroetara joatea debekatu nahi izan zienean, abahlalitarrak erasotzaileekin hitz egiten saiatu ziren. Haien haserrea euren haserrea ere bazela esan zieten, baina haien haserreak norabide okerra zuela, eta pobreak eta langile klasea batzea proposatu, benetako erronkei aurre egiteko indarrak batzeko. Hala ere, Dudula Operazioaren ondoren, March and March «loratu» da, eta, haientzat, lehen errudunak gizarteko talderik ahulenak izan dira berriro. Horregatik susmatzen dute Zikodek-eta ustelkeriaren, pobreziaren eta desberdinkeria sozialen aurkako benetako borroka saihesteko asmoz jokatu izan dutela xenofobiaren ezkutuko bultzatzaileek. Beste susmo izugarri bat ere aipatu du Zikodek: «Hirugarren indar bat ere egon liteke atzean: inperialistak, kapital zuri monopolistak, Hegoafrikan gerra zibila eragin nahi dutenak».

Amore emanda

Milaka papergabe itzuli dira jaioterrira azken asteetan —batez ere Malawikoak—, baina askoz ere gehiago dira amore emanda euren bizileku eta jardueretatik irten eta jaioterrira itzultzeko hautua egin dutenak, beldurragatik jakina, eta oraindik aterpeetan zain daudenak; baita herri eta hirietako auzoetan oraindik ezkutatuta daudenak ere. Tentsio handikoa eta aldakorra izan da egoera azken egunetan. March and Marchek gobernuaren aurka protesta egitea du lehentasuna orain gaurko mobilizazioei begira, baina etorkinen bizitzaren aurkako jazarpena erabili izan dute orain arte euren eraginkortasuna indartzeko. Etorkinak etengabe mehatxupean daudela dio txabola auzoen mugimenduen buruak: «Emakume eta haurrak aterpeetan pilatuta daude. Azken hiru asteetan hamabi ume jaio dira halakoetan. Eta zer gertatzen da haurra eskolan badago? Haur askok ama edo aita hegoafrikarra badu, bestea etorkina da; orduan zer egin behar du? Horrelako galderak egiten ditugunoi mehatxuak egiten ari zaizkigu. Etorkinei elkartasuna adierazteagatik gure herria saltzen ari garela leporatzen digute», salatu du Zikodek. 

(ID_16169433) SOUTH AFRICA MALAWI MIGRANTS
Malawiko papergabe batzuk Durbango errefuxiatuentzako esparru batean, ekainaren 10ean. EFE

Hala ere, Abahlaliren auzoetan bizilagunen arteko harremanak baketsuak izan dira orain arte. Auzoko lagunak adiskideak dira; batzuk elkarren artean ezkondu dira, Zikodek dioenez. «Hau da, arazoa ez dago komunitate pobreetan: kanpotik dator. Pobreak kanpotarrak ondoen hartzen dituztenak dira. Etorkinen aurkako mehatxuak egiten ari direnak erdiko klasekoak dira, langileen klaseko pertsona famatu batzuen bultzadaz eta eraginez mugiarazitakoak. Baina gure komunitateetan bizitza errespetatzen da oraindik, adiskidetasuna dago oraindik. Abahlaliko kideek badakite bizitza babesteko ardura dutela. Izan ere, Abhalalik kontzientziarik ez balu, egoera are okerragoa litzateke. 20 urtean egindako lanari esker, eta ubuntu filosofiaren oinarriarekin, gure auzoetan ez dago xenofobiaren arriskurik mehatxua kanpotik eragiten ez bada. Hor dago koska. Gorrotoa nonbaitetik dator. Kanpoko eragin batek sortzen du, eta, bere eraginkortasunarekin, zatiketa eta tentsioa areagotzen ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA