Are gehiago handitu da AEBen eta Venezuelaren arteko tentsioa

AEBek munduko hegazkinontzi handiena Karibeko uretara eraman ondoren, Madurok esan du Venezuelak «prest» egon behar duela «borroka armatu batean» parte hartzeko.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, artxiboko argazki batean. JHONN ZERPA / EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, artxiboko argazki batean. JHONN ZERPA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko azaroaren 12a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oso gaiztotuta dago Ameriketako Estatu Batuen eta Venezuelaren arteko harremana azken hilabeteetan, eta azken orduetan gora egin du tentsioak. Atzo, orain egun batzuk iragarri bezala, AEBetako Defentsa Departamentuak hara bidali zuen munduko hegazkinontzi handiena. Ordu batzuk geroago, goizaldean, Venezuelako presidente Nicolas Madurok agindu du defentsa integraleko komandoak sortzeko, eta adierazi du Venezuelak «prest» egon behar duela «borroka armatu batean» parte hartzeko.

Donald Trump AEBetako presidenteak militarrak hedatu zituen abuztuan Karibeko uretan, «narkotrafikoari aurre egiteko», eta han daude ordutik. Orain, Trumpek USS Gerald R. Ford hegazkinontzia eraman du inguru horretara; 4.000 marinel baino gehiago daude han, baita hainbat aireontzi ere.

Caracasen, berriz, argi daukate «mehatxu bat» dela AEBetako militarrak Venezuelako lurren inguruetan egotea, eta gobernu aldaketa bati bidea ematea duela helburu. Horregatik, Madurok Nazioaren Defentsa Integraleko Komandoaren Legea sinatzeko agindu du, ordu batzuk lehenago Asanblea Nazionalean onartu ostean. Gobernuak berak erabakiko du komando horiek zer helburu, ezaugarri eta funtzio izango dituzten. «Agindu bat aktibatu behar da, defentsa integraleko komandoak eratu, egituratu eta lanean has daitezen, borroka armatura jo eta irabazteko prest egoteko errepublika eta herri gisa», adierazi du.

Horretarako prest egongo direla adierazi du Madurok Miraflores jauregian egindako agerraldi batean. Gainera, AEBen estrategia kritikatu du; besteak beste, esan du azken hamalau asteetan —AEBek Karibeko uretan militarrak hedatu zituztenetik— «zoramen kriminal inperiala» eta «etengabeko gerra psikologikoa» bizi izan dutela. Gaineratu du denbora horretan Venezuelak aurrerapausoak eman dituela «esparru militarrari eta instituzionalari» dagokienez.

AEBen «mehatxuen» harira, Indar Armatu Nazional Bolivartarraren gaitasuna «sendotu» egin da, Maduroren hitzetan, eta edozein agertokitan aritzeko prestatu. Era berean, Venezuelako presidenteak adierazi du herritar guztiak prestatu dituztela «borroka armatu baten parte» izateko, «herritarren, militarren eta poliziaren arteko bateratze perfektu baten bidez».

Prozesu horren barruan, «zortzi milioi venezuelarrek baino gehiagok» ekin diote soldadutzari, herrialdeko presidenteak esandakoaren arabera, eta herritarrek «teknika militarretan» trebatzeko jardunaldiak egin dituzte.

Kritikak AEBei

Etxe Zuriak Karibeko uretan hasi zuen «droga trafikoa» eragozteko kanpaina, irailean, eta Ozeano Barera zabaldu du azken asteetan. AEBetako agintarien arabera, dagoeneko 75 pertsona hil dituzte, eta hogei ontzi inguru suntsitu. Tentsioa gora doa, eta horrek erreakzioak eragin ditu nazioartean.

Errusiako hedabideek atzo zabaldu zituzten Segei Lavrov Atzerri ministroaren hitzak. Haren esanetan, Washingtonen jarrerak ez du «ezer onik» ekarriko, eta ezeztatu egin zuen Venezuelak Errusiari laguntza militarra eskatu izana. Hala ere, gogorarazi zuen bi herrialdeek itun estrategiko bat sinatu zutela. Gaur bertan jarri dute indarrean, eta Atzerri ministroak nabarmendu du Errusia «prest» dagoela «akordioan ezarritako betebeharrak erabat betetzeko».

Erresuma Batuko Gobernuak, berriz, erabaki bat hartu du: narkotrafikoagatik susmagarriak diren ontziei buruzko informazioa AEBei ez ematea. Hala jakinarazi zuen atzo CNN AEBetako telebista kateak. CNNren esanetan, Erresuma Batuak «ilegaltzat» dauzka AEBak Karibe inguruetan egiten ari diren erasoak, eta ez dute AEBen «eraso militarren konplize» izan nahi.

Haustura hori garrantzitsua da bi herrialdeen arteko lankidetzari dagokionez. Izan ere, CNNk baieztatu duenez, Erresuma Batuak urte askoan lagundu izan die AEBei ontzi susmagarriak aurkitzen, gero AEBetako kostazainek atzeman zitzaten. Baina, Trumpek irailean hartutako erabakiaren ondorioz, Erresuma Batuak erabaki zuen laguntza hori etetea.

Erresuma Batuen bide bera hartu du Frantziak ere. Jean-Noel Barrot Atzerri ministroak atzo adierazi zuen Frantzia «arduratuta» dagoela egoerarekin. G7koen bileran izan da Barrot, Kanadan, eta AEBen eta Venezuelaren arteko tentsioaz galdetu zioten hara iritsi berritan. Adierazi zuen «beharrezkoa» dela ezegonkortasunik ez izatea: «Kezkaz erreparatzen diegu Karibeko operazio militarrei, nazioarteko legeak urratzen baitituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.