Donald Trump urtarrilean Etxe Zurira bueltatu zenetik, okertu egin da AEBek Kolonbiarekin duten harreman diplomatikoa, eta are gehiago gaiztotu da azken egunetan. Washingtonek belarrietatik tira egin zion astelehenean Bogotari, iritzita azkeneko urtean ez dituela etxeko lanak egin narkotrafikoa geldiarazteko. Hori entzunda, Kolonbiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen aurrerantzean ez diela AEBei armarik erosiko.
Urtarrilean, presidentetzara itzuli berritan, lehen ika-mika eduki zuten Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak eta Etxe Zuriko maizterrak. Petrok esan zuen ez zuela onartuko AEBetan zeuden eta deportatuak izan ziren papergabe kolonbiarren hegaldiek Kolonbian lur hartzea. Trumpek mehatxu eginez erreakzionatu zuen: ez bazituen deportatuak onartzen, %25eko muga zerga jarriko zien Kolonbiaren inportazioei. Petrok amore eman zuen.
Eta hilabete batzuk geroago heldu da AEBen ohartarazpena. Estatu Departamentuak kaleratutako oharraren arabera, narkotrafikoaren kontrako nazioarteko hitzarmenak eskuan, Kolonbiak «nabarmen» ez ditu bete bere «obligazioak» azken urtean. Txosten horretan aipatzen dutenez, 23 herrialde dauzkate identifikatuta «legezkoak ez diren drogen ekoizle nagusi» gisa edo igarobide eremu gisa. Kolonbia ez ezik, Afganistan, Bolivia, Myanmar eta Venezuela ere ohartarazi dituzte AEBek.
1986az geroztik egiten du ebaluazio hori Washingtonek, eta behin bakarrik egin zion Kolonbiari oraingo ohartarazpen bera, 1997an. Narkotrafikoari aurre egiteko ahaleginean etxeko lanak egiten ari direla iruditzen bazaie, AEBek dirua ematen diete herrialdeei. Kasu honetan, ohartarazpena gorabehera, segituko du Afganistani izan ezik gainerakoei dirua ematen; Estatu Departamentuaren komunikatuan jaso dutenez, «ezinbestekoa baita AEBen interes nazionalerako».
Horiek horrela, eta AEBen tonua ikusita, Armando Benedetti Barne ministroak iragarri zuen aurrerantzean AEBei ez dietela armarik erosiko —iaz arlo horretan Israelekin zuen harreman komertziala eten zuen, Gazako erasoaldia dela eta—. Bogota haserre dago Washingtonekin. «AEBek parte hartzen dute Kolonbiaren barne politikan. Txotxongilo bat nahi dute gobernuan. Ez dut herrialdea belaunikaraziko», idatzi du Petrok, sare sozialetan.
Pilota, AEBen teilatuan
NBE Nazio Batuen Erakundearen Drogaren eta Delituaren Kontrako Bulegoaren azken datuek diotenez, Kolonbia da koka ekoizle nagusia: munduan koka landatzeko 376.000 hektarea daude, eta horietatik bi heren Kolonbian daude (253.000). AEBetako Kongresuko datuen arabera, 2000 eta 2018 artean 10.000 milioi dolar eman zizkioten AEBek Kolonbiari (8.500 miloi euro inguru), helburu militarrekin eta sozialekin.
Petrok astelehenean ministroen kontseiluan adierazi zuenez, ordea, bera buru duen gobernua da —2022tik— kokaina gehien konfiskatu duena, kokaina ekoizteko «milaka laborategi» indargabetu dituena. Defentsa Ministerioaren arabera, aurten 700 koka tona konfiskatu dituzte Kolonbian, eta 4.570 laborategi indargabetu. Eta Kolonbiako presidenteak AEBen teilatuaren gainean jarri zuen pilota: «Ez du murrizten bere gizartearen kokaina eta fentanilo kontsumoa».