Argentinako krisi ekonomikoak exodoa eragin du: langile asko Brasilera joan dira

Matearen merkatua desarautu dutela eta, krisi larria piztu da Argentinako Misiones probintzian, eta langileen exodo masiboa eragin du. Asko aldi baterako lanak egitera joaten ziren lehen ere Brasilera, baina orain luzarorako geratzen dira.

Brasilera doazen hainbat herritar Uruguai ibaia zeharkatzeko prest, Alba Possen (Argentina). SOFIA SCHIAVONI
Brasilera doazen hainbat herritar Uruguai ibaia zeharkatzeko prest, Alba Possen (Argentina). SOFIA SCHIAVONI
Cecilia Valdez
2026ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argentinatik Brasilgo hegoaldera emigratu duten langileen «exodo masiboak» agerian utzi du egoera ekonomiko zailean dagoela Javier Mileik gobernatzen duen herrialdea, eta okerrera egin duela azkenaldian. Hain zuzen, matearen —Argentinako ipar-mendebaldeko produktu nagusietako baten— produkzioan eta oro har enpleguan krisia dagoenez, milaka lagunek muga gurutzatu dute aldi baterako uzta bilketetan aritzeko eta, are, han geratzeko.

Cristian Castro irakaslea San Javierren bizi da, Misiones probintziako hegoaldeko herri batean, eta Nekazaritza Alderdi Sozialeko legegilea da (PAyS). Alberto Fernandez presidente ohiaren gobernuan (2019-2023), koordinatzaile aritu zen muga kontrolatzeko zentro batean, Posadas hiria (Misiones, Argentina) eta Encarnacion (Paraguai) lotzen dituen zubian. Hala, erreferente bat da gaur egun Brasilera joateko paperak lortzeko tramiteak abiatu behar dituztenentzat.

Zenbait pertsona Uruguai ibaia zeharkatzeko zain, Alba Possen (Argentina). SOFIA SCHIAVONI
Zenbait pertsona Uruguai ibaia —Brasil eta Argentina artean dago— zeharkatzeko zain, Alba Possen (Argentina). SOFIA SCHIAVONI

Urteetan, 8.000 pertsona inguruk egin izan dute Brasilgo erregistroetan izena emateko eta han lan egiteko tramitea, baina 2025ean izugarri handitu zen kopuru hori, 40.000 izateraino. «Beti izan da migrazio handia Brasilen mahatsa eta sagarra biltzeko sasoian, baina azken urtean ikusi duguna ikaragarria da», kontatu du Castrok. «Matea biltzen dutenak bakarrik ez: ekoizleak ere joaten dira».

Mileiren gobernuak merkatua desarautzea bultzatu duenez, landare hori asko merkatu da; ondorioz, krisia piztu da sektorean, eta produkzio kate osoari eragin dio. Gainera, Misionesen egiten da herrialde osoko mate ekoizpenaren %90.

«Beti izan da migrazio handia Brasilen mahatsa eta sagarra biltzeko sasoian, baina azken urtean ikusi duguna ikaragarria da»

CRISTIAN CASTRO Nekazaritza Alderdi Sozialeko legegilea

«Nik bizi guztia pasatu dut matea biltzen», kontatu du Isaias Mendozak; Misionesen jaioa da, baina Brasilen bizi da orain. «Mileik irabazi zuenetik, den-denak okerrera egin du. Nik nagusi batentzat egiten nuen lan, baina prezioak ikaragarri jaitsi ziren, eta guri ere soldata jaisten hasi zitzaigun, bizitzea ezinezko bilakatzeraino», azaldu du, Ilopolis-en dagoela (Brasil) —matearen hiria ere esaten zaio—. Mendozarentzat, emaztearengandik eta hiru seme-alabengandik urruntzea dakar aldaketa horrek, baina gutxienez modua izan du trebatu den arloan lanean segitzeko.

Orain migrazioa handitu egin da, baina, gainera, beste ezaugarri bat ere badu: migratzaileak askotarikoak dira, adin askotako gizon-emakumeak. Argentinan enplegu arloko krisia areagotu egin denez, askok muga zeharkatu behar izaten dute, eta batzuk, hala nola Mendoza, beste aldean geratzen dira luzarorako. «Lehen, uztarorako joaten ziren, eta gero itzuli», esan du Castrok. «Orain, asko han geratzen dira, eta geroago familia ere hara eramaten dute». Lula da Silvaren Brasilgo egoera ekonomikoak ez du inongo zerikusirik Argentinakoarekin, eta, garatzen ari denez, han modua dute ultraeskuina agintean den herrialde horretatik kanporatutako langileak hartzeko.

Hainbat pertsona Uruguai ibaia zeharkatzen, ontzi batean. SOFIA SCHIAVONI
Hainbat pertsona Uruguai ibaia zeharkatzen, ontzi batean. SOFIA SCHIAVONI

Mendoza Misionesko Comandante Andresito herrikoa da, eta han biztanleria feminizatuz joan da matearen sektoreko krisia dela eta, gehienetan gizonak baitira lan bila alde egiten dutenak. «Anaiaren bizilagun batek, Andresitokoa bera ere, kontatu zidan Brasilera etorria zela, eta, bizimodua zaildu zenean, hona etorri nintzen», kontatu du Mendozak. «2024ko martxotik nago hemen, eta argentinarrez betea dago».

Sergio Alvez kazetariak Revista Anfibia-ko kronika batean zehaztu duenez, Migraziorako Zuzendaritza Nazionalak zera esan du, 2025eko azken seihilekoan Comandante Andresitoko 1.213 langile joan direla modu legalean Brasilera —herri horretako hiri eremuetan 11.482 pertsona bizi dira—. Mugaldeko hiri batzuetako (Bernardo de Irigoyen, Alba Posse, San Antonio) alkateek ere nabarmendu dute gero eta jende gehiago dabilela mugan, etenik gabe.

«Espero dut Argentinara bueltatu ahal izatea bizitzera, baina familia hona ekartzea ere pentsatu izan dut»

ISAIAS MENDOZA Brasilera migratu duen mate biltzailea

«Familiarengandik urruti egotea da zailena», aitortu du Mendozak. «Nik dirua bidaltzen diet astero, berrogei egunean behin itzultzen naiz, baina asko kostatzen zait bidaiatzea. Espero dut Argentinara bueltatu ahal izatea bizitzera, baina familia hona ekartzea ere pentsatu izan dut. Emazteari esana diote hilabete bukaeran lanik gabe geratuko dela, eta, beraz, are gehiago zailduko zaigu egoera han. Argentinan zaila da lanpostu egonkorra lortzea; gainera, dena garestitzen ari da: argia, ura, gasa…».

Lanean, «dirua galduz»

Brasilgo Gobernuak, lehen baldintza gisa, Pertsona Fisikoen Erregistroan izena emanda egoteko eskatzen die lan bila dabiltzanei; hau da, identifikazio fiskalerako zenbaki bat izateko eskatzen die, hartara lan kontratuak sinatu ahal izateko, soldata kobratzeko, bankuan kontu bat irekitzeko edo edozein tramite formal egiteko. Brasilgo Receita Federaleko erregistroetan ageri denez, 2025ean asko ugaritu ziren eskaerak, aurreko urteetako batezbestekoaren aldean.

Tiempo Argentino atarian argitaratutako ohar batean, Julio Pettersonek, Matearen Iparraldeko Ekoizleen Elkarte Zibileko presidenteak, azaldu du krisia zenbaterainokoa den eta Premiarako eta Larrialdirako 70/23 Dekretua aplikatzeak zer ondorio ekarri dituen. «Gobernu nazionalak aplikatutako desarautzeak babesik gabe utzi gaitu guztiz. 2023an, mate pakete batek 2.500 peso balio zuen batez beste, eta ekoizleek 400 peso jasotzen genituen. Orain, paketea 4.000 pesoan saltzen da batez beste, eta industriak 180-200 peso eskaintzen dizkigu. Ulertzen dugu herrialdea nola dagoen, baina badira bi urte dirua galduz ari garela lanean. Ezin dugu gehiago; irtenbide bat behar dugu lehenbailehen, baina ez dago erabakitasun politikorik».

Uruguai ibaia zeharkatu ondoren, Porto Mauara (Brasil) iristen. SOFIA SCHIAVONI
Uruguai ibaia zeharkatu ondoren, Porto Mauara (Brasil) iristen. SOFIA SCHIAVONI

Ikusirik Argentinako ekonomiak nola egin duen okerrera, ez dirudi datorrena hobea izango denik. «Egun hauetan Alem hiriko irakasle batekin aritu naiz hizketan, eta esan dit han jende asko ari dela trebatzen argiketaria edo gas instalatzailea izateko, arlo horietan espezializatutako jendea falta baita Brasilen», kontatu du Castrok. Azken datu ofizialen arabera, Mileik gobernatzen duen herrialdean %2,6ko beheraldia izan da jarduera ekonomikoan: 2023ko bukaeratik erregistratu den beherakadarik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA