Argentinako musikari erretiratuek badute non bizi

Musikaren Etxea proiektua abiatu dute Buenos Airesen, etxebizitza arazoak dituzten adineko musikariei laguntza emateko helburuarekin.

(ID_14998486) CASA DE LA MUSICA. ARGENTINA.
Proiektuaren bultzatzaileak, Buenos Airesko Avellaneda auzoan utzi dieten eraikinean, maiatzean. BERRIA
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Argentina inoizko boladarik okerrenetako batean dago, arlo instituzionalean komunitate babesa eta enpatia bultzatuko dituzten egitasmoei dagokienez. Javier Mileiren aroan, justu kontrako egitasmoak dira nagusi, baina Musikaren Etxea proiektua abiatu dute orain, bizileku arazoak dituzten adineko musikarientzako lehenengo etxea, eta, garai honetan haize kontra ibiltzeagatik ez ezik, proposatzen duenagatik ere bada nabarmentzekoa.

Jakinik jarduera edo lanbide horretan gorabehera handiak izan ohi direla eta askotan jardun informalak dakartzala berekin, proiektu horrek beste bide bat hartu du; izan ere, duela hogei urte sortu zuten, Jorge Pinchevsky biolin jotzailea oso prekario hil zela eta. Hasierako ideia etenda geratu zen, baina orain bultzada bat eman diote. 

Bi pertsona aritu dira horretan: Celsa Mel Gowland abeslaria, Musikaren Institutuko presidenteorde izandakoa, eta Diego Boris musikaria, Musikaren Institutuko presidente izandakoa. Borisek hau kontatu du: «Kargu horiek utzitakoan, zerbait egiteko gogoa genuen, eta zenbaiti dei egin genien: batzuk aurrez ere arituak ziren hasierako esperientzia horretan, eta beste batzuk ez. Hala, proiektuari beste bultzada bat eman genion, beste instituzio batzuk kudeatuz pilatutako esperientzia oinarri hartuta».

Zenbait artista ezagunek babestu dute egitasmoa, hala nola Leon Giecok eta Divididos rock taldeko abeslariak, Ricardo Mollok, eta telebista saio berezi bat ere egin dute. Halako ekintza gehiago ere egingo dituzte dirua bildu eta plana martxan jarri ahal izateko. 

Saio hartan, ohorezko batzordearen parte diren zenbait musikarik zuzenean jo zuten, eta telefono deiak hartzen aritu ziren, ikus-entzuleek egindako donazioak jasotzeko. «Musikaren arloko artistek inoiz ez bezalako protagonismoa izan zuten esperientzia horretan», nabarmendu du Borisek. «Hasieran, 24 artista biziko dira etxean, eta jada lortuak ditugu 24 ohe, 24 koltxoi, 24 gau mahai, aire giroturako hamabost gailu, lau hozkailu handi, lau izozkailu handi, zenbait mikrouhin labe, zenbait galdara, zenbait sukalde industrial eta abar. Hau da, irabazi handiak izan genituen. Streaming plataformen fenomenoa gero eta zabalduago dagoen arren, telebista irekiak oraindik ere indar handia du etxeetan, eta horri esker lortu genuen hainbeste jende erakartzea; hori gabe, urteak beharko genituen jende horrek gu ezagutzeko».

«Erakusten du batzuetan bultzada solidarioak askoz indar handiagoa duela lehiatzeko beharrak baino»

DIEGO BORIS Proiektuaren bultzatzailea

Antzerkiaren Etxearekin egin zuten bezala —1927an sortu zuten, etxebizitzarekin lotutako arazo ekonomikoak zituzten artista erretiratuei aterpea emateko—, Musikaren Etxearen Fundazioari eraikin bat utzi diote komodatu bitartez 40 urterako, Avellaneda auzoan, Buenos Aires hiritik gertu, eta orain egokitu egin behar dute. 

Zenbait proposamen egin dituzte hura atondu eta sostengatzeko beharrezko dirua biltzeko, eta musikari askok ere eman dute laguntza, babesle gisa. Argentinako rockeko musikari garrantzizkoenetako batek, Mollok, telebista saio hartan parte hartu zuen, eta azpimarratu du zein garrantzitsua den proiektua: «Ekintza bikaina da hau, eta laguntza emango die kide askori, ez baitaukate non bizi edo non egon, eta toki bat behar baitute; beraz, hau martxan jarritakoan amets bat beteko zait».

Irauteko moduak

2023ko irailean, proiektuaren bultzatzaileek lege figura bat sortu zuten, fundazio bat, eta martxan jarri zuten makineria. Orain, urte eta erdi igaro den honetan, ematen du amets hura gero eta hurbilago dagoela. «Jende askok ontzat jo du proiektua, hura abian jarriko den zantzuak hor daude eta; hau da, ez dago zalantzarik Musikaren Etxea sortuko dela», ziurtatu du Borisek. 

Baina kontua ez da soilik proiektua martxan jartzea, baizik eta modua egitea proiektuak iraun dezan. «Horrelako proiektuek askotariko diru sarrerak izatea eskatzen dute, hala nola donazioak, enkanteak eta babesleen laguntza. Batzuetan enpresek ematen dute laguntza hori, eta beste batzuetan, diruz ondo dabiltzan pertsonek; are, ondo dabiltzan artista kide batzuek ere erabakitzen dute bere gain hartzea pertsona bati edo biri dagokion kostua. Horretarako, oso garrantzitsua da ordainagiri guztiak eskura edukitzea eta pertsona juridikoa izatea, horri esker lortzen baititugu zerga salbuespenak, hitzarmenak eta beste hainbat gauza».

(ID_14998487) CASA DE LA MUSICA. ARGENTINA.
Musikari batzuk kantuan, Musikaren Etxea izango den eraikinaren oholtzan. 

Luze gabe, aurten lau kontzertu egitekoak dira Buenos Airesko areto ezagun batean. Etxean, eskolak emateko zenbait areto txiki izango dira, entseatzeko gela bat, auditorium txiki bat eta baratze bat; gainera, adinekoen beharretara egokituta egongo da. «Etxea aktiboa izan dadin saiatzen ari gara, musikarien lanbideak berak ere hala eskatzen du eta», ondorioztatu du Borisek. «Jardun horretan aritzen direnak sentiberak izan ohi dira, eta batzuek esposizio handia dute: jendeak ezagutu egiten ditu kalean, autografoak eskatzen dizkiete, lan eskari handia izaten dute, eta toki askotara gonbidatzen dituzte. Denbora pasatu ahala, ordea, horrek guztiak behera egiten du; ondorioz, malenkonia sentitzen dute askok, eta batzuetan tristura edo depresio bihurtzen zaie. Horregatik, etxe aktibo bat ez da soilik etxebizitza arazoak dituzten artistek babes hartzeko toki bat: aktibatzeko modua ere ematen die, eta egoera horretatik ateratzekoa».

Etxe horren antzeko egitasmo bakarra dago martxan mundu osoan: Verdi Etxea, edo Musikarientzako Atseden Etxea. Opera abeslari eta musikari erretiratuentzako egoitza bat da, eta Milanen dago, Italian. «Ikusirik gaur egun lehian aritzeko gogoak, indibidualismoak eta nork bere burua salbatzeak baino ez dutela balio, iruditu zitzaigun garrantzitsua zela halako proiektu solidario bat abiatzea horri aurre egiteko: proiektu antolatu bat, musikaren munduko jarduna bera oinarri hartuz sortutakoa», nabarmendu du Borisek. «Gainera, erakusten du batzuetan bultzada solidarioak askoz indar handiagoa duela lehiatzeko beharrak baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.