Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek eta Armeniako lehen ministro Nikol Paxinianek bi herrialdeen arteko gatazkari amaiera emateko akordio bat sinatu zuten atzo gauean, Etxe Zurian. Donald Trump AEBetako presidenteak eman zuen horren berri: «Armeniak eta Azerbaijanek erasoak eteteko konpromisoa hartu dute. Bien arteko merkataritza bideak irekiko dituzte, bidaiak egiteko baimena eman, eta harreman diplomatikoak berrezarri. Eta elkarren subiranotasuna eta lurralde osotasuna errespetatuko dituzte». Bi herrialdeetako gobernuburuek eskua eman zioten elkarri, atzean Trump ageri zela, irribarretsu.
Aliyevek adierazi zuen itunak «betirako bakea» ekarriko duela Kaukasoko eskualdera, eta ez Armeniak ez Azerbaijanek ez dutela atzerapausorik emango: «Atzera egiteko asmoa bagenu, gu biotako inor ez zen hona etorriko».
Washingtonek ere lortu du onurarik akordio horren bitartez: AEBetako enpresek eskubidea izango dute Zangezur korridoreko (Armenia) merkataritza garatzeko. Korridore horri, gainera, Nazioarteko Bakerako eta Oparotasunerako Trumpen Bidea deituko diote. Armeniako korridore horrek Azerbaijango Nakhitxevan eskualdea herrialdeko gainerako lurraldeekin lotzen du, eta orain arte itxita egon da.
Bi herrialdeen arteko gatazka 1990eko hamarkadaren hasieran piztu zen. Azerbaijango mugen barruan, Karabakh Garaiak independentzia aldarrikatu zuen —herritarren gehiengoa armeniarra zuen—, Armeniaren laguntzarekin hain zuzen, eta Artsakheko Errepublika sortu zuten. Ordutik, Karabakh Garaiko errepublika herrialde independentea izan zen de facto, eta zenbait gerra izan dira Erevanen eta Bakuren artean lurralde horren subiranotasuna dela eta. 2023ko irailean, baina, Azerbaijanek egun bateko operazio militarra egin zuen: militarrek berrehun bat lagun hil zituzten, eta Karabakh Garaiko agintariak behartu zituzten errepublikaren desegitea sinatzera. Lurralde horretan bizi ziren armeniar gehienek erbestera jo zuten, azerbaijandarrek eskualdea okupatu dute, eta Artsakheko Errepublika deseginda dago iazko urtarrilaren 1etik.
Karabakh Garaia
Atzo sinatutako akordioaren bitartez, Bakuk eta Erevanek statu quo-a onartu dute, hau da, Armeniak onartu du Karabakh Garaia Azerbaijanen parte dela. Armeniar askok ez dute begi onez ikusi ituna; AEBetako Batzorde Nazional Armeniarrak, esaterako: «Karabakh Garaia ezabatzea ez da bakea lortzea», salatu du sare sozialetan. Erakunde horretako presidente Aram Hamparianen arabera, Erevan behartu egin dute akordio hori sinatzera.

Iaz, Azerbaijango tropen erasoaldia gertatu zenetik urtebetera hain zuzen, Armen Mangasarian Karabakh Garaiko ministro izandakoak BERRIAri adierazi zion bake akordio batek ezinbestean eman beharko liekeela modua errefuxiatu armeniarrei Karabakh Garaira itzultzeko: «Nazioarteak bermatu beharra dauka autodeterminaziorako daukagun eskubidea, eta Azerbaijango tropek okupatutako lurraldea utzi behar dute». Atzoko itunak, baina, ez du modurik emango horretarako. Ministro ohiak ohartarazi zuenez, modu horretan ezinezkoa izango da «erabateko bakea» lortzea. «Izan ere, lehenago edo beranduago, gure seme-alabek, gure ilobek eta Artsakheko etorkizuneko belaunaldiek berriz aldarrikatuko dute justizia historikoa».