Armeniarren aurkako genozidioa. Diaspora. Philippe Khatxadurian. Agur Armenie elkarteko presidentea

«Armeniarren historia ari da errepikatzen Ekialde Hurbilean»

Khatxadurianen aitona genozidioa gertatu aurretik erbesteratu zen, baina haren gertukoak deportatu eta hil zituzten. Diasporarentzat memoria ezinbestekoa da, «horrelakorik berriro gerta ez dadin».

Adrian Garcia.
Miarritze
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Otomandar Inperioko jazarpenetik ihesi, mundu osoan zabaldu da armeniarren diaspora. Genozidioa sufritu zutenen ondorengoak dira orain haien herriaren memoriaren alde borrokatzen direnak. Euskal Herrira ere iritsi dira batzuk. Miarritze eta inguruko armeniarren ondorengoak biltzeko Agur Armenie elkartea sortu zuen Philippe Khatxadurianek (Metz, Frantzia, 1936). Lanpetuta ibili da asteotan, mendeurrena dela-eta hitzaldiak, omenaldiak eta erakusketak prestatzen. Genozidioaren aurreko hamarkadetako sarraskien ondotik erabaki zuen haren aitonak erbesteratzea, 1895ean. «300.000 armeniar sarraskitu zituzten Abdul Hamid II.aren aginduz». Bursa ondoko herrixka batean bizi zen, egungo Turkian. «Orain ez da armeniarrik han. Denak ezereztu zituzten, eta inperioko beste tokietatik musulmanak ekarri zituzten». Mediku ikasketak Frantzian bukatu, ezkondu, eta jaioterrira itzultzera erabaki zuen Khatxadurianen aitonak. «1900. urtean itzuli zen, baina urtebete besterik ez zuen eman. Armeniarren eta turkiarren arteko liskarrak ikusita, berriro erbesteratu zen». Ez zen gehiago itzuli.

Zer gertatu zitzaien zure aitonaren gertukoei 1915ean?

I. Mundu Gerra astean komunikazio guztiak eten ziren, Otomandar Inperioa Alemaniaren alde lerratu baitzen, Frantziaren aurka, alegia. Ez zuen bere senitartekoez ezer jakin. Gerra bukatzean ikerketak egin zituen, eta Gurutze Gorriak eta beste erakundeek baieztatu zioten denak deportatu zituztela, denak sarraskitu zituztela.

Nola tratatu da genozidioaren auzia zuen etxean? Nola izan zenuen horren berri?

Armeniar familietan ez da askorik hitz egiten genozidioari buruz. Onik atera eta ihes egin zutenek ez zuten hitzik egiten ikusitakoari buruz. Gogorregia zen haientzat, eta haien haurrei ez zieten ezer kontatu. Nire aitona ez nuen ezagutu, txikia nintzenean hil baitzen. Baina aitari ez zion kasik ezer esan. Bigarren eta hirugarren belaunaldiak izan dira gertatutakoa ozen eta argi salatu dutenak. Nik elkarteen bidez jaso dut informazio gehiena, erretiroa hartzean. Orduan piztu zitzaidan nire jatorriari buruz gehiago jakiteko grina, batez ere 1998ko lurrikarak sortutako hondamendiaz geroztik.

Zure familiak izan al du inoiz Armeniara lekualdatzeko tentaziorik?

Ez. Askotan joan naiz bisitan, baina nire bizitza osoa hemen eman dut. Gauza bat da egun Armeniako Errepublika dena. Eta beste bat oso desberdina historian armeniarrek izan dituzten bizilekuak. Nire aitona egungo Turkian bizi zen. Desberdintasun handia dago genozidiotik ihes egin zutenen eta Armeniako Errepublikan bizi direnen artean. Istanbulen eta Erevanen artean hainbat mila kilometro daude. Hizkuntza, erlijioa eta kultura berbera da, baina oso desberdinak gara.

Halere, lasaigarria izango da diasporarentzat estatu bat izatea, ezta?

Diasporarentzat errepublika da Armeniaren azken irudikapena. Zortzi mendeetan estaturik gabe bizi izan da nazio hori. Genozidioaren ostean sortu zen, 1918an, Errusiaren menpeko lurrak zirenetan. Ondoren sobietartu zuten, berriz ere independente izan arte. Armeniar naziotasunaren espirituaren muina da.

Zein jarrera izan zuen zure familiak Frantziara iristean? Zaila izango zen sorterria utzi eta beste kultura batean murgiltzea.

Nire aitonak aitari esaten zion beti: «Frantzian zaude, eskerrak eman behar diozu Frantziari gu hartzeagatik, eta errespetatu egin behar duzu». Ez dut nire jatorria ahazten, baina ni frantsesa sentitzen naiz.

Genozidio kulturala ere jazo zen, elizak eta bestelako ondare kulturala suntsitu zuten. Diasporak, behinik behin, hizkuntza gorde du. Zuen familiaren kasuan hala izan al da?

Armeniarra zen guztia desagerrarazi zuten. Ez da ezer zutik geratzen. Gure familian bai, transmititu digute hizkuntza, baina galdu egin da, erabilera faltagatik. Baina elkarteko beste familietan oraindik eusten diote, gero eta zailagoa den arren.

Agur Armenie elkarteko presidente zara. Zer dela-eta sortu zenuen elkartea?

2007an sortu genuen, Armenia ezagutarazteko xedez. Hitzaldiak, erakusketak... egiten ditugu. Armeniarraren eta euskararen arteko harremana aztertu dituzten filologoak ere ekarri izan ditugu.

Zer deritzozu nazioartearen jarrerari? Herrialde gutxik onartu dute genozidioa.

Gero eta gehiago dira. EBk etaNBEk onartu dute. Turkia da arazoa. Zergatik ez du ehun urteren ondoren genozidioa egon zela onartu nahi? Mustafa Kemal Attaturk-en gobernuan genozidioaren arduradunak sartu ziren, eta armeniarren ekonomia bere egin zuten. Turkiako Errepublikak ere baditu ardurak. Ikaragarria da negazionismoa. Kartzela zigorra jar diezazukete genozidioa egon zela esateagatik, delitua baita Turkiako nazioa iraintzea.

Sarraskiak egon zirela onartzen du Ankarak, baina irmo eusten dio genozidiorik izan ez zela.

Sarraskiak gutxiesten ditu. Areago, esan izan du turkiar gehiago hil zituztela armeniarrek, eta genozidioa armeniarrek egin zutela. Genozidioaren autore nagusieimausoleoak eraiki dizkiete, eta kaleen izenak eman. Ikaragarria da. Imajinatzen al duzu Berlinen Adolf Hitler izeneko etorbide bat? Arazoa ez da gizartearena. Fede oneko turkiarrek ez dute sinesten, ez dietelako irakatsi genozidioa egon zela.

Gaiari buruz turkiarrekin hitz egiteko aukerarik izan al duzu?

Bai. Ez dute sinesten. Ez da haien errua, ez dute fede txarrez egiten. Kurduekin desberdina da, eurek ez dute arazorik onartzeko, nahiz eta ahaztu egiten duten armeniarrak akabatzen erantzukizuna izan zutela.

Negazionismoaren aurre egiteko, memoria babesteko borroka da zeuena.

Gu ez gaude turkiarren aurka, argi geratu dadila. Estatuko ordezkarien politika negazionista da onartezina. Memoria da guretzat garrantzitsuena. Baina ez soilik guretzat. Jendeak jakin behar du armeniarrei zer gertatu zitzaien, horrelakoak berriro gerta ez daitezen. Orain, Ekialde Hurbileko kristauak sarraskitzen ditu Estatu Islamikoak. Duela ehun urte armeniarrei gertatutako historia ari da errepikatzen.

Batzuk izena aldatu eta islamera bihurtuta ezkutatu ziren genozidioari ihes egiteko. Horiek betiko galdu al dute memoria?

Gauzak aldatzen ari dira. 60.000 armeniar daude Istanbulen, agerian. Alegia, euren benetako izen-abizenekin. Ezkutatu zirenen ondorengoak, berriz, 200.000 dira. Orain urte batzuk horiei buruz ez zen hitzik egiten, baina orain,haien armeniartasuna aldarrikatzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.