Arrantza, gero eta urriago

WWF eta Traffic erakundeen aburuz, arrantza kontrolatzeko saio gehienak antzuak izan dira

ARANTXA IRAOLA DONOSTIA
2006ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Arrantza kontrolatzeko mundu zabalean arau eraginkor gutxi hartu da. Hala gaitzetsi du ingurumenaren defentsarako WWF erakundeak, eta arrain espezie asko agortuta edo agortzear daudela esan du. Txosten bat plazaratu zuen atzo gaiaren inguruan, Traffic nazioarteko talde ekologistarekin batera egindakoa. Gast hirian (Suitza) egin zuten aurkezpena. «Ozeano hutsak, platera hutsak eta ogibideen galera saihestu behar ditugu», eman zuen aditzera WWFko Itsas Programetako zuzendari Simon Crippsek. Zientzialarien abisu eta aholkuen aurrean gobernu askok entzungor jokatu dutela salatu zuen.

Itsaso zabaleko arrantza eremuen gaineko kezka agertu dute, bereziki, bi talde ekologistek. Estatuen ardurapetik kanpo -kostatik 3,2 kilometrotik aurrera- dauden eremuak dira, eta gehiegikeriatarako apartak.

ARRANTZARAKO ESKUALDE ERAKUNDEAK. Azken hamarkadetan -1920an ekin zitzaion elkarlanari- Arrantzarako Eskualde Erakundeak sortu dira mundu zabalean, 16 guztira, eta horien bidez kontrolerako zenbait urrats ere egin dira itsaso zabaleko arrantza eremuetan, baina ez dira aski eraginkorrak izan. «Espezie asko desagertzen ari dira, eta beste asko ia desagertuta daude», adierazi zuen atzo Crippsek. Arraste arrantza gaitzetsi dute bereziki elkarte ekologistek; itsas hondo asko suntsitu baititu, eta ekosistema arrunt aberatsak apurtu.

Txostenean Arrantzarako Eskualde Erakundeen funtzionamendu hoberako gakoak ematen ahalegindu dira. Legez kanpoko arrantza eta arrain kontrabandoa saihesteko neurriak proposatu dituzte. Kontrol urriko arrantza eremu horietan, besteak beste, Txina, Hego Korea eta Espainiako arrantzontziak aritzen direla azaldu dute.

Nolanahi ere, estatuen ardurapean dauden arrantza eremuetan ere sarri askotan gehiegikeriak egiten direla onartu dute, eta gaiaren gaineko kontzientzia urria dagoela. Arrantza jarduera kontrolatzeko kuoten gainean, esaterako, sarritan oso kontrol gutxi egoten da.

BILERA NEW YORKEN DATORREN ASTEAN. Astelehenean Arrantzarako Eskualde Erakundeei buruzko batzarra egingo dute New Yorken mundu zabaleko hainbat agintarik, eta txostena eztabaidarako abiapuntu egokia izan daitekeela pentsatzen dute WWF eta Traffic erakundeek. Ondo atera diren esperientzietatik ikasi, eta gaizki atera direnetatik zer baztertu behar den aztertuko dute bileran.

arrain espezieak

Desagertzeko arriskuan
Atlantikoko ipar-mendebaldean. Bakailaoa eta izokina.

Atlantiko osoan. Hegalaburra eta ezpata-arraina.

Ia guztiz desagertuta
Legatz beltza eta erloju-arrain laranja.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.