Kataluniako erreferenduma

Artur Masek emandako bost titulu

Artur Mas presidente ohia, artxiboko argazki batean. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
2017ko irailaren 27a
12:48
Entzun

Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAren berriemaile bereziak egin dio elkarrizketa Artur Masi Generalitateko presidente ohiari.

"Aberrazio bat"

Astelehenean 5,2 milioi euroko bermea jarri zion Madrilgo Kontu Auzitegiak 2014ko azaroaren 9ko galdeketa antolatzeagatik. Masek elkarrizketan garbi dio "estatu boterearen abusu argia" dela, "boterearen desbideratzea". "Araudiaren gainetik jartzen dira, denaren gainetik, mehatxatzeko, kikiltzeko, beldurtzeko, zigortzeko".

"Espainiako Estatuak Katalunia galdu du"

Presidente ohiaren iritziz, Madrilen jarrera izan da, beste ezeren gainetik, kataluniar gehienak handik urrundu nahi izatera eraman dituena: "Ekiten duen bezala ekiten duen estatu batek... honek beldurra ematen du, ez du inor erakartzen, eta XXI. mendean gaude".

"Jazarria sentitzen naiz, eta suntsitu nahi nautelako sentsazioa dut"

"Demokrazia eta eskubide zibilak defendatzeagatik"  jazarria eta ekonomikoki hondoratu nahi izatea leporatu dio Masek Espainiako justiziari. Salatu du auziarekin "zerikusirik ez duen jendeari" kalte egiten ari zaizkiola.

"Auzitegi Konstituzionalak azken hitza hartu zuen unetik, Espainiako Konstituzioa perbertitu egin zen"

Atzera egin eta Konstituzionalak Estatutua "ezereztu" zuen garaia ekarri du gogora Masek, eta nabarmendu du 2010eko ekain hartan bestelako erabaki bat  hartu izan balitz, gaur-gaurkoz ez liratekela erreferenduma bultzatzen ariko, hitzarmen fiskal bat eztabaidatzen baizik. Ordea, parlamentuen arteko itunak eta estatutuari buruzko erreferendumaren gainetik, auzitegiek azken hitza hartu zutenean, "itxuraldatu" egin zuten egoera: "Alderdien kontrolatutako konstituzionala zen, erabat mediatizatua eta erotua, batasun espainiar hori bermatu nahian".

"Europako Batasunaren lehentasunak interesak dira, balioak eta printzipioak izan beharrean"

Nazioarteko jarrerari buruz galdetuta, Artur Mas presidente ohiak argi du Europako Batasunak aurre egin beharko diola Espainiako Estatuari, balio demokratikoak bere interesen aurretik jarriz. Dena den, positibotzat jo du haien aurkako mugimendurik egin ez izana, "Kataluniako prozesuaren aurka jartzeko dituzten presioak kontuan hartuz".

Bestalde, aurrera begirako bi aukera aurreikusten ditu Masek elkarrizketan: bata erreferendumean bozkatu ahal izatea, eta kasu horretan, emaitza loteslea litzateke eta jarraituko lukete estatu katalana egituratzeko prozesuarekin; ordea, Estatuak indarra erabiliz erantzunez gero... "ba hitz egingo dugu, beste egoera batean egongo baikara".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.