Asif Al Zardari PPP Pakistango Herritarren Alderdiko hautagai eta Benazir Bhutto presidente ohiaren alarguna aukeratu dute Pakistango lehendakari. Pervez Musharraf aurreko presidenteak dimisioa eman zuenez, Legebiltzarreko eta eskualdeetako lau parlamentuetako kideek zuten lehendakari berria hautatzeko eskumena bozketa sekretuaren bidez.
Pakisstango Legebiltzarra 442 kidek osatzen dute -342 kide ditu Asanbleak eta 100 Senatuak-, eta eskualde parlamentuetako bakoitzak 65 kide ditu. Horrenbestez, 702 lagunek eman dute botoa eta gehiengo sinplea (352 boto) behar da presidente aukeratua izateko. Pakistango agentzia ofizialek Punjabeko eskualde parlamentuko botoak zenbatu aurretik eman dute Al Zardariren garaipenaren berri, datu horien faltan dagoeneko 459 boto eskuratu baititu PPPko hautagaiak; hau da, aukeratua izateko 352 boto horiek baino ehundik gora gehiago.
Presidente kargua hartuta egoera zailari egin beharko dio aurre Al Zardarik. Alde batetik, arlo ekonomikoan une zaila bizi du Pakistanek. Bestetik, istiluak eta indarkeria giroa areagotu egin dira azkenaldian, besteak beste, islamista armatuen ekinaldiaren ondorioz. Gaur bertan, bozketa egiten ari ziren bitartean,bonba bat zartarazi dute Peshawarren eta gutxienez 12 lagun hil dira.
Beste bi hautagaiak, Nawaz Sharif lehen ministro ohiaren PML-N alderdiko Saeeduzzaman Siddiki eta PML-Qko Mushahid Hussain Sajed, urrun geratu dira Al Zardarik eskuratuko boto kopurutik.
Hiruren artean, Al Zardari da Mendebaldearen babesa duen hautagaia.
Mundua