Askatasunaren Flotilla nazioarteko uretan dago oraindik, Maltan porturatu ezinik

Iragan ostiralean Israelek drone batekin eraso egin zienetik, ezin izan dira lurrera iritsi. Maltako Gobernuak adierazi du laguntzeko prest dagoela, baina oraindik ez dio baimenik eman itsasontziari herrialdean porturatzeko.

Askatasunaren Flotillako kideak nazioarteko uretan. ASKATASUNAREN FLOTILLA
Askatasunaren Flotillako kideak nazioarteko uretan, Maltatik gertu. ASKATASUNAREN FLOTILLA
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 5a
13:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelek EB Europako Batasuneko uretatik gertu egin zion eraso itsasontzi bati, iragan ostiralean: Askatasunaren Flotillaren parte den Conscience itsasontziaren aurka egin zuen Tel Avivek, Maltatik gertu, droneak erabiliz. Bada, ordutik, tripulazioa nazioarteko uretan dago, leku seguru batean porturatu ezinik. Flotillako kideek salatu dutenez, hiru egun daramatzate gertuen dagoen herrialdeari, Maltari, portuan hartzeko eskatzen, baina Valletak ez die baimenik eman oraingoz.

Gaur-gaurkoz bere portuetara joatea baimendu ez dien arren, Malta prest agertu da tripulazioari laguntzeko. Hala jakinarazi zuen atzo Askatasunaren Flotillak, ohar bidez. «Laguntza logistikoa eta itsasontzia konpontzeko laguntza» eskaintzeko prest dagoela esan du Valletak; Rumbo a Gaza erakundeko bozeramaile Sandra Barrilarok salatu duenez, ordea, Maltako Gobernuaren hitzek ez dute ezertarako balio izan oraingoz: «Larrialdi egoeran gaude, eta larrialdi egoeretan asmoak adieraztea baino zerbait gehiago behar da. Ekintzak behar ditugu; hau da, Maltan porturatzeko baimena».

Horiek horrela, Barrilarok argi utzi du flotillaren asmoa Maltan porturatzea dela, eta ez beste herrialde batean. Izan ere, ekintzaileak azpimarratu duenez, Nazioarteko Itsas Zuzenbidearen arabera itsasontzi hondatuak eskubidea du Maltan porturatzeko. Malta EBko kidea da, eta Askatasunaren Flotilla osatzen duten kide asko EBko herritarrak dira; hori dela eta, EBko kide diren herrialdeei presio egiten ari dira Askatasunaren Flotillakoak, porturatzeko modua eman dezaten. Oraingoz, baina, ez diete erantzun. Are gehiago, Barrilarok jakinarazi duenez, Kolonbiak soilik erantzun dio Askatasunaren Flotillaren laguntza deiari.

«Duela hilabete inguru, esan ziguten Gazara heltzen saiatuz gero eraso egingo zigutela, eta hala egin dute»

SANDRA BARRILARORumbo a Gaza elkarteko bozeramailea

Itsasontzi hondatuan hamabost lagun inguru daude, eta ez dago hondoratzeko arriskurik. Hala ere, Barrilarok azaldu duenez, gero eta zailagoa da haiekin harremanetan jartzea: «Israelen erasoak matxura bat eragin du itsasontziaren energia sorgailuan; hortaz, bertan dauden kideekin harremanetan jartzea zaila zaigu oso». Gainera, Israelen erasoaren ondorioz, tripulazioko kideak «estres egoera betean» daude, ekintzaileak nabarmendu duenez.

Israelen esanetara

Europako ezein herrialdek haien laguntza eskariari erantzun ez izanak ez ditu ustekabean hartu ekintzaileak. Barrilarok gaitzetsi duenez, Malta «Israelen esanetara» ari da jokatzen. Are gehiago, Barrilarok gaineratu du Israel «inpunitate osoz» ari dela erasoan EBko herrialdeen aurrean: «Nazioarteko uretan egin digute eraso, eta Europan ez da egon hori salatzeko saiakerarik, beti legez».

Behin porturatu eta ontzia konpondu eta gero, Israelek Gazari ezarritako blokeoa itsaso bidez apurtzen saiatuko da berriz Askatasunaren Flotilla. Dena den, Rumbo a Gaza erakundeko kideak nabarmendu du argi dutela Israelen azken erasoa «mehatxu bat» izan dela: «Duela hilabete inguru esan ziguten Gazara heltzen saiatuz gero eraso egingo zigutela, eta hala egin dute».

Misioaren helburu nagusia da Israel Gazan egiten ari den «genozidioa, sarraskia eta blokeo humanitarioa» salatzea. Izan ere, haien asmoa da zerrendara itsaso bidez laguntza humanitarioa eramatea, baina hori «keinu bat baino ez da» kontuan hartuz gero zenbaterainoko laguntza behar duten. «Egoera humanitarioa konpontzeko beharrezkoa den laguntza Rafahn geldirik dauden ehunka kamioietan dago», salatu du Barrilarok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.