Iheslariekin lan egin du Mixel Sarratiak (Uztaritze, Lapurdi, 1950). Erretiroa hartu zuenetik, errefuxiatuen hainbat kanpalekutan egon da. Haren erretreta ez baita edonolakoa. 35 urtez Baionako ospitalean erizain gisa lanean ibili ondoren, 2010ean hartu zuen erretiroa. Ordutik Suhiltzaile Solidarioak elkartean dabil boluntario. Haitira egin zuen lehen ateraldia, 2010ean bertan, lurrikararen ondorioz etxerik gabe geratu zirenei laguntzera. Iaz, Jordanian egon zen, Zaatari Siriako errefuxiatuen kanpalekuan. Gerratik ihes egindako 120.000 lagun inguru bizi ziren orduan kanpalekuan. Filipinetan ere egon da, uholdeetako biktimei laguntzen, Tablocan hirian.
NBEk esan berri du 51 milioitik gora iheslari daudela.
Ikaragarria da. Ni Jordanian nintzelarik, baziren hango kanpalekuan 120.000 iheslari. Kanpaleku batean bakarrik. Ekaina zen ni joan nintzenean. Errefuxiatu kanpamentu hori aurreko urteko abuztuan sortu zuten, eta 20.000 pertsona biltzen zituen hasieran.
NBEren txostenaren datuek etorkizun beltza erakusten dute.
Urtebete da siriarren kanpalekua utzi nuela, baina gauzak ez dira konpondu.
Hiri batek adina biztanle ditu Zaatarik. Nolakoa da hango bizimodua?
Desertu batean, armadari zegokion toki batean eraiki zuten Zaatari. Dena oihal etxez eraikia dago. Frantziako eta Marokoko armadakoekin batera bizi ginen, haien egoera berean. Hiru astez egon ginen.
Errefuxiatuekin zuzenean lan egin duzu. Nolakoa da haien egoera ?
Hiri batean bezala bizi dira. Saltokiak eta negozioak badira, eta jendea beren familiekin bizi da. Haur anitz eta emakume anitz daude, zeren gizon gehienak gudalekuetan gelditzen dira. Nire sentipena da errefuxiatuak libre direla, baina, era berean, askatasun horretan preso daudela. Ez daude beren herrian, ez daude beren etxeetan. Aske dira, baina ezin dira etxeratu. Siriako mugatik hamar kilometrora daude, baina etxetik kanpo.
Nolakoa zen zuen eta iheslarien arteko harremana?
Besoak irekita hartu gintuzten. Halere, Zaatariko jendea ez zen anitz mintzatzen. Haitin eta Filipinetan desberdina zen. Horiek ez dute indarkeria pairatu. Muga bazegoen hizkuntzan, noski, ezin genuen arabieraz hitz egin. Baina, halere, hitzekin eta irribarrearekin komunikatu ahal da. Siriako errefuxiatuak itxiak dira. Ez dira lasai bizi. Ez dira askatasun osoan bizi, eta, beraz, ez ziren lasai mintzatzen gurekin. Haiek artatzera gindoazen, haurdunaldian laguntzera. Horrek hobetzen zituen harremanak. Halere, agerikoa zen; Filipinetan eta Haitin jendeak aiseago hartzen gintuen, harremanak errazagoak ziren.
Zein zen zure lana errefuxiatu kanpaleku horretan?
Hiru emagin eta bi gizon ginen, mediku bat eta ni. Gizonon lana ez zen erditzerakoan laguntzea. Erlijioak dioenez, gizonek ez dute horretan parte hartu behar. Gure lana zen garbiketak egitea, hango gauzak konpontzea. Haurdunaldian arazoak bazituzten, marokoarren ospitalera eramaten genituen, han egiten baitziren ebakuntzak. Kanpalekuko biztanleak artatzen genituen; bazen zer egin.
Nolako bizi-baldintzak dituzte Jordaniako kanpalekuan?
Behar da esan guk ez genuela dena ikusten. Jendea oso bizi ikusten genuen; poz batean bizi ziren. Kale luze bat bazegoen, bi kilometro ingurukoa, eta hor mota guztietako saltegiak zeuden.
Artatzeaz gain, beste nolabaiteko laguntzarik eskaintzen zenuten?
Taclobanen,Filipinetan, desmasia handia zegoen. Hango etxeak ez dira gureak bezain sendoak, taulaz eta arinki eginak dira. Gure lana izan zen jendea artatzea. Eliza batean lan egiten genuen, eta 130 lagun etortzen ziren egunero. Zaurituak ez ziren anitz, baina jende horrek norbaitekin mintzatu beharra zuen.
Nork finantzatzen ditu Jordaniako eta halako kanpalekuak?
Jordaniak ziurrenik laguntza asko emango du. Beste herrialdeek ere laguntza eskainiko zuten. Ez dute ezer falta. Kamioiak etortzen ziren egunero ura ematera. Komunak denak ondo konponduta zeuden. Ongi jaten zuten, ogia egunero zuten. Haragi gutxi agian, baina fruitu asko.
Leku askotan laguntza eskaintzen du Suhiltzaile Solidarioak elkarteak. Nola finantzatzen duzue elkartea?
Euskal Herrian eta Biarno inguruan bagara berrehun bat kide. Festak antolatzen ditugu, dirua biltzeko. Horrelako tokietara joan behar duzunean, erremedio edo botikekin joan behar duzu. Ezin zara esku-hutsik joan. Gauza horiek edukitzeko, aurretik izan behar dugu diru pixka bat. Ura garbitzeko tresna bat eskuratu dugu orain dela gutxi. Jendeak badaki zer lan egiten dugun, eta bidaltzen digute dirua.
Krisi ekonomikoaren eraginez nabaritu al duzue laguntzak gutxitu direla?
Filipinetara joan aurretik, saltoki batean geundela dirua eskatzen, ohartu ginen krisia bazegoela. Jendeak, halere, badaki zertarako den, eta dirua ematen digute. Beharbada, krisiaren eraginez ez dute horrenbeste ematen. Baina jendea mugitzen da, ikusten dutelako beharrezkoa dela.
Mixel Sarratia. Suhiltzaile Solidarioak elkarteko kidea
«Aske dira, baina preso daude era berean; ezin dira etxeratu»
Siriako errefuxiatuekin lan egin du Sarratiak, Zaatari kanpalekuan, Jordanian. Emakumeak, haurrak eta adineko pertsonak dira biztanle gehienak; gizonak borroka eremuetan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu