Abortua

Aske geratu da Imelda Cortez

El Salvadorko epaile batek errugabetzat jo du abortatzeagatik akusatu zuten 21 urteko emakumea.

Erakunde feministak Imelda Cortez aske geratu izana ospatzen. RODRIGO SUSA, EFE
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 18a
17:33
Entzun

Imelda Cortez Palacios aske geratu da. El Salvadorko Hugo Noel Garcia epaileak abortatzeagatik akusatu eta urte eta erdi luze kartzelan egon den gazteak deliturik egin izana ukatu du. Cortez 2017ko apirilaren 17an erditu zen, etxeko komunean, amaren bikotekideak bortxatua izan ostean.

Neskatoak 10 urte zituenetik bortxatzen zuen gizonak, eta 18 urte zituela geratu zen haurdun. Erditzeko garaian odol jario handia izan zuen emakumeak, konortea galdu arte, eta, horregatik, ospitalera eraman zuten. Jiquiliscon artatu zuten medikuek Poliziari deitu zioten haurra hiltzen saiatu zela salatuz, haurra onik zegoen arren. Ministerio Publikoak hogei urteko kartzela zigorra eskatu zuen Cortezentzat.

El Salvadorren, abortua kasu guztietan dago debekatuta. Bi eta zortzi urte arteko kartzela zigorrak ezartzen dituzte, eta azken urteotan gutxienez 129 emakume epaitu dituzte, eta 24 zigortu.

Cortezen auziak oihartzun zabala izan du, eta sententzia ere azkar zabaldu da. Bertha De Leon abokatua pozarren azaldu da epaiarekin: "Oso pozik gaude; izan ere, orain arte inoiz ez da egon horrelako sententziarik. Emakume ugari modu injustuan zigortu dituzte".

Cortez urte eta erdi luze egon da preso, eta bart askatu zuten. Kartzelaren atarian emakume ugari zituen zain, epaia ospatzeko, tartean urte eta erdiko alaba. Cortezek alaba besoetan hartzean, negar malkotan hasi ziren espetxearen atarian elkarretaratutako emakume asko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.