Gaur dira elkartzekoak AEBetako presidente Donald Trump eta Venezuelako oposizioko buru Maria Corina Machado, Etxe Zurian, AEBek Nicolas Maduro presidentea bahitu berritan. Muturreko oposizioaren irudia da Machado; hauteskundeetako emaitzak faltsutzea egotzi izan dio gobernuari, eta nazioarteak «esku hartze militar bat» egitea defendatu du. Herrialdeko oposizioa, baina, askotarikoa izan da chavismoa agintean dagoenetik.
1999an iritsi zen agintera Hugo Chavez, eta 2005ean egin zuen oposizioak lehen enbidoa, parlamenturako hauteskundeetan. Oposizio tradizionalak boikota egitea erabaki zuen, iruzur espekulazioengatik, baina ez zitzaien ondo atera, chavismoak askoz ere indar handiagoa lortu baitzuen instituzioetan.
Urtebete beranduago egin ziren presidentetzarako hauteskundeak, 2006an, eta oposizioak Manuel Rosales babestea erabaki zuen, indarrak batuz. Baina chavismoaren garai gozoenetako bat izaki, alde handiz nagusitu zen Chavez, botoen %62 eskuratuta. Emaitza argia zen: chavismoa olatu aparretan, eta oposizioa burua ur azpitik atera ezinda.
Beharraren beharraz, barne hausnarketa bat egin zuen oposizioak, eta etapa berri baten aldeko apustua: MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia aliantza sortu zuten hainbat alderdik. Helburua bat eta bakarra zuten: Chavezen aurka indarrak batzea, eta gobernura iristeko benetako alternatiba bat izatea. Hala, hauteskundeen bidea hartu zuten, boikotak ahaztuta.
2010eko parlamenturako hauteskundeetan neurtu zituzten indarrak lehen aldiz, eta esperantza izateko moduko emaitzak eskuratu zituzten. Izan ere, 33 aulkiren aldea izan bazen ere, botoetan bi indarren arteko aldea ez zen %1era ere iritsi.
2012an, Henrique Caprilesek irabazi zituen primarioak, eta Chavezekin lehiatu zen presidentetzarako hauteskundeetan. Hautagai gaztearen freskotasunak herritar asko erakarri zituen, baina ezin izan zion aurre egin Chavezen ospeari.

Hala ere, handik gutxira izan zuen bigarren aukera: hilabete gutxira hil zen Chavez, eta hauteskundeetara deitu zuten, haren hutsunea nork beteko zuen erabakitzeko. Chavezek aukeratutako oinordeko Nicolas Maduro eta Capriles bera lehiatu ziren 2013an. Oposizioak Caprilesengan ezarri zuen indar guztia, eta inoiz baino gertuago izan zuen garaipena. Hala ere, Madurok lortu zuen presidente kargua, 200.000 boto ingururen aldeaz. Horixe izan zen oposizioak hauteskunde batzuetan egindako aurrerapausorik handiena, baina ez zen nahikoa izan aldaketa lortzeko.
‘La Salida’ mugimendua
Garaipena gertu ikustearen ondoriozko frustrazioak gain hartuta, borroka eta protesta garai bati ekin zion oposizioak 2014an, eta, begirada instituzioetan jarri beharrean, kalean jarri zuen. Hainbat alderdik La Salida izeneko mugimendua antolatu zuten. Leopoldo Lopez (Herri Borondatea) eta Maria Corina Machado (Vente Venezuela) buru zirela —tartean zegoen Juan Guaido ere—, manifestazio jendetsuak antolatu, Venezuelako kaleak hartu eta gobernuari presioa egin zioten. Helburua zera zen: Nicolas Maduroren gobernuaren ordez gobernu «baketsu, demokratiko eta konstituzional» bat ezartzea. Mugimendu horrek hautsak harrotu zituen. Hainbat hildako izan ziren herritarren eta estatu indarren arteko istiluetan, eta ehunka lagun atxilotu zituzten; tartean, Leopoldo Lopez bera.
Oposizioaren aurpegi ezagunenetako baten atxiloketak indarra eman zion oposizioari, eta 2015eko parlamenturako hauteskundeak irabazi zituzten, botoen %56,2 eta 167 eserlekutik 112 lortuta. Oposizioaren benetako lehen garaipena izan zen Chavez agintera iritsi zenetik, ordura arte inoiz lortu gabeko arrakasta.
Asanblea Nazionalean Maduroren aurka egiten ahalegindu zen oposizioa, baina alferrik. Izan ere, Batzar Konstituziogilea eratuz erantzun zuen presidenteak; batzar hori ez zegoen parlamentuaren mende, eta ez zeukan oposizioko ordezkaririk —hauteskundeak egin ziren erabaki hori hartzeko, baina oposizioak ez zuen parte hartu—. 1999ko konstituzioaren arabera, Batzar Konstituziogileak «estatua eraldatu, beste ordenamendu juridiko bat sortu eta beste konstituzio bat idatzi» dezake. Eta batzarra indarrean dagoen bitartean, haren erabakiak gainerako botere publiko guztien gainetik daude.
Liskarrak hainbat hilabetez luzatu ziren. Ehundik gora pertsona hil ziren, eta milatik gora zauritu. Nazioartean ere izan zuen oihartzuna. Mendebaldeak eta Latinoamerikako estatu boteretsuenek Maduroren aurka egin zuten. Eta AEBek, adibidez, Maduro ekonomikoki zigortzea erabaki zuten, bertan zituen aktiboak blokeatuta.
Hala, garaipen garrantzitsuena lortu eta gero, lider sendorik gabeko garai batera igaro zen oposizioa, zer estrategia erabili ez zekiela. Juan Guaidoren agerpenak, ordea, dena aldatu zuen. Asanblea Nazionaleko presidenteak behin-behineko presidente izendatu zuen bere burua 2019ko urtarrilean, eta besteak beste AEBek eta EB Europako Batasunak babestu egin zuten.

Horren ostean, apirilean, hordagoa jo zuen Guaidok. Leopoldo Lopez etxeko atxiloaldian zegoen —La Salida mugimenduan atxilotu zutenetik zegoen preso—, eta Guaidok bertatik atera zuen. Estatu kolpea ematen ahalegindu zen militar gutxi batzuekin batera. Altxamendu militarrera deitu zituen herritarrak, AEBen babesarekin, baina saiakera horrek ordu gutxi iraun zuen.
MUD aliantzaren inhabilitazioa iritsi zen gero, eta, horren ondorioz, estrategia berri baten beharra izan zuen oposizioak beste behin, ordurako Guaidok galdua baitzuen nazioartearen babesa. Bada, 2021ean PUD Plataforma Unitario Demokratikoa sortu zuten oposizioko alderdi nagusiek, eta Machadok irabazi zituen primarioak, handik bi urtera. 2024ko presidentetzarako bozetan, ordea, ezin izan zuen parte hartu, hamabost urteko inhabilitazioa ezarri ziotelako, Guaidoren ustelkeria kasuetan parte hartu izana egotzita. Ondorioz, Edmundo Gonzalez izan zen oposizioaren burua.
2024ko hauteskundeak, mugarri
Azken hauteskunde horiek mugarri izan ziren. Izan ere, Chavismoaren amaiera etor zitekeela uste zen, baina Maduro nagusitu zen berriro ere, botoen %51,9 eskuratuta. Gonzalezek ez zituen emaitzak onartu, eta Espainiara erbesteratu behar izan zuen. Machadok, berriz, oposizioaren garaipena aldarrikatu zuen, eta bere lidergoa indartu. Kaleak jendez bete zituen, eta, klandestinitatetik, Venezuelako armada eta Polizia deitu zituen Maduroren aurka matxinatzera. Gerora, Bakearen Nobel Saria eman zioten, «elkarbizitza eta adierazpen askatasunaren alde» egindako lanagatik.
Machadok begi onez ikusi ditu Trumpek eginiko erasoa eta Maduroren bahiketa, eta azken asteetan «askatasunaren garaia» iritsi dela adierazi du. Trumpek, ordea, laster atera zuen ekuaziotik —CIAren gomendioz—, haren aburuz ez baitauka Venezuelako herritarren «sostengu eta errespetu» nahikorik.