Mundua

Asteburuan hildako bi pertsonen hilketak ezkutatzea leporatu dio Palestinako Aginte Nazionalak Israeli

Ilargi Gorriak ukatu egin du ostiralean hil zen emakumezkoak gasa arnastu aurretik arnasketa arazorik zuela, Israelgo komunikabideek bestela esan arren. Igandean hil zuten gaztea lanera zihoan, eta ez zuen armarik eskuan, freskagarri bat baizik; haren gorpua balaz josita zegoela esan du auzi medikuak.

2011ko urtarrilaren 5a
11:22
Entzun
Palestinako Aginte Nazionalak asteburuan hil ziren bi pertsonen hilketak ezkutatzen saiatzea leporatu dio Israeli. "Bi pertsona horiek Israelgo Gobernuaren politikaren biktima dira, Israelgo segurtasun indarrei, kolonoei eta guardiei biolentziaren neurrigabeko erabilpena baimentzen dielako, horretarako arrazoirik egon ez arren", adierazi du PANek ohar batean. Palestinako Gobernuaren arabera, pasa den urtean Israelek biolentzia areagotu du, jende gehiago atxilotuz eta palestinarren etxe gehiago behera botaz. Horregatik Israeli Palestinaren aurkako erasoak eteteko eskatu dio.

Hildakoetako lehena ostiralean hil zen. Jawaher Abu Rahmah zuen izena eta Israelgo Poliziak protesta batean manifestarien aurka bota zuen gasa arnastuta hil zen. Belenen Palestinako mugan dagoen hormaren aurka ari ziren protestan. Gasa arnastearen ondorioz ospitalera eraman zuten eta larunbatean hil zen. Ilargi Gorriko langileek aurretik arnasteko arazorik zuenik ukatu dute, Israelgo komunikabideek zabaldu duten moduan. Israelgo armadak gertatutakoa ikertuko duela esan du.

Igandean, berriz, soldaduek Ahmed Maslami 21 urteko gaztea hil zuten, Zisjordaniako kontrol batean. Israelgo armadak eskuan aizto bat zuela uste zutelako hil zutela dio, baina Maan albiste agentziak dio botila bat zela eskuetan zuena. Lekukoen arabera, soldatu batek tiro egin zuenean Maslamik eskuak altxatu zituen, eta orduan beste bi soldaduk hil zuten. PANen arabera kola freskagarri bat zeraman eskuan, armarik ez zuen eta lanera zihoan. Forentsearen arabera balaz josita zegoen gaztearen gorpua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.