Kataluniako Gobernuko presidente izendatzeko Sanchezen hautagaitza eztabaidatuko du parlamentuak datorren astelehenean, martxoaren 12an. JxCren zerrendako bigarrena inbestitu ala ez eztabaidatuko dute taldeek 10:00etan hasiko den saioan.
Sanchezek baimena eskatu dio dagoeneko Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileari, aske utz dezan, Generalitateko presidente izateko aukera izate aldera. Sanchezen defentsa abokatuek azaldu dutenez, Auzitegi Konstituzionalean ere aurkeztu du behin-behineko espetxealdia bertan behera uzteko eskaria. Hala egin ezean, Kataluniako autonomiari kaltea eragingo zaiola ohartarazi du Sanchezen defentsak. Sanchez Soto del Real kartzelan (Madril) dago preso, iazko urriaren 16az geroztik, sedizio delitua leporatuta.
Hautagaiaren abokatuek haren parte hartze politikorako eskubidea aldarrikatu zuten aurretik, eta beste bi eskari aurkeztu zituzten Auzitegi Konstituzionalean: JxCren zerrendan hauteskundeetara aurkeztu zenean, lehenik, eta diputatu aukeratua izan zenean, ondoren.
Llarenak Sanchez aske uzteari uko egingo balio, hautagaiaren defentsak galdegin du, gutxienez, inbestidura saioan parte hartu ahal izateko baimena eman diezaiola.
Eskari bera egiteko zein neurri har ditzakeen aztertzen ari da Kataluniako Parlamentuko Mahaia ere. Zehazki, parlamentuko letratuei galdegin die zein ekinaldi garatu ditzakeen,auzitegiak Sanchezen espetxeratzea eten dezan eskatzeko.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Sanchezen hautagaitza aurkeztu du eztabaidarako, taldeekin bilera erronda egin ondoren. Sanchezek ziurtatua du JxCren eta ERCren babesa. Aldiz, kontra bozkatuko dutela iragarri dute Ciutadansek, PSCk, Catalunya En Comu-Podemek eta PPk. CUPek jakinarazi du abstenitu egingo dela, JxC eta ERCren arteko akordioa "autonomista" dela iritzita.
Beraz, taldeek hasierako jarrerari eusten badiote, Sanchezek ez du inbestitua izateko nahikoa babesik lortuko; ez lehenengo bozketan —gehiengo absolutua behar du—, ezta bigarrenean ere —nahikoa luke gehiengo soilarekin—.
Bozketarekin, ordea, gobernua osatzeko legediak aurreikusten duen gehieneko epea hasiko litzateke zenbatzen, eta gobernua osatzeko nahiko adostasunik lortu ezean, berriro ere hauteskundeetara deituko lukete.
Generalitaterako presidentea izendatzeko bigarren saiakera izango da datorren astelehenekoa. Aurretik, Torrentek bertan behera utzi zuen urtarrilaren 30ean egitekoa zen inbestidura saioa, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua inbestitzeko nahikoa "berme juridiko" ez zegoela argudiatuta.
Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen Puigdemonten hautagaitzaren kontra Auzitegi Konstituzionalean, eta auzitegiak baldintzak ezarri zizkion Puigdemonten inbestidurari: eztabaidan parte hartzeko parlamentura joatea, eta aldez aurretik epaileari baimena eskatzea. Konstituzionalak gaur zen argitzekoa Madrilen helegitea tramiterako onartzen duen ala ez, baina erabaki hori atzeratu egin du, Puigdemont ez delako hautagaia jada. Espainiako Gobernuari, Generaliteateari eta gainerako aldeei gaiaren inguruko iritzia emateko eskatu die, gainera.