Kataluniako prozesu subiranista

Astelehenerako deituko du Ministro Kontseilura Rajoyk

Artur Masek bihar sinatuko du A-9rako herri galdeketa iragartzeko dekretua. Kontsulta babesten duten indar politikoetako buruak deitu ditu Kataluniako presidenteak sinadura ekitaldira.

Artur Mas presidentea, Bartzelonan. TONI GARRIGA / EFE
2014ko irailaren 26a
10:16
Entzun

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak esan duenez, aurreikusi bezala Artus Masek bihar sinatzen badu galdeketara deitzeko dekretua, astelehenerako deituko du Ministro Kontseilura. Txinan egin ditu adierazpenok. "Ezin da legea urratu eta herrialde baten burujabetasuna kitatzen saiatu; hori ez da posible ez orain, ez inoiz", berretsi du Rajoyk.

Espainiako Gobernuak esana zuen Masek dekretua sinatu orduko Ministroen Kontseilua bildu eta helegitea jarriko duela Auzitegi Konstituzionalean. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak "azkar" erantzungo dutela esan zuen atzo; baina ezingo dute eragotzi herri galdeketarako kanpaina egun batzuetan behintzat indarrean izatea.

Artur Mas Generalitateko presidenteak bihar goizean sinatuko du katalanak herri kontsultara deitzeko dekretua. Masek iragarria zuen dekretua asteon sinatuko zuela, baina epeei buruz zantzurik eman gabe; beranduenez larunbatean izango zela, besterik ez. "Buruargi eta abil" jokatu nahi zuela nabarmendu zuen, Espainiako Gobernuari gauzak ez errazteko.

Garrantzi handiko ekitalditzat dauka Masek kontsultara deitzeko dekretuaren sinadura, eta, horregatik, gaurko eguna agendatik ezabatuta zeukan. Izan ere, Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak gaur egin du agerraldia Kataluniako Parlamentuan, atzerrian ezkutuan izan dituen diruei buruz azalpenak emateko.

Egun seinalaturako, Masek Generalitatera deitu ditu azaroaren 9an herri galdeketa egitearen alde agertu diren indar politikoetako buruzagiak: Jordi Turull (CiU), Oriol Junqueras (ERC), Joan Herrera (ICV-EUiA) eta David Fernandez (CUP) behintzat bai, eta baita Nuria Gispert parlamentuko presidentea eta beste hainbat arduradun politiko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.