Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, ez da Ukrainako laborerik esportatu zamaontzi bidez, hegoaldeko kaiak errusiarrek harturik edo blokeaturik daudelako. Horrek aleak garestitzea ekarri du mundu osoan, eta gosetearen inguruko beldurra zabaldu da, Ukraina baita planetako labore esportatzaile nagusietako bat, eta herrialde asko horren alearen mende baitaude populazioa elikatzeko. Turkiak artekari lanak egin ditu Ukrainaren eta Errusiaren artean, laboreen esportazioa desblokeatzeko, eta, Kievek baieztatu duenez, gaur goizaldean atera da lehenengo zamaontzia Ukrainatik.
Razoni ontzia 06:15 aldera atera da Odesako portutik. 26.000 tona arto eramango ditu Libanora. Bihar arratsaldean da heltzekoa Tripolira, plangintzaren arabera.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen eledun Ibrahim Kalinek Kanal 7 telebistan gaineratu duenez, Istanbulen jarri duten koordinazio zentroak laster amaituko ditu esportatzeko bide seguruak zehazteko lanak.
Esportazioei berriz ekin badiete ere, ikuskizun dago horrek nola eragingo dien laboreen merkatuei, eta, ondorioz, alearen prezioari. Izan ere, Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteak iragarri du litekeena dela aurten Ukrainak normalean biltzen duen uztaren erdia jasotzea.
Laboreak arma estrategiko bihurtu dira Ukrainako gerran. Errusiari egotzi dioten bonbardaketa batean, Ukrainako gizonik aberatsenetako bat hil dute Mikolaiv hirian, Oleksiy Vadaturski. Bere etxean hil dute. Nibulon konpainia esportatzailearen buru zen, eta laborea esportatuz aberastu zen. Besteak beste, zamaontzi talde baten jabe da konpainia. Kieveko Gobernuko aholkulari Mikhailo Podoliakek esan duenez, Vadaturski hiltzea ez da istripua izan, baizik eta «ongi pentsaturiko eta antolaturiko hilketa» bat.