Hegaztien gripea

Atzo Kurdistanen hil zen neskatilak H5N1 birusa zuela baieztatu dute; dagoeneko lau dira herrialdean hildakoak

Turkiako agintariak gaur baietatu dute, atzo Vanen (Turkiaren menpeko Kurdistan) hil zen 12 urteko neskatilak hegaztien gripearen H5N1 aldaera zuela. Heriotza honekin lau dira dagoeneko hegaztien gripeak eraginda herrialdean hil direnak. Orain arte, Turkiaren menpeko Kurdistanen eta Turkiako beste hainbat eskualdetan 20 dira dagoeneko birusak eragindako kasuak.

2006ko urtarrilaren 16a
17:21
Entzun
Fatma Ozcan, atzo hil zen birusaren H5N1 aldaerak jota. Hasiera batean, baina, analisien emaitzek azaldu zuten neskatoak ez zegoela birusaren H5N1 aldaerarekin kutsatuta. Atzo, ordea, bost urteko bere nebari egin zizkioten analisiak eta emaitzek positibo eman zuten. Horregatik, Osasun Ministerioak neskatoari analisiak errepikatzeko agindua eman zuen eta froga berri horiek baieztatu zuten Ozcan birusaren H5N1 aldaerak jota hil zela.

Agintariek berehala lurperatu zuten bart neskatila. Poltsa berezi batekin estali zuten edozein birus saihesteko. Fatma Ozcan Dogubayazit herrikoa zen; duela 10 egun beste hiru haur hegaztien gripeak jota hil ziren leku berekoa hain zuzen.

Turkiako agintariek gaur eman dute aditzera 764.000 hegazti hil dituztela hegaztien gripea hedatzea kontrolatzeko helburuarekin. Era berean, mota guztietako hegazti eta animaliak garraiatzea (lasterketetako zaldiak izan ezik) debekatu dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.