Myanmarko junta militarrak etxeko espetxealdia ezarri dio Aung San Suu Kyiri, Myanmarko estatu kontseilari ohi eta Bakearen Nobel saridunari.
2021eko estatu kolpetik zegoen espetxean Aung San Suu Kyi. 33 urteko kartzelaldia ezarri zioten hasieran, baina 27 urtera murriztu zioten 2023an, eta, The Irrawady hedabidearen arabera, hemezortzira jaitsi diote orain.
Junta militarrak ziurtatu duenez, baimena eman zuten agintari izandakoa egoitza batera eramateko, «borondate onez». Hala ere, ez dute eman leku horren inguruko xehetasunik.
«Sekretu ofizialen legea urratzea eta hauteskundeetan iruzur egitea» egozten diote — hemeretzi delitu leporatu zizkioten guztira—, nahiz eta hark hasieratik ukatu duen halakorik egin izana.
Hala NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak nola giza eskubideen aldeko zenbait erakundek Aung San Suu Kyi aske uzteko eskatu izan diote Myanmarko junta militarrari. Izan ere, haien esanetan, motibazio politikoa dago politikariaren atxiloketaren atzean.
Estatu kolpeaz geroztik, Aung San Suu Kyi oso gutxitan ikusi dute jendaurrean. Are, haren senitartekoek salatu izan dutenez, agintari ohiak urteak igaro ditu senideekin eta abokatuekin inolako elkarrizketarik izan gabe. Bada, albistearen berri ematean, haren argazki bat zabaldu du Myanmarko junta militarrak. Argazki horretan ikusten denaren arabera, gela batean dago Aung San Suu Kyi, militar baten eta polizia baten aldamenean.
Myanmarko diktadura militarraren aurkako sinbolo izan da urte luzez Aung San Suu Kyi. Hain zuzen, diktadura horren aurka egindako lanagatik jaso zuen Bakearen Nobel saria, 1991n.
Aung San Suu Kyiren zigorra murriztu dutela ez ezik, kartzelan zeuden 1.508 laguni amnistia legea aplikatu zaiela ere jakinarazi du junta militarrak; tartean, herrialdeko presidente izandako Win Myint ere askatu dute.