Espainia

Aurreikusita dagoen porrot bat oholtzaratu ahal izateko prozesua

Nuñez Feijoo PPkoa Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute gaur Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka izendatua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan

Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaia Espainiako Kongresuan, joan den astean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Porrotera kondenatuta dago gaur Espainiako Kongresuan hastekoa den inbestidura prozedura, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiarena. Zeren, sekulako ezustekorik ezean, ez baitute Espainiako Gobernuko presidente izendatuko; ez gehiengo osoarekin biharko bozketan, ezta soilarekin ere ostiralean, ez baitu horretarako behar besteko babesik. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabazi zituen joan den uztailaren 23an, eta, hilabete bat geroago, behin bi ganberetan ordezkaritza lortu duten alderdiekin mintzatu ondoren, gobernua osatzen ahalegintzeko eskatu zion estatuburuak, Felipe VI.a erregeak. Baina PPren liderra ez da horretarako gauza izan, nahiz eta saiatu den EAJ erakartzen eta PSOEko diputatuak alderdiaren diziplina haustera deitzen.

Beraz, bihar hasi eta ostiralean bukatzekoa den prozedurak balioko du, era berean, egiaztatzeko PSOEk badituela berriro gobernatzeko aukerak. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako jarduneko presidentea ziur dago horretarako Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi subiranisten babesa edukiko duela. Eta, paraleloki, Feijook prozeduraren egunak baliatu ditzake, batetik, oposizioko lider indartsu baten gisara agertzeko bere alderdikideen aurrean, edo, bestetik, hautagai gisa agertzeko berriz, Sanchez ere izendatzen ez badute bozak berriz egingo dira eta.

Ia-ia gutxienekoa da gaurko saioan —12:00etan hastekoa da— aurkeztekoa den programa. Sei estatu itun plazaratzeko da. Sanchezek esana dio ezetz Feijoori; abuztu bukaeran ere ezetz esan zion: PPkoak planteatu zion bi urtez gobernatzea eta 2025ean atzera bozetara deitzea. Ate guztiak itxi dizkiote Feijoori. Espainiako Estatuan, izan hirietan, izan aldundietan, izan erkidegoetan Voxen besoetara jo duenez, gainontzeko alderdiek kasik entzun ere ez diote egiten PPren liderrari hitz egiten dienean. Biharko bozketan gehiengo osoa beharko luke; hau da, 176 boto. 172 ditu: PPren 137, Voxen 33, UPNren bat eta CC Koalizio Kanariarraren bat. Gehiengo soila lortzea ere ia ezinezkoa du, gaur-gaurkoz diputatu gehiago baititu kontra alde baino.

Orduan, esan liteke PP oposizioa egiten hasi dela. Herenegun, esaterako, mobilizaziora deitu zuen Madrilen, eta hartan zera leporatu zioten Sanchezi: bide emango diola Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz errepresaliatutakoei amnistia emateari, ERC Esquerra Republicanaren eta JxC Junts Per Catalunyaren babesa lortu eta hala presidente hautatua izateko. PPren esanetan, 60.000 lagun bildu ziren elkarretaratzean —Espainiako Gobernuak Madrilen daukan ordezkaritzaren arabera, 40.000 ziren—. PPren idazkari nagusi Cuca Gamarrarentzat, «arrakastatsua» izan zen ekitaldia. «Erakusten du Espainia esna dagoela, amnistiaren kontra altxatzen dela», adierazi zuen Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketa batean, atzo.

Kontrara, Feijoo presidente izendatzeko prozedura antzutzat jota, PSOEk segitzen du iradokitzen amnistia onartuko duela. Pilar Alegria Hezkuntzako jarduneko ministroari horri buruz galdetu zioten TVEn atzo, eta erantzun zuen PSOEk «borondatea» duela «adostasunetan eta elkarrizketetan oinarritutako politikarekin» segitzeko. «Horretarako, elkarbizitzaren aldeko erabakiak hartu behar dira». Gogoratu zuen, bide batez, PSOEk «ahalik eta azkarrena» bildu nahi duela Sanchezen inbestidura posiblerako babesa.

Espainiako jarduneko presidenteak joan den astean nabarmendu zuenez, «koherentea» izango da Katalunian egiten ari den «normalizaziorako politikarekin». Adierazpen horiek egin zituen, hain justu, Oriol Junqueras ERCko liderrak esan zuelako amnistia jada jasota zegoela Kongresuko presidentetza PSOEri emateko sozialistekin abuztuan egin zuten akordioan. Inork ez du gezurtatu Junquerasek plazaratutakoa. Autodeterminazio erreferendum bateranzko pausoak ematea ere bada ERCk Sanchezi jarri dizkion baldintzetako bat, hari babesa ematearen truke.

Lurralde auzia

Feijooren saiakerak huts egiten baldin badu gerta daitekeenaz hitz egiten hasi dira EH Bildu eta EAJ. Mertxe Aizpurua koalizio independentistak Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, horrek aukera emango luke lurralde auziari buruzko eztabaida hasteko. «Eta bukatu beharko litzateke euskaldunon, katalanen eta galiziarren eskubideak aitortuz», adierazi zien herenegun kazetariei, ekitaldi batean. EH Bilduk ez dio marra gorririk jarri Sanchezi. Jeltzaleak «ekarpenak» egiteko prest daude Espainiaren gobernagarritasuna bermatzearren, baina, Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak herenegun —Alderdi Egunean— esan zuenez, lurralde auziaren eztabaida abiatu behar da horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.