Akordioa lortu ez lortu, egun gogorra izan zuten atzo Bruselan Europako Batasuneko estatu kideetako agintariek. EBren 2007-2013 aldirako aurrekontuak zeuden jokoan. Bart EBko estaturik aberatsenak behin-behineko akordioa iritsi zuten, aurrekontuen gaineko hitzarmena lortu aldera. Lerrook idazterako, hura gainerako kideei aurkezten ari zitzaizkien. Funtsezko gaietako bati dagokionezdeskontu britainiarra delakoa, jasotzen duen dirutzatik 2.500 milioi gehiago murrizteko (orotara 10.500 milioi euro murriztuta) prest agertu zen EBko presidentetza duen Tony Blair lehen ministroa. Gauean iragarri zuenez, «bidezkoa eta zentzuzkoa den akordioa» lortzeko azken proposamena aurkeztekoa zen. «Ordua da Europak akordioa lortu eta bere bidea segi dezan», esan zuen, eta Erresuma Batuak, EBren hedapenaren gastuetatik «dagokion bidezko zatia» ordainduko duela nabarmendu.
Lehenago, eztabaidek aurrera egiten zuten heinean, akordioa gertuago ikusten hasiak ziren agintariak. Hala, Frantziako presidente Jacques Chiracek esan zuen «akordioa begi bistan» zegoela, deskontu britainiarra-z Berlinek eta Parisek eginiko proposamena oinarri hartuta. Ildo berean, nekazaritzarako laguntzetan zatirik handiena jasotzen duen Poloniak zera esan zuen, lehen ministro Kazimierz Marcinkiewiczen ahotik: «Badirudi aurrekontu berria proposamen zaharrekoa baino handiagoa eta orekatuagoa izango dela». Londresen proposamenaren arabera, EBko estatu kide berriei (Polonia horietako bat da) eman beharreko funtsen %60 murriztuko luke Bruselak. Varsoviak, ordea, ehuneko hori ahalik eta gehien gutxitzea nahi zuen. Egun gorabeheratsua eta eztabaida ugarikoa izan zen atzokoa ere. Blairren eledun batek esan zuen Londres atzo aurkeztekoa zen proposamenak EBren gastuei, Londresen baliabideei deskontu britainiarra barne eta berrikuspen klausula delakoari eragingo ziela. Hasieran eguerdia eta gero, arratsaldeko bostetan, zen aurkeztekoa Blair bere proposamena, baina geroago afalordurako utzi zuen. Dena den, egunak aurrera egin ahala, iturri britainiarrek azaldu zuten bazitekeela proposamena bart ez aurkeztea, aldeek proposatutako kopuruak aztertzeko eta akordioa egingarria zenez aztertzeko erabiliko zutelako afaria. Arrastiri osoan hara eta hona ibili ziren agintariak, buruz buruko bilerak egiten, zifrak bateratzeko asmoarekin.Europako Kontseiluan, herenegun eta atzo artean goi bileran bilduta, EBko buruzagiak Blairren proposamenaren aztertzen zeuden lerrook idazterako. Ezadostasunak zirela-eta, Europako Kontseiluaren funtzionamendua aldatu zuten atzo goizean. Osoko bilkura egin beharrean, binakako elkarrizketak egin zituzten.
Zailtasunak gainditu nahian
Goizean, proposamen bateratua aurkeztu zioten Blairri Alemaniako eta Frantziako buruzagiek, non deskontu britainiarra delakoaren erreforma galdegiten zuten. Proposamen horrek, besteak beste, Austria, Espainia, Italia eta Luxenburgoren sostengua zuen.
Lehen ministro britainiarrak hainbat bilera egin zituen gainerako estatuetako agintariekin. Blairrek ez zuen Berlinek eta Parisek gidatutako proposamena deblauki errefusatu.
Deskontu britainiarra Londresek EBri urtero emandako dirutik geroago jasotzen duen kantitatea da, eta nekazaritzarako laguntzak jasotzen ez dituelako eskuratzen du. Orain arte 5.000 milioi euro berreskuratzen zituen, baina Blairrek gehiago nahi zuen. Deskontua erreformatzeaz gain, berrikuspen klausula delakoa Londresek 2008-2009rako proposatzen duen gastua berriz aztertzea ere hartzen du ardatz proposamen bateratuak. Honen arabera, EBren sarrera eta gastuak berriz aztertu eta erreformatuko lituzkete, 2014tik aurrera, oraingo aurrekontuen aldia bukatutakoan, indarrean sartu ahal izateko.Espainiako ordezkariek azaldu zutenez, proposamen bateratua aurkeztu zuten estatuen helburua EBren hedapena ordaintzeko unean Londresek «parekotasun printzipioa onartzea» zen. «Hedapena denok ordaintzen dugu, eta Erresuma Batuak bere zatia osoki ordaindu behar du», esan zuen Espainiaren EBrako idazkari Alberto Navarrok. Erantsi zuenez, lehenik printzipioez mintzatu ziren, baina geroago deskontu britainiarra-ren kopuruak negoziatzekoak ziren.Parisko iturri ofizialek argi utzi zuten, berriz, Chiracentzat funtsezkoena zela berrikuspen klausula negoziatu aurretik deskontu britainiarra-ren izaera iraunkorra ezabatzea lortzea. «Deskontu britainiarra-ren aitzinean irmotasuna argi uztea garrantzitsua da», nabarmendu zuten.«Ez gara diruaz hitz egiten ari, printzipioez baizik; kontuan izan behar da denok gaudela Egonkortasun Itunaren zorroztasunari lotuta, eta finantza publikoen gainean kontrol handia egin beharra dagoela», azaldu zuen eledun batek. Blairren bozeramaile batek esan zuen Chiracek aurkeztutako proposamen bateratuaren ondotik aurrera egin zuela negoziazioak. Ordubete lehenago, ordea, akordioa lortzeko zailtasun handiak zituztela kexu zen.
Deskontu britainiarra-z honakoa galdegin zion Berlinek Londresi: «Orain arte eskainitako murrizketaren (8.000 milioi euro) eta Frantziak eskatutakoaren (14.000 milioi euro) artean kokatu zuen eskaintza, 11.000 milioi euro inguruan». Bestalde, Alemaniako kantziler Angela Merkelek EBren aurrekontu globala 862.500 milioi eurora igotzea (13.200 milioi euroko igoera) proposatu zuen, orain arteko proposamenetik haratago joanda. Hori EBren Barne Produktu Gordinaren %,1,045litzateke. Orain arte Londresek eginiko azken proposamenak BPGren % 1,03 zuen ardatz.Horrez gain, beste hainbat puntu garrantzitsuren gaineko erabakia utzi zuten atzoko. Guztiak ere aurrekontuen gaineko akordioaren menpekoak: immigrazio plan globalaren finantza atala, zenbait zerbitzuen gaineko BEZ murriztua eta Mazedonia EBrekin bat egiteko hautagai izendatzea.
EUROPAKO BATASUNEKO AURREKONTUAK
Aurrekontuetan akordioa lortzeko bidea ireki dute estatu aberatsek
Gainerako kideekin aztertzen ari ziren bart; Londres prest, 'deskontu britainiarra' 10.500 milioi eurotan gutxitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu