Suteek kiskalitako guneetan bizirik iraun duten animalientzako milaka kilo janari botatzen ari dira Australian, helikopteroak erabilita. Irailetik sute handiak izaten ari dira, eta leku askotan garrek elikagai oro suntsitu dute.
Hegoaldeko Gales Berria estatuko Gobernuak helikopteroak lanean jarri ditu bi tona azenario eta batata baino gehiago botatzeko walabiak bizi diren hainbat tokitan. Walabiak martsupialak dira, kanguruak bezala. «Walabiek ihes egiten diete garrei, baina elikagairik gabe geratzen dira, suak euren bizitoki harritsuetako landareak suntsitzen dituelako», azaldu du Matt Kean estatuko Ingurumen idazkariak. Jana botatzeaz gain, Keanen sailak kamerak jarri ditu, animaliak elikagaioz nola baliatzen diren behatzeko.
Suteek zortzi milioi hektarea kiskali dituzte dagoeneko —Irlandaren azaleraren pare—, eta 26 pertsona hil dira horien eraginez. Agintariek kalkulatu dutenez, mila milioi animalia hil dira.
Australian ohikoak dira baso suteak, baina aurten, uda hasi ere egin baino lehen, bereziki kezkagarria da.
Oraindik ere ehun sute baino gehiago daude piztuta Australian. Aste honetarako euri mardula iragarri dute erdialdean eta iparraldeko kostaldean, eta Hegoaldeko Gales Berriko hainbat tokitan 25 milimetro espero dituzte. Iragarritako euria heltzen bada, «gure Eguberrietako, urtebetetzeko, urteurreneko eta ezkontzako opariak denak batera jasotzea bezalakoa izango da», idatzi du Twitterren Hegoaldeko Gales Berriko Sute Zerbitzuak. Halere, nabarmendu dute euria ez dela izango sua erabat itzaltzeko adinekoa.
Suteek zuzeneko arriskuak izateaz gain, kutsadura arazo larri bilakatzen ari dira herritarrentzat.
Hainbat herritarrek eta eragilek Scott Morrison Australiako lehen ministroari egotzi diote ezer gutxi egin duela suteen aurka. Oposizioan den Alderdi Berdeak gogor egin du haren kontra. Morrisonek, ordea, ukatu egin zuen bere politikek eta suteek zerikusia dutela; emisioak murrizteko politika gogorragoak ezarriko balitu enplegu galera ekarriko luketela argudiatu zuen azaroan. Besteak beste, ikatzaren industria babestu du Morrisonen gobernuak indarrean denetik —2018ko abuztutik—.
Australiako Gobernu kontserbadoreak konpromisoa hartu zuen, Parisko Akordioan, isuriak %26-28 artean murrizteko 2030erako, baina, adituen arabera, egungo garapenarekin ez du beteko helburu hori.
Negurik ez 2050erako
Australiako Unibertsitate Nazionalaren ikerketa baten arabera, Australiak ez du negurik izango 2050. urtean: «Urtaro bakoitzeko tenperaturak erkatuta, nabaritu dugu ez dela neguko denboraldi iraunkor bat izango 30 urte barru». Hortik aurrera «uda berria» deitu dioten urtaro bat sortuko dela diote ikerlariek.
Adituek aurreikusten dute aurtengo uda gogorra izango dela, baina 2009ko otsaileko gertakariak berriro ez gertatzea espero dute. Black Saturday izena jarri zioten ostiral hari; 173 pertsona hil ziren Victoria eskualdean, eta guztira 374 lagun hil ziren bero bolada batean.