Australian eraso antisemitak egin izana leporatu dio Canberrak Irani

Australiako lehen ministroak adierazi du bere informazio zerbitzuek frogak dituztela ziurtatzeko Iran dagoela erasoen atzean. Teheranen enbaxadorea herrialdetik kanporatu dute, eta Canberrak Iranen duen enbaxadako operazioak eten dituzte.

Australiako Segurtasunerako Inteligentzia Erakundeko zuzendari Mike Burgess, ezkerrean, eta Australiako lehen ministro Anthony Albanes, eskuinean, gaur emandako prentsaurrekoan, Canberran, Australian. LUKAS COCH / EFE
Australiako Segurtasunerako Inteligentzia Erakundeko zuzendari Mike Burgess, ezkerrean, eta Australiako lehen ministro Anthony Albanese, eskuinean, gaur emandako prentsaurrekoan, Canberran, Australian. LUKAS COCH / EFE
2025eko abuztuaren 26a
19:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Australiako lehen ministro Anthony Albanesek gaur adierazi du 2024an Australian egindako bi eraso antisemitaren atzean Irango Gobernua dagoela. «Iran gure herritarren arteko batasuna ahultzen saiatu da, Australiako gizartea zatitzen; eta, horretarako, izutzea ez ezik australiarren bizitzak arriskuan jartzea ere helburu zuten ekintzak erabili ditu», gehitu du gaur lehen ministroak, Canberran emandako prentsaurrekoan. 

Albanesek esan du iragan urteko erasoak «ikaragarriak eta arriskutsuak» izan zirela, eta Iranek horiekin zerikusia izatea gaitzetsi du: «Onartezina da, eta Australiako Gobernuak neurri irmo eta gogorrekin erantzungo du». Hala, gobernuko kideek iragarri dutenez, Irango enbaxadorea Australiatik kanporatu dute, eta Australiak Teheranen duen enbaxadako operazioak geldiarazi dituzte. 

Sydneyko Lewis Continental Kitchenen eta Melbourneko Adass Israel sinagogan egin zituzten Australiako lehen ministroak gaur aipatu dituen erasoak; aurrenekoa 2024ko urrian izan zen,  eta bigarrena, azaroan. Ez zen inor hil, ezta inor zauritu ere, baina bi aldietan erasotzaileek eraikinari su eman zioten, eta kalte handiak eragin, Australiako iturri ofizialen arabera.

Australiako Segurtasunerako Inteligentzia Erakundeak Iran suteen atzean dagoela ziurtatzen duten «froga esanguratsuak» dituela azaldu du Albanesek prentsaurrekoan. Eta erakunde horretako zuzendari Mike Burgessek gaineratu du Teheran beste eraso antisemita batzuen atzean dagoela. Albanesek azpimarratu duenez, Iran egilea izanez gero, iazko bi suteak «atzerriko nazio batek Australiako lurretan» egindako erasoak izan ziren ─Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa larria izan daiteke hori─. 

Horiek horrela, Canberrak Teheranen aurka egin du. Bigarren Mundu Gerratik lehen aldia da Australiak bere lurraldetik enbaxadore bat kanporatu nahi izan duela. Ahmad Sadeghi enbaxadoreak eta beste hiru funtzionariok zazpi egun dituzte herrialdetik irteteko, eta Irango ordezkaritzako australiar guztiak herrialdetik atera dira dagoeneko. Bestalde, Irango Guardia Iraultzailea erakunde «terrorista» gisa izendatuko duela ohartarazi du Canberrak gaur. 

Iranek, berriz, baztertu egin du Australian juduen aurkako erasoak egin izana. Antisemitismoak beren kulturan lekurik ez duela adierazi du Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaeik, eta bere enbaxadorea handik kanporatzeak «ondorioak» izango dituela ere esan du.

IRANEK DENBORA ESKATU DU PROGRAMA NUKLEARRAZ NEGOZIATZEKO

Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak mehatxatuta dute Iran: bere programa nuklearrari buruzko negoziazioei ekin ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiote. Lau herrialde horietako ordezkariak Genevan (Suitza) bildu dira gaur arratsaldean, eta bilera amaitu ostean, Irango Atzerri ministrordeak «erabaki egokia» hartzeko eskatu die Europako hiru herrialdeei, sare sozialetan; hots, diplomaziari «denbora eta espazioa» eman diezaiotela. Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaeik, halaber, esan du «ahalegin handiak» egingo dituztela zigor horiek ekiditeko.

2015ean, Iranek eta beste sei potentziak akordio nuklearra adostu zuten. Akordio horrek Iranen programa nuklearra mugatzen zuen, ituna babestu zuten herrialdeek hari ezarritako zigor ekonomikoak arintzearen truke. 2018an, baina, akordiotik atera zen Trump. Eta ordutik, Iranek nabarmen areagotu eta garatu du bere programa nuklearra, nahiz eta behin baino gehiagotan berretsi duen bere helburua ez dela arma nuklearrak edukitzea.

Bestalde, Iranek baztertu egin du AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek atzo bere programa nuklearraren inguruan egindako salaketa, «zaharkitua» dagoela argudiatuta. «Irango herritar batek duela urte batzuk egindako adierazpenetan oinarrituta», Washingtonek Teheranen aurka ekainean egindako legez kanpoko erasoak justifikatu nahi izatea leporatu dio Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak Trumpi, bere sare sozialetan kaleratutako ohar baten bitartez. 

2022an Irango parlamentari ohi batek egindako adierazpen batzuk kaleratu zituen atzo AEBetako presidenteak, eta haietan, ustez, onartzen zuen Teheranek arma atomikoak garatu nahi zituela. Hori ikusita, Baghaeik gaur mezu horri erantzun dio: «[Trumpek] Ez dio erreparatu bere inteligentzia zuzendariak martxoan Kongresuan esandakoari, adierazi baitzuen Iranek ez duela arma nuklearrik egingo; eta, horren ordez, 2022an Irango herritar batek egindako azterketa pertsonalera jo du. Horrek agerian uzten du bere akusazioen izaera politikoa».

Baghaeiren hitzetan, Trumpen salaketa «oinarririk gabekoa da», eta «Iranen instalazio nuklear baketsuen aurka egindako legez kanpoko erasoa justifikatu nahi du».

Gaur bertan, Iran Alemaniako, Frantziako eta Erresuma Batuko Atzerri ministroekin bilduko da Genevan (Suitza), bere politika nuklearren inguruan eztabaidatzeko. Bileran, Europak bere eskakizunak azalduko ditu, eta, akordiorik adosten ez badute, berriro ezarriko ditu 2015eko itun nuklearraren ondorioz bertan behera utzitako zigorrak. Hala adierazi dute Europako zenbait hedabidek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.