Apirilaren 10ean Bartzelonan egitekoa den independentziaren aldeko erreferendumaren aldeko mozioa onartu du Kataluniako Legebiltzarrak, SI, CiU eta ERCren botoei esker. PPCk, PSCk eta C's-ek SIren ekimenaren aurka bozkatu dute. ICVko diputatuek, aldiz, erdizka onartu dute. Ekimen horrekin Katalunia independentziarako bidea egiten hasi dela azaldu du Uriel Bertran SIko diputatuak.
Autodeterminazioa kataluniarren berezko eskubidea dela biltzen du testuak, baita herri kontsulten bitartez libreki adierazteko herritarren eskubidea dela ere. Bartzelonako kontsultari eta Kataluniako beste hainbat herritan egin direnei edo egingo direnei babesa adierazten zaie ekimenean. ICVk lehen bi puntuak onartu ditu, baina hiriburuko kontsultari erreferentzia egitea ez du beharrezkotzat jo. Izan ere, kontsultak «jostailu politikoak» bilakatu direla kritikatu du Dolors Camats alderdiko kideak.
SIk erabaki historikoa izan dela dio. Bertranen hitzetan, lehen aldia baita diputatuek zuzenean «autodeterminazio eskubidearen alde» bozkatzen dutela. Era berean, CiUk independentziaren alde egin izana ospatu du SIko diputatuak. Jatorrizko proposamenari, baina, aldaketa sakonak egin dizkio CiUk alde bozkatu aurretik. Besteak beste, Legebiltzarra Bartzelonan egingo den kontsultaren egoitza bilakatzea saihestu du Artur Masen alderdiak. Kosovoren independentziaren onarpenaren inguruko puntua ere moziotik desagerrarazi du CiUk.
ECRko Oriol Amorosek, hain justu, SI kritikatu du mozioko oinarrizko edukiei «hain erraz uko egiteagatik». Bestalde, aurka bozkatu duten alderdiei sentsibilitate falta egotzi die Amorosek.
Autodeterminazioa berezko eskubidea dela adierazi du Kataluniako Legebiltzarrak
Bartzelonan egitekoa den independentziaren aldeko erreferenduma babestu dute CiU, ERC eta Solidaritat alderdiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu