mundua

Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak berritzeko eskatuko du Kataluniak

Estatutuaren auziak ez du oraindik auzitegiaren sententziarik jaso, PPk itunaren aurkako helegitea 2006an sartu zuen arren. Auzitegi Konstituzionalak ez ditu berritu agintaldia bukatua duten lau magistratuak.

2010eko apirilaren 27a
17:42
Entzun
Kataluniako Generalitatek gaur jakinarazi du Espainiako Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzorde Nagusia elkartzeko eskatuko duela, Kataluniako Estatutu Berriaren auzian dagoen sententzia eza dela-eta Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak berritzeko eskaria egiteko. Agintaldia agortua daukaten lau epaileren karguak berritu nahi dituztela esan du Jose Montilla Generalitateko presidenteak, epaileok euren postuan jarraitzen dutelako.

Auzitegi Konstituzionalak, magistratuak berritu ez izanagatik, Estatutuari buruzko ebazpena emateko baliorik baduen jakin nahi du Kataluniako Gobernuak.

Kataluniako Parlamentuak, Espainiako Kongresuak eta Kataluniako herritarrek -horiek erreferendumean- Estatutu berriari baiezkoa eman ondoren, 2006ko uztailean PPk itunaren aurkako helegitea jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean, eta honek oraindik ez du atera ebazpena. Bi dira, batik bat, Espainiako Konstituzioaren kontrakotzat jo ditzakeeen artikuluak: Kataluniaren nazio izaera aipatzen duena eta katalana ezagutzea beharrezko jotzen duena.

Montilla: "Auzitegia kili-kolo dago"

Auzitegi Konstituzionala "lau urtez [Espainiako] Konstituzioaren aurkako arrazoiak" aurkitzen saiatu dela gogorarazi du Montilla katalan presidenteak. "Errekusatze bat egon da, hildako epaile baten lekua ez dute berritu eta agintaldia utzi behar zuten hainbat epaileren karguak ez dituzte berritu". Hori dela-eta, gobernuburuaren ustez, "auzitegia kili-kolo" dago.

Kataluniako Gobernua auzitegiaren aurkako ospe-galtze kanpaina egiten ari dela salatu du Maria Emilia Casas Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak. Montillak entzugorrarena egin du; "instituzioa beti errespetatu dut, auzitegiko kideei buruz dudan iritzia desberdina izan daitekeen arren". Tribunalak "errespetatua izateko lan egin" behar duela gaineratu du Kataluniako lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.