Tamara Carrasco CDRetako kidea gaur eraman dute deklaratzekoa epailearen aurrera. Sergi Atienza abokatua ez zegoen oso itxaropentsu, eta, Rac1 irratian esan duenez, ez zuen espero Carrasko gaur libre ateratzerik. Auzitegiak aske utzi du ordea, kautelazko neurriekin. Carrascok ezin izango du Viladecans herritik (Bartzelona, Herrialde Katalanak) irten.
Diego de Egea epaileak ez du fiskaltzaren akusazioarekin bat egin eta baztertu egin du atxilotuari terrorismo eta sedizio delituak leporatu ahal zaizkionik. Aldiz, eutsi egin dio desordena publikoarekin lotutako akusazioari.
Asteartean atxilotu zuen Carrasco Guardia Zibilak, CDR errepublikaren defentsarako batzordeen kontra abiatutako operazio batean. Terrorismoa eta matxinada delituak eta desordena publikoa egotzi dizkio fiskaltzak, ustez, errepide mozketak eta ordainlekuak irekitzeko ekintzak sustatzeagatik.
Fiskaltzaren froga nagusia sare sozialetan zabaldutako audio grabaketa bat da. Fiskaltzak adierazi duenez, audio horretan, Aste Santurako ekintzak proposatu zizkien atxilotuak CDRei. Besteren artean, Mercabarna Bartzelonako elikagai saltoki handirako eta hiriko porturako sarbideak ixtea.
Astearteko polizia operazioan, CDRetako beste kide bat atxilotzea zuen helburu Guardia Zibilak, baina ez zuen hura atzematerik lortu. De Egea epaileak pertsona horren aurkako atxilotze agindua emango du.
Carrascoren abokatuak salatu du Espainiak "mugimendu independentistaren" kontrako "auzi orokorra" abiatu duela, eta "ekintzailetasuna terrorismoarekin parekatzea" txarretsi du.
Guardia Zibila Diplocaten sartu da
Guardia Zibila Diplocaten egoitzan sartu da gaur goizean. Bartzelonako 13. instrukzio epaitegiaren aginduz joan da, eta bi bulego miatzen ari dira. Urriaren 1eko erreferendumaren prestaketa ikertzen ari da auzitegi hori.
Kataluniako Atzerri Kontseilaritzarekin batera, hango harreman diplomatikoen ardura izan du Diplocatek. Nazioarteko harremanak kudeatzen aritu izan da batik bat. Hainbat iturriren arabera, nazioarteko behatzaileek egindako balizko ordainketen inguruko ikerketaren baitan ari dira egiten miaketa. Horretarako 119.700 euro erabili zirela uste du Guardia Zibilak.
Espainiako Gobernuak ez zuen gustuko Dipoclat, eta, 155. artikulua baliaturik, biharko desegiteko agindua emana du. Gaur, baina, Guardia Zibila egoitzako bi bulego arakatzera joan da, Diagonalean duen bulegora.
Kalez jantzitako zortzi guardia joan dira, Marti Estruch Diplocateko kidearen arabera: "Lehen ere maitu zutena miatzen ari dira". Gaineratu du, bulegoan lanean dauden 18 lagunak langabeziara doazela bihar.