Auzoko emakume eragileen bideari so

Kongo, Uganda, Ruanda eta Burundiko erakunde feministak bildu dira Bujumburan, euren erronkak zehaztu eta datozen urteetarako helburuak adosteko. Lau herrialde horietatik Kongokoa da egoerarik okerrena; izan ere, 1998tik indarrean den gatazkak zail egiten du aurrerapausorik ematea.

Lau estatutako ordezkariek hartu dute parte foroan. O. EPELDE JULDAIN.
Oskar Epelde Juldain.
Bujumbura
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Eragile bihurtzeko urratsak egiten hasiak dira Ruandako, Ugandako, Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Burundiko emakumeak. Indarkeria amaitzea da euren helburua, baina hori ez da bi egunetan lortzen. Horregatik, lau estatu horietako erakundeetako ordezkariak Bujumburan bildu dira, NBEren babespean datozen urteetarako erronkak zehaztu eta horiei nola aurre egin eztabaidatzeko.

Justine Masika koordinatzailea izan da hitza hartzen lehena. Hark eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, foroa antolatzeko modua eman dieten baliabideak errazteagatik. Emakume bat etorri da Ruandatik, eta beste bat Ugandatik; Kongotik, ordea, 25 etorri dira, probintzia eta emakumeen erakunde ugaritako kideak; beste hamabost bat Burunditik, tartean, ardura postuak dituzten emakume politikari, abokatu eta ekonomistak. Bakoitzaren esperientzien berri eman diote elkarri, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1325 ebazpenak zabaldutako testuinguruan. Ebazpena, Emakumeak, bakea eta segurtasuna deitua, 2000. urtekoa da. Dokumentuak aitortzen du emakumeak eta adingabeak direla gatazketako biktima nagusiak, eta, hori argudio gisa hartuta, bake prozesuetan emakumeen parte hartzea sustatzea du helburu. Oztopo asko daude, ordea, ebazpena ezagutarazteko eta martxan jartzeko, Kongoko Errepublika Demokratikoan behinik behin.

«Guk aurrerapauso txikiak egin ditugu, gerra betean gaudelako; gerrak inposatzen dizkigute Kongoko Errepublika Demokratikoan», azaldu du Walikaletik (Ipar Kivu) etorritako Mutshindu Faulestinek. Aintzira Handiekin muga egiten duten beste estatuetako segurtasuna du amets Faulestinek; bake hori etxera ekartzeko modua bilatzea da Kongoko emakumeen asmoa.

Burundi da estatu horietako bat. «Egunez edo gauez edonora joan zaitezke inongo kezkarik gabe», esan die Demokraziaren Defentsarako Batzorde Nazionala alderdiko diputatu beteranoa den Bucumi Emerencek. Burundiko Konstituzioaren arabera, emakumezkoak behar dute izan diputatuen %30ek; baina, nekazaritza eremuetan hautetsien %10 baino gutxiago dira.

Ekonomikoki ere urrats bat aurrerago doa Burundi. Emakumeek mikrokredituak eskatzeko aukera izan dezaten, banku berezi bat sortu dute: dirua eskatzeko orduan norbaitek bermerik ez balu, gobernuaren berme funtsaren bitartez lor lezake, administrazio kontseilukoek onartuz gero. Azkenik, doako osasun arreta ere eskaintzen die gobernuak haurdunei eta 5 urte baino gutxiagoko haurrei.

Ruandan, aldiz, parlamentarien %63 dira emakumeak. Horrez gain, emakumeentzako espazio seguruak ere sortu dituzte herrialdean, eta bortxatuak izan diren neska eta emakumeek laguntza intregrala jasotzen dute doan. Bestalde, nesken eskolaratzea ere bultzatu dute, eta eskolara joaten ez diren haurren gurasoak kartzelatzeko aukera zabaldu; betiere, arduragabekeriaz jokatu badute.

Egiteko asko

Kongoarrek marrazki ilunagoa ekarri dute. Bortxatuak izan diren emakumeek maiz ez dute epaitegira jotzeko aukerarik, ezin dituztelako abokatuak eta justizia tasak ordaindu. Krediturik eskatu nahiko balute, bermeak eman behar dizkiote bankuari, baina horrek baditu bere arriskuak. Kongo Erdialdetik heldutako Emerece Nsongak gogora ekarri du kasu bat zeinean emakume batek familiaren etxea galdu zuen, maileguan hartutako dirua ezin izan zuelako itzuli. Haren senarrak bere buruaz beste egin zuen.

AVEC deitutako erakunde txikiak bultzatu dituzte emakume kongoarrek han-hemenka elkarri laguntzeko. 25 kide inguru izan ohi dituzte horiek. Masikak azaldu duenez, finantzaketarik ez dutenez, euren dirua baliatzen dute, eta astero dolar erdi bat edo laurden bat ematen diote taldeari. «Taldeak diru horren %10 hartzen du, talde lanak iraun dezan, emakumeak autonomoak bilakatu eta euren diru funts propioekin aurrera egiten hasten diren arte», esan du foroaren koordinatzaileak.

Ituritik heldu da Beatriz Uzel, eta hitzik gabe utzi ditu denak: «2017az geroztik, hilketak eta segurtasunik eza dira nagusi. Desplazatuentzako 65 kanpamentu ditugu Iturin. Ihesean etorritako herritarrak dira, eta, bitartean, euren herrietako lehengaiak ustiatzen ari zaizkien atzerritarrak daude. Non jasotzen da hori 1325 ebazpenean?». Iritzi dio mugatua dela emakumeen eskubideen aldeko borroka, eta haiek ezin dutela ezer egin hori aldatzeko. «Zera galdetzen diot neure buruari: zer esan ahal izango diet itzultzean desplazatuen kanpamentuetan dauden emakumeei, haien seme-alabak gaizki elikatuta dituztelarik?». Itxaropenez erantzun die Uzelen hitzei Mbandaka hiriko ordezkari Merry Shembok: «Ez dugu biktima bere etsipenean bakarrik uzten; zutik jarrita, eskua heltzen diogu elkarri, eta irabaziko dugula esaten dugu».

«Indarkeria nola eragotzi, hori da gakoa», dio Masikak, Aintzira Handietako testuinguru konplexuan buru-belarri sarturik. Borondate politikoaren hutsune nabarmena azpimarratu dute askok. Hala ere, Nsongaren ustez, borondate apur bat badela frogatzen dute Kongon NBEren ebazpena berretsi izanak eta instituzio publikoetan emakumeentzako gutxieneko tokiak bermatzeak. Haren esanetan, oinarrizkoa da nekazaritza eremuan bizi diren emakumeekin lan egitea, uler dezaten zein garrantzitsua den euren parte hartzea. Katangatik joandako Odette Mwambak zera gaineratu du: «Haurrak hezten ditugu, eta, hazten direnean, gure borrero bihurtzen dira; nola liteke halakorik? Horrek esan nahi du porrot egin dugula hezitzaile gisa».

Bi urterako konpromisoak

Hiru ardatz nagusi ditu Aintzira Handietako Nazioarteko Konferentziak: bakea eta segurtasuna erdiestea; demokrazia eta gobernu ona bultzatzea; eta giza krisia eta krisi soziala amaitzea. Helburu horiek erdiesteko egin beharreko urratsetako batzuk ere zehaztu dituzte: emakumeentzako formakuntza, sentsibilizazioa, eta komunitateen arteko elkarrizketak, besteak beste. Horrez gain, eta, Kongori dagokionez, finantzaketa lortzeko mobilizazioak antolatzeko asmoa iragarri dute datozen bi urteetarako, baita emakume gazteentzako bankuak sustatzekoa ere. Horretarako, mugaz bestaldeko kideekin elkarlanean arituko dira.

«Finantzatzaileei deia egiteko garaia da orain, sinets dezaten guregan eta emakumeen erakundeengan; izan ere, Aintzira Handietako Nazioarteko Konferentziaren eskualdeko foroak ez du nahikoa bitartekorik, eta, horrela, ezinezkoa da aurrera egitea», ohartarazi du Masikak.

Ikusi gehiago: «Beharrezkoa zen emakumeek bakegile rola beren gain hartzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.