'noos auzia'

Avilako emakumeen espetxean kartzelatu dute Iñaki Urdangarin

Bart iritsi da Suitzatik Madrilera, eta Brievan aurkeztu du bere burua ia sei urteko espetxe zigorra betetzeko.

Iñaki Urdangarin, asteazkenean zigorra jasotzera joan zenean. CATI CLADERA, EFE
2018ko ekainaren 18a
13:17
Entzun

Goizeko 07:30ean sartu da Iñaki Urdangarin espetxean, bost urte eta hamar hilabeteko zigorra betetzeko. Aurreko astean, bost hilabetez murriztu zion zigorra Espainiako Auzitegi Gorenak, eta bost eguneko epea eman zion bere burua nahi zuen espetxean aurkezteko. Avilakoa aukeratu du, Brieva herrian dagoena. Emakumeen kartzela da berez hori, baina modulu berezi bat dauka, eta Urdangarin bakarrik egongo da hor; ez du beste harremanik izango beste presoekin. Han bete zuen zigorra Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari ohiak ere.

Asteazkenean jaso zuen Urdangarinek espetxeratzeko agindua, eta Suitzan egon da bart gauera arte. Ustelkeriagatik zigortu dute Noos auzian Espainiako erregearen koinatua. Zenbait hedabidek argitaratu dute Genevarekin erraz lot daitekeelako aukeratu duela espetxe hori (Barajastik 119 kilometrora dago), Cristina Borboikoaren bisitak errazteko. Hala ere, Espainiako Gobernuaren Espetxeetako Idazkaritzak erabakiko du gero "antolaketa eta segurtasun irizpideak jarraituz" hor mantentzen duen edo beste espetxe batera eramango duen.

Brievako espetxea 1989. urtean eraiki zuten; Avila hiriburutik hamar kilometrora dago. Duela gutxi 1,6 milioi euroko inbertsio bat egin dute berritzeko.

Espetxean sartu arren, epaiari babes helegitea jartzeko aukera du Urdangarinek. Auzitegi Konstituzionalera jo beharko du horretarako. Azken baliabide gisa, Espainiako Gobernuari indultua eskatzeko aukera ere izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.