Azken 40 urteotako parte hartze txikiena izan da Argentinako hauteskundeetan

Parte hartzea %68koa izan da, demokrazia berrezarri zutenetik izandako txikiena. Botoa derrigorrezkoa da Argentinan.

Bi pertsona bozketa zerrendak begiratzen, atzo, La Platako eskualdean. DEMIAN ALDAY ESTEVEZ / EFE
Bi pertsona bozketa zerrendak begiratzen, atzo, La Platako eskualdean. DEMIAN ALDAY ESTEVEZ / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 27a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abstentzioak markak hautsi ditu Argentinako hauteskundeetan. Atzo egin zituzten herrialdean legebiltzarrerako hauteskundeak, eta botoa emateko betebeharra zuten herritarren %68k eman zuten botoa. Iraileko eskualdeetako hauteskundeek ematen zuten hori aurreikusteko aukera; izan ere, %40koa izan zen abstentzioa batez beste —probintzietako hauteskundeetan inoizko parte hartze txikiena izan zen—. Hala ere, legealdi erdiko bozak izanik, gobernuak %70 eta %75 artean aurreikusten zuen parte hartzea oraingoan, baina ez da bete.

1983az geroztik, hauteskunde orokorretan izan den parte hartzerik txikiena izan zen atzokoa. Kontuan hartuta 1976tik 1983ra arte Argentinan diktadura militar bat eduki zutela, atzokoa abstentzio tasa handiena izan zen demokrazia berrezarri zutenetik. Abstentzioak 2021eko legebiltzarrerako hauteskundeetako marka gainditu zuen. Urte hartan boto emaileen %71,7 joan ziren bozkatzera. Pandemia betean egin ziren hauteskunde horiek.

2021eko parte hartze txikia handitu egin zen 2023ko hauteskundeetan, eta %77koa izan zen parte hartzea orduan. Urte hartan, lehia handia zen Javier Mileiren (Askatasuna Aurrera Doa) eta Sergio Massaren (Aberriaren Indarra) artean.

Bozkatu ezean, zigorra

Argentinan nahitaezkoa da botoa ematea, eta askotan abstentzioak ondorioak ditu. Argentinako Konstituzioak jasotzen du unibertsala, sekretua eta derrigorrezkoa dela sufragioa, 16 urte baino gehiago dituzten herritarrentzat. Isunetatik salbuetsita daude 18 urtez azpiko eta 70 urtez gaindiko herritarrak, baina 18-70 urte bitartekoek 1.000 eta 2.000 peso arteko isun ekonomikoa —0,65 eta 1,30 euro artean— jaso dezakete botoa eman ez eta baleko justifikaziorik jarri ezean. Gainera, legediaren arabera, arau hori urratzen duenak ezingo du kargu publikorik izan hauteskundeak egin eta hurrengo hiru urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.