Turkia

Azken abisua eman die Erdoganek Gezi parkeko protestariei

Turkiako lehen ministroaren ultimatuma jaso dute Istanbuleko Taksim plazan bi astez protestan ari direnek: "Gure pazientzia amaitu da. Azken aldiz egingo dut ohartarazpen hau".

2013ko ekainaren 13a
18:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Gezi parkea eta Taksim plaza milaka pertsonak okupatu dute bi astean, Turkiako Gobernuaren aurka protesta egiteko, eta Polizia bortizki oldartu bazaie ere, han jarraitzen dute oraindik; ez luzerako, ordea. Gobernua ez dago prest egoera bere horretan uzteko. "Amei eta aitei seme-alabak parketik ateratzeko deia egiten diet", esan du Erdoganek. "Ezin dugu gehiago itxaron, parkea ez delako inbaditzaileena, jendearena baizik".

Gezi parkeaz, protestak eragin dituen hirigintza proiektuaz, erreferenduma egiteko prest zegoela jakinarazi zuen atzo gobernuko AKP Justizia eta Garapena alderdiak, baina manifestariek ez dute onartu, eta protestan jarraituko dutela esan dute. Lau hildako eta milaka zauritu izan dira Turkian protestak hasiz gero, eta ehunka atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.