Azken erasoek berretsi dute Errusiak jomuga dituela zibilak ere

Errusiak beste zazpi pertsona hil ditu gaur Ukrainan; 40 inguru azken hiru egunetan. Zelenskik aireko defentsa sistema gehiago eskatu dizkie aliatuei.

Kea, Errusiaren droneek Kryvyi Rih hirian atzo jotako saltoki handian. UKRAINAKO ARMADA
Kea, Errusiaren droneek Kryvyi Rih hirian atzo jotako saltoki handian. UKRAINAKO ARMADA
Igor Susaeta.
2026ko abuztuaren 22a
17:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbakiak ere mintzo dira Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraz. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia batek duela pare bat aste kaleratutako txostenak dioenez, aurreko uztaila izan da 2022ko maiatzaz geroztik zibil ukrainar gehien hil duten hilabetea: 437 hildako. Nahiz eta Errusiak esaten duen ezetz, zibilak ez dituela helburu, Ukrainan egindako azken erasoek kontrakoa berresten dute: ostegunaz geroztik gutxienez 40 zibil hil ditu; gaur bertan, zazpi. 

Atzo arratsaldean droneekin egindako bonbardaketa izan da azken egunetako hilgarriena: frontetik urrun, Errusiak hamasei pertsona hil eta 130 inguru zauritu zituen Ukraina erdialdean, Kryvyi Rih hiriko saltoki handi batean, hau da, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen jaioterrian. Iturri ofizialen arabera, bi erasoaldi izan ziren; aurrenekoa, 16:30 inguruan; bigarrena, ordu erdi geroago, erreskate taldeak lanean hasiak zirela. Hain zuzen, lau desagertu bilatzeko ahaleginean jarraitzen dute. Errusiak ez du ezer esan eraso horri buruz.

Zelenskik «koldar» jokatzea egotzi zion atzo gauean, eta gaur aireko defentsa sistema gehiago eskatu dizkie Mendebaldean dituen aliatuei. «Behar beste defentsa sistemarik gabeko egun bakoitzak berekin dakar eragotz zitezkeen heriotzak izatea», ohartarazi du X sare sozialean idatzitako mezu batean. Duela bi egun, Errusiak Kieven hamazazpi pertsona hil zituenean, Patriot aireko defentsa sistemak eskatu zituen, eta nabarmendu horiek gabe ere molda daitezkeela misilak eta droneak erorarazteko, baina «mehatxu nagusia» misil balistikoak direla. Moskuk droneak erabili zituen Kryvyi Rihko erasoan. 

Hain zuzen, Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak Ukrainako presidenteari gogorarazi dio Europako Batasuneko estatu kideetako Atzerri eta Defentsa ministroak Dublinen batzartuko direla irailaren 1ean eta 2an, eta hizpide izango dutela «nola handitu» Ukrainari emandako laguntza, «aireko defentsa eta misilen kontrakoa barne». Kallasek hala idatzi zuen atzo gauean Xn, Errusiaren erasoa gaitzesteko mezu batean, eta, Zelenskik bezala, «ekintza terroristatzat» jo zuen bonbardaketa. 

Errusiak ez du negoziatuko Europarekin

Frantziak eta Alemaniak esan izan dute Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko Moskuk, Kievek eta Washingtonek edukitako elkarrizketetan parte hartu beharko luketela, baina Errusiak ez du Europako bi potentzia horiekin biltzeko asmorik. Hala azpimarratu du gaur Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, Errusia Batua alderdiaren mitin batean. «Oraingo Europan ez dago norekin negoziatu».

Errusiak areagotu egin ditu zibilen kontrako erasoak azkeneko hilabeteetan. NBEren datuek diotenez, iazko lehen zazpi hilabeteetan 1.434 zibil hil zituen Ukrainan —fronteko eremuetan zein haietatik kanpo—; aurten, epe berean, 1.839. Horrek esan nahi du, hortaz, hildako zibilen kopurua %30 pasa handitu dela azkeneko urtean. Otsailetik uztailera, hilero handitu da hildako zibilen kopurua: 195 otsailean, 218 martxoan, 242 apirilean, 282 maiatzean, 298 ekainean, eta 437 abuztuan. 

(ID_17874057109425) (/Cuenta X de Volodimir) KRIVI RIG (UCRANIA), 21/08/2026.- Al menos seis personas murieron y otras 91 resultaron heri...
Erreskate taldeak atzo, Errusiaren droneek Kryvyi Rih hirian suntsitutako merkataritza gunean. EFE

Beste zazpi hil ditu Errusiak gaur, frontetik urrun. Iturri militarren arabera, hiriburuan biltegi bat jo du misilekin, eta eraso horrek eragindako sutearen ondorioz hil da pertsona bat. Kieven aldirietan, beste bi pertsona hil ditu, eta Mikolaiven, hegoaldean, lau. Ivan Vohivski Ukrainako Barne ministroak Telegramen zehaztu duenez, lau hildako horietatik hiru adingabeak dira. «Errusiak denda bat, farmazia bat eta posta bulego bat izan ditu helburu».

Ukrainaren droneak

Ukrainak ere zibilak hil ditu gaur Errusian, lau. Conflict Intelligence Team Errusiako talde independentearen ikerketek diotenez, iaz 275 zibil hil zituen Ukrainak Errusian, eta aurten, abuztuaren erdialdea arte, 327. Errusiako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Ukrainaren droneek bi pertsona hil dituzte Belgorod eskualde mugakidean, eta beste bi Krasnodarren, Errusia hegoaldean.

Errusiako Defentsa Ministerioak esan du 440 drone erorarazi dituztela goizaldean. Horietako batzuek lortu dute, ordea, Rosneft petrolio konpainiaren findegi bat jotzea Samaran —Moskutik 900 kilometrora, hego-ekialdera joanez—, eta Ozon elektronika sektoreko enpresak aurrenekoz adierazi du gaur bere instalazio bat jo duela Ukrainaren jaurtigai batek. Kontuan hartu behar da Ukrainak Wildberries merkataritza elektronikoko konpainiaren instalazioak ere izan dituela jomuga azken asteetan, iritzita laguntzen dutela gerra finantzatzen.

Errusiak 2022ko otsailean hasi zuen Ukrainako inbasioa, eta Ukrainak Errusiaren kontrako erasoak areagotu ditu, batez ere energia azpiegituren aurkakoak, Mendebaldearen laguntza jaso eta droneen teknologian potentzia bihurtu ahala. Moskuk berak azkeneko astean onartu du gasolindegietan arazoak dituztela; hala, hirutik bik ez dute erregai erreserbarik. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, baina, garrantzia kendu nahi izan dio horri guztiari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA