Igandean Mongolian sortutako hondar ekaitz batek Pekin astindu du, eta hondarrez bete dira Pekineko karrikak. Azken hamarkadako hondar ekaitzik handiena izan da, eta Txinako Zentro Metereologikoak alerta maila horia ezarri behar izan du 12 eskualdetan, hauts eta hondar kopuru handiagatik. Ekaitzak erabat baldintzatu du ikusmena, eta ikusmen eremua erabat murriztu du.
Ekaitzaren ondorioz, PM10 partikulen kontzentrazioa (hautsa edo errautsak, adibidez) ia 10.000 mikrogramora iritsi da Pekinen, gaur goizeko lehen orduan. Gainera, PM2,5 partikulen kontzentrazioa – osasunerako partikula kategarriena da hau– metro kubikoko 700 mikrogramotik gorakoa izan da airean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako 24 orduko muga baino askoz handiagoa
Hondar kopuru handiak eta azken egunetako kutsadura maila handiak bat eginda, airearen kalitate indizeak nabarmen egin du gora, eta 2.000 puntutik gora kokatu da. Hori dela eta, aire zabalean egitekoak ziren ekitaldiak bertan behera uzteko agindu dute agintariek, eta herritarrei eskatu diete maskara erabiltzeko. Haurrei, adinekoei eta arnasteko arazoak dituztenei, berriz, etxetik ez ateratzeko gomendatu diete.
Txinako Gai Publikoetarako eta Ingurumen Gaietarako Institutuko zuzendari Ma June harrituta agertu da ezohiko fenomeno honekin; izan ere, azken urteetan basoberritzeko eta zuhaitzak landatzeko lanak egin ondotik, gutxitu egin dira hondar ekaitzak. "Pekin ia euririk egiten ez duen gune lehorrez inguratuta dago: Barne Mongolia, kasurako; beraz, ekaitz mota hau beti egon da agerian. Zalantzarik gabe, azken hamar urteetako okerrena da, eta harrituta nago hartu duen dimentsioarekin", azaldu du. Junek nabarmendu duenez, klima larrialdiak ere izan dezake eragina gertatutakoan.
Mongolian sortu zen hondar ekaitza, eta han hamar pertsona hil dira, eta ehunka lagun desagertu.