Azken tanta, putzuaren sakonean

2030. urterako ur erreserbarik gabe geratzeko arriskuan da Kabul. Talibanak itzuli direnetik okerrera egin du egoerak: ur baliabideen kudeaketan esperientzia duten profesionalek ihes egin dute, eta nazioarteko erakundeek inbertsioak eten dituzte.

Kabulgo biztanle bat ura bidoi batean daramala, abuztuan. EFE
Kabulgo biztanle bat ura bidoi batean daramala, abuztuan. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abenduaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Putzuaren sakonenean ere ura agortzen ari da Kabulen. Afganistango hiriburuko biztanleek gero eta zailagoa dute eskuratzea: «Ahal dutenek prezio neurrigabeak ordaintzen dituzte uragatik, gainerakoek distantzia luzeak egiten dituzte oinez putzuetara iristeko; eta horiek ere lehortzen ari dira», azaldu du Marianna von Zahnek, Mercy Corps GKE gobernuz kanpoko erakundeko Afganistango arduradunak. AEBetako erakunde horrek maiatzean argitaratutako ikerketa batek berretsi egin du Unama NBE Nazio Batuen Erakundeak Afganistanen duen misioak eta Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak iaz aurreratutakoa: neurririk hartu ezean, Kabul urik gabe geratuko da 2030erako.

Kabulek sei milioi biztanle inguru dituela estimatzen du Mercy Corps erakundeak, eta, ohartarazi duenez, horien erdiek hiria utzi beharko lukete akuifero guztiak lehortuz gero. Kabul putzuaren hondora heltzen ari da: azken hamarkadan 25-30 metro artean egin du behera akuiferoen mailak, eta berritu dezaketen ur kantitatea baino 44 milioi metro kubiko gehiago kontsumitzen dituzte hiriko biztanleek urtero; hots, Añarbeko urtegiak dituen bezainbeste.

«Inflexio puntu betean dago Kabul. Ezer aldatzen ez bada, urik gabe geratuko da 2030erako», ohartarazi du, posta elektroniko bidez, Von Zahnek. Hori gertatuz gero, botilatutako ura erosi beharko dute Kabulgo biztanleek, edo zisterna kamioien bidez hornitu. «Eta familia gehienek ordaindu ezingo dutenez, askorentzat aukera bakarra hiritik alde egitea izango da». Egun, jada, urarena arazo ekonomiko larria bihurtu dela jakinarazi du Mercy Corpseko arduradunak: «Familia askok diru gehiago gastatzen dute ura erosten janaria erosten baino».

«Familia askok diru gehiago gastatzen dute ura erosten janaria erosten baino»

MARIANNA VON ZAHN Mercy Corps GKEko Afganistango arduraduna

Von Zahnek azaldu duenez, «hondamendiaren» eragile nagusia klima larrialdia da. Kabulgo lurpeko ur erreserbak Hindu Kush mendiguneko elurraren eta glaziarren menpe daude; mendietako izotzak urtzean betetzen dira hiriburuko akuiferoak. Azken urteetan, baina, iturri hori lehortzen ari da. Von Zahn: «2023. eta 2024. urteen arteko neguan sasoi horretan izan ohi diren prezipitazioen %45-%60 izan ziren. Gainera, glaziarrek atzera egin dute, eta elurteak murriztu dira. Klima larrialdia hiriburuaren gainbehera bizkortzen ari da».

Kabulgo ur eskasia, baina, beste hainbat faktorek ere larriagotu dute. Horien artean dago talibanen itzulera. Hogei urteko okupazioaren ondoren, 2021eko abuztuan AEBetako azken soldaduek alde egin zuten Afganistandik, eta talibanek boterea hartu zuten berriz. Ordutik egoerak okerrera egin duela ziurtatu du Mercy Corpseko arduradunak; besteak beste, ur baliabideen kudeaketan esperientzia duten profesionalek ihes egin dutelako.

Afganistan utzi zuen horietako bat da Foman Forugh: «Orain nire karguan mulla bat dago [buruzagi erlijioso bat]. Ikasketa erlijiosoak dituzte; ez dute ideiarik ere uraren kudeaketari edo ingeniaritzari buruz». 2019tik 2021era Afganistango Ur eta Energia Ministerioan egin zuen lan, Kabul ibaiaren arroko zuzendari nagusi. Egun Kanadan bizi da, eta, bideo dei bidez azaldu duenez, ez du uste talibanek arazoa konponduko dutenik: «Soluzioak egon badaude, baina horiek ezarriko dituen agintaritza edo gobernu bat behar da».

«Orain nire karguan mulla bat dago [buruzagi erlijioso bat]. Ikasketa erlijiosoak dituzte; ez dute ideiarik ere uraren kudeaketari edo ingeniaritzari buruz»

FOMAN FORUGH Afganistango Ur eta Energia Ministerioko langile ohia

Aurreko gobernuak egindako lana goratu du Forughek, eta talibanei leporatu die lan hori beraien irudia garbitzeko baliatzea: «Talibanek esango dute hainbat proiektu gauzatu dituztela, baina ez dute ezer egin. Aurreko gobernuak egin zituen. %90 egina zegoen, eta talibanek proiektu horiek amaitu dituztela saldu dute». Von Zahn bat dator horrekin, eta gehitu du zenbait egitasmo geldirik daudela duela lau urtetik: «Nazioarteko erakundeek funtsak izoztu dituzte, eta azpiegituretan egin beharreko konponketak gelditu egin dira. Azpiegitura proiektu handiak ere geldirik daude inbertsio faltagatik, hala nola Panjshir ubidea eta Shahtoot presa».

Gutxi eta kutsatuta

Proiektu berriak geldirik daude, eta ur hornidura sistema, «zaharkitua». Von Zahnek egoera irudikatu du: «Estolderia eta ur tratamendu sistemak ez daude martxan; etxe gehienetan komuneko hondakinak kalera isurtzen dituzte zuzenean, eta azkenean ura hartzeko putzuetan amaitzen dute». Kabulgo lurpeko uren %80a kutsatuta dagoela ziurtatu du.

Forughek, bestalde, uraren erabilera kontrolatu eta erregulatu beharra dagoela nabarmendu du. Beharrezko ikusten du planifikazio bat egitea nekazaritzan eta industrian erabiltzen den ura kontrolatzeko, baita herritarrak sentsibilizatzea ere. Mercy Corpsen ikerketaren arabera, legez kanpo ustiatzen dituzten 120.000 putzu baino gehiago daude Kabulen.

Hiru afganiar putzu bateko ura hartzen, iazko urtarrilean, Kabulen. SAMIULLAH POPAL / EFE
Hiru afganiar putzu bateko ura hartzen, iazko urtarrilean, Kabulen. SAMIULLAH POPAL / EFE

Gainera, bi adituek gaitzetsi egin dute zenbait enpresa pribatu zukua ateratzen ari direla lehortetik: «Bizirauteko behar dugu ura, eta botilatutako uraren eta edarien industriak lurpeko ur asko erabiltzen dute», azaldu du Forughek. Iritzi berekoa da Von Zahn: «Lurpeko ura hartzen dute iturri publikoetatik, gero prezio puztuen truke herritarrei saltzeko. Baliabide publiko bat zena negozio bihurtu dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.