Azken urtea, uneka

Familia bat Gaza hiritik ihesi, duela bi aste. MOHAMMED SABER / EFE
Familia bat Gaza hiritik ihesi, duela bi aste. MOHAMMED SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2024

Azaroaren 21a. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministroa atxilotzeko agindua eman zuen, egotzita Gazan gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin izana, baita gosea arma gisa erabiltzea eta zerrendara laguntza humanitarioa iristea oztopatzea ere. Hamaseko buruzagi militar Mohamed Deifi atxilotzeko agindua ere eman zuen. Hagan egoitza duen auzitegi horrek 2023ko urriaren 8tik 2024ko maiatzaren 20ra arteko ekintzak ikertu zituen.

2025

Urtarrilaren 19a. Indarrean sartu zen Hamasen eta Israelen bigarren menia akordioa; lehena 2023ko azaroaren 24an sartu zen indarrean, eta sei egun iraun zuen. Bitartekarien —Egipto, Qatar eta AEBak— laguntzarekin adostutako trego horrenk hiru fase zituen; lehenak 42 egun iraun zuen, eta epe horretan Hamasek 33 gatibu utzi zituen aske, eta Israelek, 1.700 preso palestinar inguru. 

Martxoaren 18a. Israelek Gazarako adostutako menia hautsi zuen, alde bakarrez, lehenengo fasea amaitu eta bi egunera, martxoaren 3an. Hamas eta Tel Aviv lehenengo fasearen bukaeran ziren bigarren faserako baldintzak zehaztekoak, baina ez ziren gai izan ados jartzeko. Israelek tregoa hasi zenetik egindako erasoaldirik handiena egin zuen martxoaren 18an —gutxienez 400 pertsona hil zituen—, eta bertan behera geratu zen menia.

Maiatzaren 26a. Ia hiru hilabeteko blokeoaren ondoren, Israelek aukera eman zuen Gazan laguntza humanitarioa banatzeko; hori bai, GHF Gazako Fundazio Humanitarioa taldeari eman zion horretarako baimena —AEBetako mertzenarioek eta militar ohiek osatzen dute—. Bada, ordutik, GHFk 1.400 pertsona baino gehiago hil ditu janaria jasotzeko guneetan, jende oldeari airez eraso eginez, edo tiroz. 

Abuztuaren 8a. Israelgo Segurtasun Kabineteak Gaza hiria okupatzeko plan bat onartu zuen. Netanyahuk proposatu zuen Tel Avivek zerrrenda osoaren kontrola hartzea, eta, horren ondoren, Gazan «administrazio zibil alternatibo bat» ezartzea, ez Hamasekoa, ez PAN Palestinako Aginte Nazionalekoa. Israelgo armadak abuztuaren 20an ekin zion Gaza hiria okupatzeko operazioari, eta irailaren 16an hasi zuen lehorreko ofentsiba.

Irailaren 16a. 2023ko urriaren 7az geroztik aurrenekoz, Palestinako lurralde okupatuetako egoera aztertzeko NBE Nazio Batuen Erakundeko batzorde independente batek esan zuen Israel genozidio bat egiten ari dela Gazan. Batzorde horren arabera, Netanyahu, Gallant eta Isaac Herzog Israelgo presidentea dira horren erantzuleak.

Irailaren 22a. Mendebaldeko zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortu zuten irailaren 21ean eta 22an, aste horretan NBEk New Yorken egindako  Batzar Nagusiaren bueltan. Pauso hori eman zuten herrialdeen artean daude Frantzia, Erresuma Batua, Kanada, Australia eta Portugal. NBEko 193 herrialdeetatik 155ek aitortua dute Palestinako Estatua.

Irailaren 29a. Washingtonek Gazarako ondutako proposamena aurkeztu zuen Donald Trump AEBetako presidenteak, Etxe Zurian, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu ondoan zuela. Plan horrek hogei puntu ditu, eta barne hartzen du, besteak beste, Israelek erasoaldia etetea, Hamasek gatibu guztiak askatzea —hilik zein bizirik—, eta nazioarteko batzorde baten esku uztea, behin-behinean, Gazako gobernabidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.