Ukrainak sistematizatu egin ditu Errusiako energia azpiegituren eta baliabide ekonomikoen aurkako erasoak, eta, hala, Mosku Azoveko itsasoko nabigazioa etetera behartu. Errusiak itsaso hori baliatzen du, hain zuzen, handik petrolioa, laboreak eta altzairua esportatzeko, besteak beste.
Joan den astean, Ukrainaren droneek jo zituzten Errusiaren 90 ontzi. Horren berri eman zuen atzo Robert Brodvi Ukrainako armadaren buruzagiak sare sozialetan, eta zehaztu goizaldean hamar petroliontziri eta lau transbordadoreri eraso egin zietela, baita Errusiako Sizran hiriko findegi bati ere.Â
Eraso horien guztien ondorioz, Errusiak bertan behera utzi zuen Don-Azov kanaleko nabigazioa ostiralean. Hori kaleratu zuen Reuters berri agentziak, iturri ofizialak aipatuz. Informazio horren arabera, agintariek, behin-behinean bada ere, ez dute Kertxeko itsasartea zeharkatzeko eskaerarik tramitatuko aurrerantzean; itsasarte horrek, hain zuzen, Azoveko itsasoa eta Itsaso Beltza lotzen ditu. Horrek esan nahi du praktikan Errusia ez dela ari Azovetik esportatzen, ohi duen moduan.
Kontuan hartu behar da Ukrainak, energia azpiegiturak ez ezik, Errusiaren defentsa sistemak ere badituela helburu aire erasoetan, eta horrek Errusiaren defendatzeko gaitasunari eragiten diola. Hala, Kieveko buruzagi militarrek esan dute Errusiaren aireko defentsa sistemak txikitzen ari direla azken asteetan. Horiek horrela, Ukrainaren erasoak Siberiara ere heldu izan dira; joan den astean, esaterako, Omseko findegi bat jo zuen; Ukrainatik 2.700 kilometro ingurura dago.
Kiev, gainera, Mosku hiriburua bera jotzeko ahaleginak areagotzen ari da. Atzo gauean, esaterako, Mosku eskualdeko Istria hiriari eraso zion droneekin —hiriburutik 35 kilometro ingurura dago—, eta, Errusiako TASS berri agentziaren arabera, gutxienez hiru pertsona hil zituen eta bost zauritu. Moskuko alkate Sergei Sobianinek Telegramen idatzi zuenez, Errusiak 350 drone jaurti zituen, eta aireko defentsa sistemek 81 erorarazi zituzten. Belgorod eskualdean, gainera —Ukrainarekin muga egiten du—, Ukrainaren aire eraso batek pertsona bat hil du gaur.
Bestalde, Ukrainako buruzagitza militarrak ohar batean jakinarazi du Errusiak hiru misil eta 134 drone jaurti dituela azken orduetan, eta zehaztu aireko defentsa sistemek hiru misilak eta 123 drone erorarazi dituztela.
Horiek horrela, Ukrainaren aliatuak Parisen bildu dira gaur, Kievi ematen dioten laguntza militarra koordinatzeko. Boluntarioen koalizioa izenpean bildutako 37 herrialdeetatik gehienak Europakoak dira, baina Australia, Kanada, Japonia eta Turkia ere kide dira, besteak beste. Guztien buru, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua. Ukrainak ere parte hartuko du bilera horretan, eta aintzat hartu behar da AEBek lehengo astean egindako iragarpena: esan zutenez, Patriot aireko defentsa sistemak fabrikatzeko lizentzia emango diote Ukrainari.
Aldaketak gobernuan
Errusiarentzat «gerrazaleen koalizio bat» da gaur Parisen bildutakoa, ez boluntarioena. Hori nabarmendu du Dmitri Peskov Kremlineko buruak egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. «Bakerik nahi ez duen herrialde multzo bat da. Pentsatzen badute geure herrialdea menperatuko dutela, beren burua engainatzen ari dira».
Eta EB Europako Batasuna Errusiaren kontrako beste zigor sail bat onartzekoa den honetan —21.a litzateke 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik—, gaur Ukrainako Atzerri ministro Andri Sibigak planteatu du Bruselak zigorren bitartez erantzutea «Errusiaren eraso masiboetako bakoitzari». Hori idatzi du X sare sozialean, talde komunitarioko Atzerri ministroen bilera batean parte hartu ondoren.
Bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo iragarri zuen gobernuan aldaketak egingo dituela. Esaterako, Julia Sviridenko lehen ministroa kargutik kenduko du —urtebete ere ez du egin zeregin horretan—. Telegram bidez eman zuen horren berri, baina ez zuen zehaztu nork ordezkatuko duen Sviridenko.