Bagdad hiriburuan eta iparraldeko Mosul hirian bina bonba-auto leherrarazi eta gutxienez hamasei pertsona hil ziren atzo. Hiriburuko Adhamia auzo sunitan leherrarazi zuten aurreneko bonba-autoa, hain zuzen ere, Hezkuntza Ministerioaren egoitzaren aurrean. Erasoan gutxienez bost pertsona hil eta beste hogei zauritu ziren. Eraikina erabat suntsituta gelditu zen eta ondoan aparkatuta zeuden dozenaka auto kiskali ziren. Ondoren beste bonba-auto bat zartatu zuten mendebaldeko Abu Graib auzoan. Irakeko Guardia Nazionalaren kuartel baten aurrean leherrarazi zuten autoa eta gutxienez lau zibil hil ziren. Abu Graibeko espetxean dauden presoen senideak daude hildakoen artean.
Mosulen beste bi bonba-auto zartarazi zituzten erresistentziako kideek. Irakeko Guardia Nazionaleko Flei Rashid komandantearen konboia errepidetik pasa zen unean eztandarazi zuten aurrenekoa. Erasoan lau pertsona hil eta beste zazpi zauritu ziren komandantea onik atera zen. Errepideko kontrol batean lanean ari ziren guardia irakiarren kontra beste auto bat zartatu zuten. Bi guardia nazional hil ziren bigarren eraso honetan. Ramadin bonba-moto bat zartatu eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako soldadu bat zauritu zuten. Kirkuken, berriz, petroliobideen kontrako hainbat eraso egin zituen erresistentziak. Ildo horretan Koshkata eskualdeko petroliobidea erabat hondatuta gelditu zen. Petrolio Ministerioko bozeramaileek iparraldeko hodien esportazioak bertan behera gelditu zirela jakinarazi zuten.Falujan eta Ramadin bonbardaketak areagotu zituen atzo AEBetako Armadak. Gauean abiatu eta goizaldera arte izan ziren bonbardaketa gogorrenak. Falujako irakiarrek hiritik ihes egiten hasi dira. Irakeko lehen ministro Iad Aluik agintari sunitek Abu Musab Al Zarkaui buruzagia entregatu ezean «indar guztia» baliatuko dutela ohartarazi zuen igandean.Abu Musab Al Zarkaui buruzagiaren erakundeak Al Kaeda eta Gerra Saindua Mesopotamian bere gain hartu zuen iragan astean bahitu zuten Shosei Koda japoniarraren hilketa. Bagdad iparraldean agertu zen larunbatean japoniarraren gorpua bururik gabe.AEBetako Armadak, bestetik, ukatu egin zuen atzo soldadu bat bahitu izana Samarran. «Gure gizon guztiak zenbatu ditugu», zehaztu zuen Cris Manly komandanteak. Irakeko Poliziako bozeramaile Mohamed Ahmed koronelak gizon armatuek astelehen gauean soldadu bat bahitu zutela jakinarazi zuen.
Lau bahitu irakiar aske
Bagdaden iragan astelehenean bahitu zituzten lau irakiarrak askatu zituzten atzo. Irakiarrekin batera estatubatuar bat eta nepaldar bat bahitu zituzten enpresa arabiar baten egoitzan. Enpresako segurtasun guardien eta erresistentziaren arteko tiroketa izan zen une horretan eta bahitzaile bat eta guardia bat hil ziren.
IRAKEKO OKUPAZIOA
Bagdaden eta Mosulen bina bonba-auto lehertu eta 16 pertsona hil dira
Falujako irakiarrak ihes egiten ari dira bonbardaketak areagotu ahala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu