BAHIKETA INDIAKO OZEANOAN. «Iragarritako bahiketa» zela salatu du Bermeoko alkateak

Arrantzaleek berriro ere eskatu dute ontzietara soldaduak bidaltzeko; ingurutik alde egin dute ontziek, badaezpada ere

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2009ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bi ezkero, hirugarrena seguru. Eta hirugarren abisua izan da benetakoa. Uda amaitu zenez geroztik, bi eraso jasan dituzte Bermeoko atunontziek -horietako bat atzo bahitutako Alakrana ontziak berak-, eta hirugarrengoan lortu dute piratek ontzia menpean hartzea. Iraila babes handiagoa eskatzen eman dute arrantzaleek eta ontzietako jabeek, edonoiz bahiketaren bat gerta zitekeelakoan; besteak beste, Espainiako Armadako soldaduak atunontzietan sartzea proposatu dute. Espainiako Gobernuak, ordea, ezezkoa eman zien, lege arrazoiak argudiatuta. Orain, segurtasunik ez dutelakoan, atunetan dabiltzan arrantzontziak aldendu egin dira bahiketa izan deneko lekutik, auzia konpondu arte.

Arrantzaleak eurak izan ziren soldaduak eskatu zituztenak, eta etsipenez hartu zuten Espainiako Gobernuaren erabakia. «Soldaduak egon izan balira ontzian, ez zatekeen horrelakorik gertatuko», adierazi du Iñaki Zabaletak, Bizkaiko baxurako arrantzaleen kofradiako presidenteak. «Aspaldian ari ziren egoera salatzen eta soluzioak eskatzen». Ordea, Espainiako Gobernuak berean jarraitzen du. Zabaletaren ustez, horrek ziurgabetasuna areagotu soilik egiten die arrantzaleei: «Ziurtasunik gabe ari dira lanean, ez dakite zer gerta dakiekeen».

Arrantzaleen ziurgabetasuna etxekoena ere bihurtzen da. Euskadiko Saregileen eta Neskatilen Elkarteko presidente Josune Renteriak dio beste konturik ez zela atzo Bermeon. «Etengabe bahiketaz ari da hizketan jendea. Baina Bermeotik kanpoko jendea ere badago ontzian». Herriko alkateak, Xabier Legarretak, esan du haserrea dela nagusi Bermeon, eta «erantzukizun politikoak» eskatu ditu. «Iragarritako bahiketa izan da, eta Espainiako Gobernuak utzi egin du hori gerta zedin». Madrilgo gobernuaren aurka ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren kontra ere egin du Legarretak, behar adina egin ez duelakoan. Gogorarazi du arrantzaleek behin baino gehiagotan eskatu dituztela neurriak bahiketak saihesteko, baina ez dietela jaramonik egin.

Soldaduen eskaria, atzera

Espainiako Gobernuak adierazi izan du Defentsa Nazionalerako legeak galarazi egiten duela soldaduak atunontzietan sartzea-Frantzia hori egiten ari da dagoeneko-. Horren ordez, Zapateroren gobernuak proposatu du segurtasun pribatua erabiltzea. Gainera, Carme Chacon Defentsa ministroak atunontziei eskatu zien elkarrengandik hurbilago ibiltzeko, hartara Espainiako Armadako kideek hobeto zaindu ahal izango dituztelako.

Uda ondorengo bi bahiketa ahaleginen ondoren, EAJk Espainiako Kongresura eraman zuen itsaslapurren auzia. Jeltzaleen helburua zen Espainiako Gobernuari formalki eskatzea soldaduak sartzeko ontzietan. Ordea, proposamena ez zen aurrera atera -PPko zortzi kide ez ziren eserlekuan bozketa unean-.

«Orain zer, ministro andrea?», galdetu dio Defentsa ministroari EAJko parlamentari Josu Erkorekak. «Bahiketa baino hobe izaten da prebentzioa kudeatu, baina gure proposamena atzera bota ondoren, bahiketa kudeatu beste aukerarik ez du Gobernuak». Erkorekaren arabera, Frantziako ontziek ez dute gisa horretako arazorik, ontzian soldaduak eramaten dituztelako. «Hori ez da kasualitatea. Bahiketa ez zen gertatuko eskatutakoa bete izan balute».

PPk ere kontuak eskatu ditu. EAEko PPren presidente Antonio Basagoitik adierazi du «lotsa» sentitzen duela gisa horretako bahiketa gertatu izanagatik. «Espainiako Gobernuak ez du ezer egin, nahiz eta gertatu dena aurreikustekoa zen». Soldaduak ontzietan sartzearen alde egin du: «Gobernuak konturatu behar du soldaduak ez direla lore jokoetarako, espainiarrak defendatzeko baizik». PPk, CIUk eta BNGk Chacon ministroaren agerraldia eskatu dute Kongresuan.

Eusko Alkartasuneko Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak salatu du orain arteko neurri guztiak baliogabeak izan direla. Ezker Batuko koordinatzaile Mikel Aranak eskatu du neurriak hartzeko, «betiere legearen eta zuzenbidearen barruan».

PSOEk, ordea, berean jarraitzen du. Jesus Cuadrado parlamentariak berretsi du ezinezkoa dela soldaduak ontzietan sartzea, eta «zehaztasunik gabe» aritzea leporatu dio Erkorekari. «Chacon ministroak larrua utzi du ingurura ahalik eta baliabide gehien eramateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.