Bake elkarrizketetan Israeli Jerusalem ekialdea eskaini izana ukatu du PANek

Al Jazeera telebistak 1999tik 2010era eginiko negoziazioen inguruko 1.700 dokumentu filtratu ditu

2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Palestinarren eta israeldarren arteko bake negoziazioen inguruko isilpeko 1.700 dokumentu inguru argitaratzeari ekin dio Al Jazeera telebista kate arabiarrak. Horien arabera, negoziatzaile palestinarrek eskaintza garrantzitsuak egin dizkiote Israeli 1999. eta 2010. urteen artean.

Besteak beste, 2008. urteko elkarrizketetan Israelgo hainbat lur eremuren truke 1967. urtetik okupatutako Jerusalem ekialdeko kokalekuak eskaini zizkietela zabaldu dute, bat izan ezik. «Juduen historiako Jerusalem handiena eskaintzen ari gatzaizkizue», esan zuen Saeb Erekat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko negoziatzaileak orduko hartan, Al Jazeeraren arabera. Israelek proposamena onartu izan balu, etorkizunean estatupalestinarraren hiriburu bilakatuko litzatekeen hiriaren zati handi bat galtzea eragingo luke, baina ez zuen baiezkorik eman.

Filtrazioaren arabera, bost urtetan 5.000 errefuxiatu palestinarrek Israelera itzuli ahal izatea ere negoziatu zuten orduko Israelgo lehen ministroak, Ehud Olmertek, eta Mahmud Abbas PANeko presidenteak.

Telebista kate arabiarrak ezagutzera eman dituen isilpeko dokumentuak ez dira egiazkoak, Erekaten arabera. PAN negoziazioen inguruko artxiboak argitara ateratzeko prest dagoela azaldu du, palestinarren jarrera argi gera dadin herritarren aurrean. Izan ere, azaldu du sekula ez dietela uko egin Jasser Arafatek eta Mahmud Abbasek defendatu dituzten ideiei. Dokumentu horiek nazioartean estatu palestinarraren onarpena lortu nahi duten garaian argitaratzea ere ez da kasualitatea, negoziatzailearen hitzetan. PAEren Palestina Askatzeko Erakundearen eta PANen arabera, herritarren aurrean negoziatzaileen taldea lotsagarri utzi nahian dabiltza. Izan ere, halako eskaintzen berri izateakfrustrazioa areagotzen duela salatu dute, liderrak etsaiaren aurrean ahul agertzen direlakoan. Abbasen arabera, filtrazioek «palestinarren eta israeldarren proposamenak nahastea dute helburu». Ezkutatzeko ezer ez dutela gaineratu du PANeko presidenteak.

Hamasen ustez, hain justu, dokumentuek erakusten dute PANek isilpean bat egiten duela Israelgo okupazioarekin.

Olmerten hitzetan ere Al Jazeerak kaleratu duen informazioa «ez da zehatza», baina ez du palestinarrek egindako proposamenaren inguruko daturik argitu.

Erasoa Al Jazeeraren aurka

Dokumentuen edukiak haserrea eragin du palestinarren artean. 50 bat lagunek Ramalako Al Jazeera telebista katearen bulego bati eraso diote. Poliziak, baina, egoera baretzea lortu du, eta inor ez da zauritu liskarretan.

Ameriketako Estatu Batuek dokumentuen benetakotasuna ikertzen ari direla argitu dute. Bi herrialdeen artean bitartekari lana egiten ari dira. Uneotan lehentasuna Israel eta Palestina negoziatzera esertzea da, izan ere, elkarrizketak ez atzera ez aurrera daude. Israelek, hain justu, Palestinako lurretan kokalekuak eraikitzen jarraitzen du, elkarrizketak blokeatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.